Hasieran kontrakoa adierazi bazuen ere, Realak asteazkenean jakinarazi zuen Espainiako Kopako finalerako sarrera egokitzen zaien bazkideek aukera izango dutela beste bati emateko. Horrek harrabotsa eta haserrea piztu ditu, eta horri buruzko argibideak eman ditu gaur Jokin Aperribai presidenteak. «Gure nahia zera zen: sarrera bazkideak berak erabiltzea. Hala, zozketa egin ondoren datuak sarreran jasoko lirateke zuzenean. Baina [Espainiako Futbol] Federazioak esan zigun ezinezkoa zela, plataformak bere funtzionatzeko era duela, eta bazkideak bete behar dituela datuak. Eta ez dagoela hori aldatzeko denborarik edota modurik. Horregatik izango dute aukera beste bati emateko». Hori esan zietenean jakinarazi egin zutela berretsi du. Aperribai argi mintzatu da: «Ez dugu uste gure bazkideek zozketan izena eman dutenik tranpa edo iruzur egiteko. Errespetu falta bat da gure bazkideen inguruan hori esatea». Gainera, bazkideei eskaria egin die: «Sarrera egokituz gero, joan daitezela haiek».
Aperribaik azaldu du finalera iritsi bezain laster hasi zirela sarrera eskuratu ahal izateko irizpideen inguruan pentsatzen. Hasieran, klubarekin lotura duten  52.444 lagunek zuten sarrera eskuratzeko aukera. «Baina azkenean bazkideak lehenestea erabaki genuen: 32.654 dira guztira. Ondoren, egokia iruditu zitzaigun antzinatasuna ere aintzat hartzea. Horri aintzatetsi nahi genuen, eta 25 urte baino gehiagoko antzinatasuna zutenek sarrera ziurtatuta edukitzea adostu genuen. 7.304 bazkide daude egoera horretan».Â
Zozketa, asteazkenean
Realak 25.680 sarrera ditu finalerako, eta horietatik %85 izango dira bazkideentzat: 21.838. Astelehenean zabaldu zen sarrerak eskuratu ahal izateko formularioa betetzeko epea, eta gaur amaitu da, 20:00etan. Behin-behineko datua eman dute: 28.922 eskabide aurkeztu dira: 6.792 dira bazkide gisa 25 urtetik gorako antzinatasuna eduki eta sarrera eskatu dutenak —horiek bermatuta dute sarrera erosteko aukera—, eta 22.130 dira 25 urteko antzinatasun hori bete ez eta sarrera eskatu duten bazkideak. Beraz, izena eman dutenak 21.838 baino gehiago direnez, zozketa egingo da sarrerak banatzeko. Asteazkenean egingo dute, 13:00etan, Anoetan, eta notario baten aurrean —zehaztu dute asteartean egitekoak zirela, baina greba orokorrerako deialdia dagoenez, egokiagoa iruditu zaiela asteazkenera atzeratzea—. Gainera, Realaren sare sozialetan ikusi ahalko da. Zozketa aplikazio baten bidez egingo dute. Aplikazioak zenbaki bat aukeratuko du, eta hortik aurrerako zenbakia dutenek izango dute sarrera, haiek agortu arte.Â
Erosketa eta eserlekuaren aukeraketa, apirilean
Sarrera egokitu zaien bazkideei egunean bertan jakinaraziko zaie, eta ondoren kode bat jasoko dute. Kode horren bidez Espainiako Federazioaren plataformara sartu, eserlekua aukeratu, eta erosketa egin ahal izango dute. «Plataforma hori da sarrerak erosteko modu bakarra». Aukeraketa eta erosketa apiril hasieran egingo dira, eta sarrera egokitzen zaienek datozen asteetan jasoko dute horri buruzko informazioa; besteak beste, nola pilatu zaleak taldeka. Ordainketa egitean sarrera erabiliko duen pertsonaren izen-deiturak eta nortasun agiriaren zenbakia jarri beharko dira. Ondoren ezingo da aldaketarik egin. Sarrera digitala izango da, eta partida hasi baino lau bat ordu lehenago aktibatuko da.
Prezioak: 89 euroko 451 soilik
Realak dituen sarreren prezioen berri ere eman du Aperribaik: «Sarrera gehienak 115 eta 176 euro artekoak izango dira». Hauek dira kopuruak: 451 sarrera 89 eurokoak izango dira; 3.980 sarrera, 115 eurokoak; 7.100 sarrera, 133 eta 144 euro artekoak; eta 5.937 sarrera, 167 eta 179 euro artekoak. Horrez gain, tribunan 376 egongo dira, 179 eta 215 euro artekoak; 3.715 sarrera 236 eta 248 euro artekoak izango dira, eta beste 794 sarrera, 269 eta 282 euro artekoak. Tribuna nagusian prezioak 196 eta 282 euro artean egongo dira.Â
Eta zer gertatuko da salneurriagatik bazkide batek ezin badu sarrera erosi? «Beste bazkide batek izango du horretarako txanda. Egunero jarriko ditugu prezio guztietako sarrerak». Aperribaik, gainera, jakinarazi du klubak sarrera kopuru zehatza hori izango dela, eta ez dutela espero gehiago edukitzea.