Realeko atletak txapeldunez mozorrotu ziren inauterietako larunbatean, Valentzian (Herrialde Katalanak), eta lehen aldiz irabazi zuten kluben arteko pista estaliko Espainiako Kopa. Klubaren bigarren titulua da Espainiako Atletismo Federazioak antolatutako txapelketa batean. 1967ko urrian irabazi zuen lehena: Espainiako Liga; 58 urte luze behar izan ditu berriro txapeldun izateko. Kopa irabazita, txuri-urdinek eten egin dute Playas de Castellon eta Bartzelona kluben nagusitasuna: bi horien artean irabazi zituzten aurreko hemeretzi ekitaldiak.
Hamabost atleta aritu ziren Realarekin Luis Puig belodromoan: Oihan Trezet (60 metrokoa), Andoni Calbano (200 metrokoa), Ibai Serrano (400 metrokoa), Harkaitz Irazusta (800 metrokoa), Jorge Torre (1.500 metrokoa), Martin Segurola (3.000 metrokoa), John Cabang (60 metroko hesiduna), Eneko Larrea (gorako jauzia), Ander Martinez de Rituerto (pertika jauzia), Lucas Rodriguez (luzerako jauzia), Eneko Carrascal (jauzi hirukoitza), Fabrizio Scontrini (pisu jaurtiketa), eta Serrano, Adrian Rocandio, Nacho Saez eta Beñat Mikelarena (4x400 metro txandaka).
Erregulartasunak eman zion garaipena Realari, hamahiru probetatik 11tan sailkatu baitzen klubeko atleta bat lehen hiruren artean. Hiru nabarmendu ziren horien artean: Calbano, Cabang eta Segurola; hirurek irabazi zuten. Cabangek, gainera, txapelketako inoizko markarik onena lortu zuen 60 metroko hesidunean (7,70). Horri esker, atleta onenaren saria irabazi zuen.
«Futbolean zera egitea litzateke: Kopako finalerdietan Real Madrili irabaztea, eta, finalean, Bartzelonari»
ITOITZ RODRIGUEZ Realeko atletismo klubeko ordezkaria
«Balentria bat da taldeak egin zuena. Futbolarekin alderatuko bagenu, zera egitea litzateke: Kopako finalerdietan Real Madrili irabaztea, eta, finalean, Bartzelonari; edo alderantziz», azaldu du Itoitz Rodriguezek (Usurbil, Gipuzkoa, 1997), Realaren atletismo klubeko ordezkariak. Izan ere, futbolean bezala, atletismoan ere badaude klub oso indartsuak. «Nik urte pila bat daramatzat atletismoan, eta beti ezagutu ditut Playas de Castellon eta Bartzelona irabazten», nabarmendu du. «Oso-oso klub indartsuak dira biak ala biak, eta sekulakoa da haiei irabazi izana. Inoiz ez genuen halakorik egin», aitortu du Cabangek (Irura, Gipuzkoa, 2001).
Ezusteko garaipena
«Ezustean» irabazi zuten. «Gehienez bigarren izatea espero genuen. Baina atletismoan edozein huts oso garesti ordaintzen da, eta aurkariek huts egin zuten, eta guk ez; guk ia dena ondo egin genuen: hamahiru probetatik 11tan sailkatu ginen lehen hiruren artean. Beraz, ezustea izan arren, merezita irabazi genuen», adierazi du Rodriguezek.
Rodriguezek eta Cabangek kontatu dutenez, horren kontzentratuta zeuden euren jardunean, ez baitziren azkenera arte jabetu irabaz zezaketela. «Hiruzpalau proba falta zirela, Bartzelonako ordezkari bat etorri zitzaigun esanez erne ibiltzeko, agian irabaziko genuela. Hori jakin genuenean hasi ginen urduritzen. Zorionez, azken probetan oso ondo aritu ginen, eta irabazi egin genuen», esan du Realeko ordezkariak. «Txandakakoa amaitu bezain laster hasi ginen ospatzen, eta pozak goia jo zuen kopa eman zigutenean. Oso polita izan zen», aitortu du Cabangek. Hark garaipen handiak lortu izan ditu, baina dioenez, «berezia» izan da Kopakoa. «Guztiok aritu ginen etengabe taldekideak animatzen. Kolektiboa egon zen norbanakoaren gainetik, eta halakoxea izan zen ospakizuna ere: zoriontasun kolektibo bat, eztanda kolektibo bat».
«Esperientzia eta talde izaera sendoa». Bi gako horiek azpimarratu ditu Rodriguezek taldeak egindakoa azaltzeko. «Taldeko kide gehienak urteak daramatzate elkarrekin; horietatik asko gipuzkoarrak dira, eta Donostian entrenatzen dira; hau da, ez dabiltza euren kasa, sakabanatuta, elkarrekin baizik. Horrek talde izaera indartu du. Guztiek garrantzi handia ematen diote talde izaera horri eusteari». «Oso giro ona dugu, eta oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Hori islatu egiten da pistan. Etxekoak gara gehienak, harrobikoak, eta horrek bereziago egin du lortu duguna», nabarmendu du Cabangek.
«Oso giro ona dugu taldean. Etxekoak gara gehienak, harrobikoak, eta horrek bereziago egin du lortu duguna»
JOHN CABANG Realeko atleta
Harrobia aipatuta, Rodriguez «oso harro» dago klubaren atletismo eskolan aritutako hiru atleta izan direlako txapeldun: Serrano, Trezet eta Irazusta. «Guretzat oso garrantzitsua da gure atletismo eskola; gure altxorrik preziatuena da. 500 gazte inguru dabiltza horretan. Futbolean, Zubieta da Realaren harrobia. Atletismoan, berriz, eskola da gure harrobia».
Talde talentuduna eta langilea
Rodriguezen arabera, «talentua eta lana egiteko grina bizia» uztartu dituzte. «Atletismoan, beharrezkoa da talentua izatea, eta guk talentu handia dugu taldean: Cabang Olinpiar Jokoetan aritutakoa da, eta ospe handia du; Calbano, berriz, 200 metroko Espainiako txapelduna da, eta markarik onenetan hirugarrena du; Sarasola, azkenik, talentu hutsa da, eta, azkenaldian, ikusgarri ari da, iraupen eta iraupen erdiko marka guztiak txikitzen. Baina horiekin batera atleta oso langileak ditugu. Talde hau oso langilea da».
Oso langilea, eta oso gaztea. Izan ere, Valentzian aritu zen taldearen batez besteko adina 23 urte da. «Etorkizun handiko taldea da hau, eta, eusten badiogu, goian ibiliko gara. Zaila izango da berriro irabaztea, baina talde hau beti ibiliko da irabazteko borrokan», azaldu du Rodriguezek. Iritzi bera du Cabangek: «Ondo bidean, talde polita dugu urte batzuetarako. Esperientzia handia izan ez arren, gazteak oso ondo ari dira, eta hori seinale ona da etorkizunerako».
Rodriguezek aire libreko sasoia du orain begiz joa. «Onenekin lehiatu nahi dugu. Zaila izango da, proba gehiago baitira, baina saiatuko gara». Cabang, berriz, asteburuan Valentzian jokatuko den pista estaliko Espainiako Txapelketari begira dago. «Ginga jarri nahi diot. Sasoi betean nago, eta taldearekin lortutakoa pizgarri ederra da».