Futbola

Realak 26.000 sarrera inguru izango ditu Sevillako finalerako

Realak jakinarazi ditu sarrerak eskuratu ahal izateko baldintzak. 2002ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik bazkide direnek ziurtatuta dute sarrera. Gainontzeko bazkideen kasuan, eskariaren arabera izango da. Bi kasuetan formulario bat bete beharko dute.

Realaren zaleak, harmailetan, atzoko Kopako finalerdian. JON URBE / FOKU
Realaren zaleak, harmailetan, atzoko Kopako finalerdian. JON URBE / FOKU
Jon Eskudero-Ainara Arratibel Gascon
2026ko martxoaren 5a
10:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realaren zale guztiak apirilaren 18ra begira daude jada, talde txuri-urdinak Sevillan Atletico Madrilen aurka jokatuko duen Espainiako Kopako finalari begira. Zale askok lotuta dauzkate jada garraio eta ostatu kontuak. Orain preziatuena falta zaie: sarrera. Asko hori gabe ere joango dira, finala bertatik bertara bizitzeko. Baina gehienek Cartuja estadioan egon nahi dute. Sevillako estadioak 70.000 zalerentzako tokia du. Baina segurtasun neurriak tarteko zertxobait gutxiago izango dira. Hala, sarrerak honela banatuko dituzte: talde bakoitzari sarreren %40 emango dizkiete, eta Espainiako Federazioak gordeko du gainerako %20a. Horrenbestez, Realak 26.000 sarrera inguru izango ditu. Datozen egunetan bilduko dira bi talde finalistak Espainiako Federaziokoarekin, eta hor argituko da datu zehatza. Sarreren prezioa ere ez dute jakinarazi. Iaz, 72 eta 270 euro arteko prezioa izan zuten. 

Realak zehaztu ditu sarrerak eskuratu ahal ahal izateko baldintzak. Klub txuri-urdinak jakinarazi du jasoko dituen sarreren %85 bazkideentzat izango direla. Sarrera izan nahi duten bazkideek Realak webgunean jarriko duen formularioa bete beharko dute. Formularioa astelehenean jarriko dute, 16:00etan, eta ostiraleko 20:00ak arte egongo da izena emateko aukera. Eskari kopurua Realak dituen sarrera kopurua baino handiagoa bada, zozketa egingo dute. Hori noiz izango den, behin eskari kopuruaren berri izatean jakinaraziko du Realak.

2002ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik bazkide direnek ziurtatua dute sarrera. Horretarako propio jarriko den formularioa bete beharko dute, eta sarrera bat eskuratzeko eskubidea izango dute. 7.304 bazkide daude egoera horretan. Taldeka zein bakarka egin ahal izango dira eskariak formularioetan. Taldeka gehienez lau pertsonak eman ahal izango dute izena formulario berean.

Oraindik ostatua eta garraioa hartu ez dutenek bizi ibili beharko dute. Baina batez ere diru dezente gastatu beharko dute. Batentzako logelen prezioei erreparatuta, merkeenak 400 euro balio du gaueko. Bezperan joatea izango litzateke ohikoena; beraz, bi gau 800 euro ordaindu beharko lirateke. Bi lagunentzako logeletan, berriz, merkeena 500 euroan dago. Garraioari dagokionez, jende gehiena trenez edo autobusez joango da. Hegazkinez joan nahi izanez gero, Hondarribitik ez dago hegaldi zuzenik. Bilbotik, berriz, 700 eurotik gora daude.

Realarentzat, askotariko arrazoiengatik, arantza ateratzeko eguna izango da apirilaren 18a. Izan ere, 38 urteren ondoren, zaleen aurrean final bat jokatzeko aukera izango du txuri-urdinen gizonezkoen taldeak. 2021eko arantza barruan iltzatua zuten jarraitzaileek, pandemiaren eraginez ezin izan baitzuten zuzenean ikusi Mikel Oiartzabal garaikurra altxatzen. Oraingoan, ordea, Sevillaraino helduko da Donostiako olatua. Guztira hiru aldiz irabazi du Kopa Realaren gizonezkoen taldeak bere historian: 1909an, 1987an eta 2021ean. Bada, apirilaren 18an ez da turismoa egitera joango Sevillara Pellegrino Matarazzoren taldea, historiako laugarren tituluaren bila baizik.

(ID_15862285) (Jon Urbe/@FOKU) 2026-03-04, Donostia. Futbola, Kopako finalerdiako partida Reala eta Athletic artean Anoetan
Realeko jokalariak finalerako sailkatu izana ospatzen. JON URBE / FOKU

Gainera, patuak hala nahi izan duelako, litekeena da 1987koa berriz gertatzea. Belaunaldi berriek ez dute jakingo zer gertatu zen urte hartan, baina duela 38 urte Atletico Madrilen aurka irabazi zuen Kopa Realak. Ez hori bakarrik: finalerdietan Athletic menderatu zuten txuri-urdinek. Joanekoa hutsean amaitu zen, Atotxa zaharrean, eta itzulerakoan Joxemari Bakeroren gol batek eman zien finalerako txartela donostiarrei (0-1), San Mamesen. Final handia Zaragozan izan zen, eta penaltietan irabazi zuen titulua Realak (4-2). Luis Miguel Arkonada atezainaren lana gogoangarria izan zen. Bada, Sevillako finalak irudi esanguratsu bat behintzat utziko du. Izan ere, Unai Marrero Realeko atezainak jantziko duen arropak lotura estua izango du Arkonadak erabiltzen zuenarekin.

Itxuraz, Kopa irabazteko faboritoa Atletico Madril izango da. Diego Pablo Simeoneren taldeak dirutza gastatu du aspaldian fitxaketak egiten, eta Bartzelona ahaltsua menderatu du finalerdietan: 4-0 irabazi zion Metropolitanon, baina itzulikoan larri ibili zen, 3-0 galdu baitzuen Nou Campen. Dena den, aurrekariak Realaren aldekoak dira. Historiari erreparatuta, Reala eta Atletico Madril bi aldiz aritu dira nor baino nor gehiago Kopako finalean, eta bietan tituluak Donostiarako bidea hartu du. 1987an lehenbizikoz, gizonezkoetan, eta 2019an bigarrenez, emakumezkoetan (1-2). Bi aldi horietan ere faboritoa Espainiako taldea zen, baina ezustekoa emateko gai izan zen Reala.

Irabazi edo galdu, Realak ziurtatua du jada Espainiako Superkopan parte hartuko duela datorren denboraldian. Hori dela eta, ez du Kopako lehen bi kanporaketak jokatu beharrik izango. Alegia, zuzenean final-zortzirenetan sartuko dira lehian txuri-urdinak. Gainera, Europarako sailkatzeko bi ate zabaldu zaizkio orain Matarazzoren taldeari. Ligaren bitartez lortzen ez badu, Kopa irabazita eskura dezake Europa ligan jokatzeko eskubidea. Dena den, kontu horiek hurrengo sasoira begirakoak dira, eta Realeko zaleek orain apirilaren 18a dute buruan.

Guzti-guztiek egon nahiko dute Sevillan, baina bada bat ziur hantxe izango dena: Matarazzo. Ikusgarria da nola itxuraldatu duen taldea hain denbora gutxian. Abenduan amildegiaren ertzean sentitzen ziren jokalariak, eta, bi hilabete pasaren buruan, zeruan daude. Realak ondo merezita gainditu du Athletic finalerdietan, eta apartekoa izan da erakutsi duen sendotasuna. Ez du gol bakar bat ere jaso 180 minututan. Aldaketa izugarririk egin gabe, entrenatzaileak asmatu du taldeari arima aldatzen. Taktika aldetik, beste zertzelada eta erreminta batzuk eskaini dizkio taldeari, baina, batez ere, arlo mentala landu du. Harmonia ona ikusten da taldearen inguruan, eta zaleak eskutik doaz. Anoetan bart bizi izan zuen gaua magikoa izan zen.

Matarazzoren izena aho batez oihukatu zuten zaleek partida amaieran, eta entrenatzaileak hunkituta hitz egin zuen prentsaren aurrean. «Zoriontsu nago. Zaleek estadiora bidean egin diguten harrera historikoa izan da; inoiz ez nuen halakorik bizi izan. Klubera konektatuta gauden guztiok oso pozik gaude, eta momentuaz gozatzen asmatu behar dugu. Oso berezia izaten ari da gertatzen ari zaigun guztia, baina onena falta da: Sevillako eguna. Ez dut imajinatu ere egin nahi nolakoa izango den. Badakit 2021ean publikorik gabe irabazi zuela titulua Realak, eta zoragarria izango da gure jendearen aurrean finala jokatzea. Irabazteko asmoz joango gara».

Matarazzok ez ezik, hainbat jokalarik ere hitz egin zuten bart, eta Jon Martin gaztea izan zen horietako bat. Duela bost urteko finalean ez zuen parte hartu atzelariak, eta lehen finala izango du. «Emozionatuta nago. Athleticen kontra kontzentratuta jokatu dugu, baina orain aske sentitzen gara. Gure publikoaren harrera historikoa izan da, eta bidea ez da hemen amaitzen. Gehiago nahi dugu». Antzera hitz egin zuen Sergio Gomezek ere. «Asteburu honetan Atletico Madrilen aurka jokatuko dugu ligan, eta partida horrek balioko digu aurkariari neurria hartzeko. Hilabete eta erdi izango dugu finala prestatzeko, eta sinesten dugu Kopa etxera ekar dezakegula».

Mikel Oiartzabal kapitaina ere hunkituta zegoen. Hark penaltiz sartutako golari esker erabaki zuen Realak atzo kanporaketa. Partida amaieran hitz egin zuen. «Zertxobait nekatuta nago, baina oso zoriontsu jendearengatik. Azken bi urteetan gertu izango dugu finala, eta garai zailak pasatu ditugu. Baina gaur ondo atera da dena. Irrikaz gaude zaleek gurekin finala bizitzeko, haiek hori bizi ahal izateko. Gozatzeko eskatu nahi diet».

(ID_15862122) ESPAÑA FÚTBOL COPA REY
Mikel Oiartzabal penaltiz sartutako gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Pandemiak lapurtu zion argazkiaren bila joango da Reala Sevillara. Futbolak zor zien halako egun bat bizitzeko aukera txuri-urdinei, eta apirilaren 18a historian markatuta geratuko da. Egun hori iritsi bitarte ligako bost partida jokatu beharko ditu Realak, baina buruan Kopako finala izango dute etengabe jokalariek. Titulu bat irabazteko aukera ez ezik, Aitor Zabaleta zenari omenaldirik onena egiteko parada ere izango dute.

Athletic, arimarik gabe

Txanponaren beste aldean, Athleticek ligari begira jarraitu beste erremediorik ez du izango. Lehiaketa askoko denboraldia zuen: liga, Kopa, Superkopa eta Txapeldunen Liga. Bada, martxoa hasieran liga dute helduleku bakarra zuri-gorriek. Lan duina egin dute Kopan, finalerdietaraino iritsita, baina emaitzak jokoa baino hobeak izan dira. Arimarik gabeko taldea bihurtu da Ernesto Valverdek zuzentzen duena. Jarraitzaile bilbotarrek itxaropen apur bat bazuten kanporaketari buelta emateko, baina horretatik oso urrun geratu ziren jokalariak. Partida guztian soilik bi jaurtiketa egin zituzten Marreroren atera, eta horrela zaila da finalerako bidea egitea. Fisikoki lur jota dago Athletic gaur-gaurkoz, eta oso zaila dirudi horri buelta eman ahal izatea. Jokalari garrantzitsuak berreskuratu ditu Valverdek, baina futbola da falta zaiona. Badirudi Valverderen aroa bukaerara iristen ari dela.

(ID_15862259) (Jon Urbe/@FOKU) 2026-03-04, Donostia. Futbola, Kopako finalerdiako partida Reala eta Athletic artean Anoetan
Athleticeko jokalaria, burumakur, Kopako finaletik at gertu ostean. JON URBE / FOKU

Dena den, oraindik badu aukera Europarako sailkatzeko. Sailkapenean 35 puntu ditu, Realak adina, eta, ligako partidak soilik izanda, taldearen jokoak behetik gora egitea da itxaropen bakarra. Valverdek garbi du denboraldia ez dagoela amaituta. «Autokritika egin behar dugu, eta garbi dago ez gaudela gure boladarik onenean. Realaren aurka erasoan zerbait gehiago sortzea falta izan zaigu. Orain ligaren bitartez Europan sartzea da gure helburua, eta buru-belarri saiatuko gara horretan».   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.