Ez dute hutsik egin. Teneriferen eta Granadaren arteko berdinketaren ostean, Realak eskura zuen Txapeldunen Ligarako sailkatzea, eta txuri-urdinek bete dute helburua Coruñan Deportivoren kontra irabazita (1-2). Oraindik hiru jardunaldi falta dira liga amaitzeko, baina jada hamar puntuko tartea dago Realaren eta sailkapenean atzetik dituen bi taldeen artean, Atletico Madril eta Tenerife.
Ikusi gehiago
Riazorren, gaur, ez zuen ezer jokoan Deportivok, baina ez dizkio gauzak erraz jarri Realari. Are gehiago: txuri-urdinek markagailua irauli behar izan dute irabazteko, eta azken minutuetan gogotik egin behar izan dute lan emaitzari eusteko.
Hasi eta 41 segundotara jaso dute kolpea: Deportivok gola sartu du lehen minutuan. Baloia galdu du Julia Arrula atezainak, eta abagunea bikain baliatu du Latorre Realeko jokalari ohiak. Asko zegoen jokoan, eta Arturo Ruizen jokalariei nabaritu zaie urduritasuna; lehen zatian hobea izan da etxeko taldea. Txuri-urdinek ere izan dituzte gol aukerak, baina ez dira fin ibili.
Bestelakoa izan da bigarren zatia. Realak hasi bezain pronto berdin du lehia, 47. minutuan. Eskuin hegaletik min egin dute Emma Ramirezek eta Nerea Eizagirrek, eta bi horien artean ondutako jokaldi bat sarera bidali du Paula Fernandezek.
Marcosen gol erabakigarria
Deportivo arriskuarekin hurbildu da Arrularen areara, baina Reala zen golaren bila gogo gehienarekin zebilena. Bigarrena 72. minutuan iritsi da: Ramirezek erdiratu du berriro ere eskuin hegaletik, eta Cecilia Marcosek bikain amaitu du jokaldia.
Azken minutuetan sufritzea egokitu zaio Realari; nabarmentzekoa izan da, besteak beste, 91. minutuan Soroa gazteak atepean aldendu duen baloia. Hiru puntuek ez diete ihes egin txuri-urdinei, eta gogotik ospatu dute lorpena.
Ez da gutxiagorako. Datorren denboraldian, Realak bigarrenez jokatuko du Txapeldunen Liga, 2022-2023 sasoian ere izan baitzen Europako txapelketa nagusian. Liga amaitu bitartean, badute beste helburu bat: bigarren postua eskuratzea. Hiru puntura dute Real Madril.