Reala-Athletic lehiak %11,5eko ikusle kuota izan zuen ETB1en, eta %38,2koa La1n

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 89.000 lagunek ikusi zuten partida euskaraz; beste 297.000 herritarrek, berriz, gaztelaniaz ikusi zuten.

Reala-Athletic Kopako finalerdietako itzulerako partida, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
Reala-Athletic Kopako finalerdietako itzulerako partida, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2026ko martxoaren 5a
09:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Kopako finalerdietako itzulerako partida jokatu zuten atzo gauean Donostian Realak eta Athleticek. 38.700 futbolzale baino gehiago izan ziren Anoetan. Telebistaz ere herritar ugarik ikusi zuten, euskaraz zein gaztelaniaz.

ETB1en euskarazko emankizunak %11,5eko ikusle kuota lortu zuen —89.000 ikus-entzule— Euskal Autonomia Erkidegoan; aintzat hartu behar da ETB1ek batez beste otsailean %2,1eko kuota izan zuela. Halakotan gertatu ohi den moduan, herritar gehiagok ikusi zuten gaztelaniazko emanaldia La1 katean: %38,2ko ikusle kuota bereganatu zuen —297.000 ikus-entzule—.

Antzekoak izan ziren datuak Bilboko San Mames estadioan jokatu zuten finalerdietako joaneko partidan: La1 kateko emanaldiak %32,9ko kuota izan zuen, eta ETB1ekoak, %13,5ekoa.

Espainiako Kopako finala Realak eta Atletico Madrilek jokatuko dute, Sevillan (Espainia), apirilaren 18an. Final hori ere ETB1en euskaraz zein TVEn gaztelaniaz ikusi ahalko da. 1987ko finalean Reala eta Athletico Madril izan ziren aurrez aurre, eta txuri-urdinak izan ziren garaile penaltietan. Partida hori TVEko Teledeporte kateak emango du gaur, 21:00etan —irekian ikus daiteke Hego Euskal Herrian—.

Marka, Athleticen 2024ko finalean

Orain arteko ikusle datuak aintzat hartuta, Athleticek eta Mallorcak 2024ko apirilean jokatu zuten Espainiako Kopako finaleko penaltiek izan dute daturik handiena: %83ko ikusle kuota. EAEn, penaltien emanaldi hark %69,1eko ikusle kuota izan zuen La1 katean, eta %13,9koa ETB1en. 190.000 herritarrek jarri zuten uneren batean euskarazko emankizuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.