Abian da denboraldia Realaren belar hockeyko taldearentzat. Lehen lau partidetan txuri-urdinek emaitza eta sentsazioak desberdinak izan badituzte ere, «lasai» dago Jone Alba kapitaina (Donostia, 2003): «Ez ditugu puntu asko lortu, baina sentsazio onak izan ditugu. Dinamika onean gaude, eta, horrela jarraitzen badugu, puntu gehiago lortuko ditugu, ziur. Liga luzea da oraindik».
Partida bat irabazi dute, eta beste hiru galdu. Horiek dira txuri-urdinek lehen lau partidetan lortu dituzten emaitzak. Albak honela aztertu ditu lau norgehiagokak: «Terrassaren aurkako partida nahitaez irabazi behar genuen, eta lortu genuen; Club de Camporen kontra galdu genuena oso partida zaila zen; Atletic Terrassaren aurka partida ona jokatu genuen, irabazteko modukoa, baina ezin izan genuen; azken partidan, Complutenseren aurka, ondo aritu ginen lehen bi laurdenetan, baina hurrengo bietan hiruna gol jaso genituen». Igandean Egararen zelaian jokatu dute (12:45). Etxekoek jokatutako partida guztiak irabazi dituzte, eta, hamabost puntu lortuta, sailkapenaren buruan daude.
Iragan denboraldiarekin alderatuz, desberdintasun bat nabaritu du taldean Albak: «Gazteak gero eta garrantzitsuagoak izaten ari dira, asko hobetu dute. Hockeyan aritzeko gogoa dute, eta hori taldearen sentsazioetan eta giroan antzematen da. Talde oso alaia gara, eta hori nabaritu egiten da». Talde gaztea izateak, dena den, badu alde txarrik. «Badugu zer hobetu. Taldea gaztea izanda, batzuetan huts egiten dugu». Baina berehala erreparatu dio alde onari: «Talde sendoa gara, eta ez diegu beldurrik ditugun erronkei. Belaunaldi desberdinen arteko nahasketa eta oreka ondo ari da funtzionatzen. Ni, behintzat, gustura nago horrekin».
Denboraldi honetarako dituzten helburuak zeintzuk diren galdetuta, «multzoa sendotzea eta gazteek esperientzia hartzea», erantzun du. Espainiako Koparako ere sailkatu nahi dute. Hori lortzeko izan ditzaketen aurkarien artean honako hauek aipatu ditu: Terrasa, Tenis, Sardinero eta Taburiente… Ez die beldurrik. «Edozein talderen aurka lehiatzeko gai garela uste dut. Hurrengo partidak oso garrantzitsuak izango dira, eta puntuak pilatzen joan behar dugu». Ligako Lauko Finalerako sailkatzea ere «ikaragarria» litzatekeela gaineratu du. Dena den, koska bat gora daude liga irabazteko borrokan ari diren taldeak: «Club de Campo oso indartsu ikusten dut, eta Complutense ere talde sendoa da, nahiz eta agian ez liga irabazteko adina».
«Ausart eta sendo»
Helburuak lortzeko nola jokatuko duten azaldu du: «Jokalari oso trebeak ditugu, eta aurrera begira jokatzen dutenak. Beraz, talde ausarta izaten saiatuko gara, baita sendoa eta gogorra ere. Atea ondo zaindu behar dugu». Ausardia taldearen gaztetasunarekin lotu du: «Nik uste, gainera, jokalari gazteei oraindik ere partida batzuk falta zaizkiela zertarako gai diren guztiz erakusteko. Entrenatzaileak eta esperientzia gehiago daukagun jokalariak saiatzen gara gazteenei konfiantza hori transmititzen, hori lor dezaten. Talentua eta kalitatea sobera dituzte». Dena den, taldeak «aurrerapauso bat» emateko «denek garapen bat» izan behar dutela nabarmendu du.
«Zelaira ateratzen naizen aldiro aitonarekin akordatzen naiz. Hark sentituko lukeen harrotasuna garrantzitsua da niretzat»
JONE ALBA Realeko hockey taldeko jokalaria
Albak 22 urte besterik ez ditu, baina dagoeneko taldeko kapitaina da. Horrek ez dio presiorik eragiten: «Beti izan naiz orain naizen modukoa, kapitain izan zein ez izan. Hau da nire izateko modua». Taldekideekin gertukoa izaten saiatzen da, are gehiago berriekin: «Hasieratik bertatik talde edo familia honen parte sentiarazten saiatzen naiz. Ez ni bakarrik, baita beste taldekide batzuk ere. Denek dugu ardura hori». Denboraldi honi begira duen helburuetako bat da kapitain ona izatea. «Jokalariek une oro nire laguntza dutela sentitzea nahi dut. Entrenatzaileekin hitz egitea ere nire lana izan ohi da; jokalariok pentsatzen duguna haiei jakinaraztea». Jokatzean jokalari «zorrotzagoa» izan nahi du: «Arlo guztietan hobetu nahi dut».
Donostiarrak «txikitatik» ditu gustuko hockeya eta Reala: «Familiarengandik datorkidan sentimendua da». Aitona izan du gogoan. «Zelaira ateratzen naizen aldiro harekin akordatzen naiz. Hark sentituko lukeen harrotasuna garrantzitsua da niretzat».