Handiegia izan zen zigorra Realarentzat. Erasoan fin ez arituagatik ere, neurketa ona egiten ari zen talde gipuzkoarra; baina 83. minutuan Martinez Munuera epaileak penaltia adierazi zuen, Ochiengek eskuarekin jo zuelako baloia area barruan. Grimaldok sartu zuen penaltia, eta ondoren iritsi ziren Jonathan Daviden eta Giuliano Simeoneren golak. Merezi gabe, 0-3 irabazi zuen Atletico Madrilek Anoetan.
Diego Pablo Simeone Cholo-ren taldeak izan zuen baloia lehen minutuetan, eta Kang-In Leek kanpora bota zuen area kanpotik egindako jaurtiketa bat. Minutuak pasatu ahala, pixkanaka Gipuzkoako taldea baloia bereganatuz joan zen. Erasoan, ordea, ez zuten ia aukerarik sortu. Atletico Madrilek beste aukera bat izan zuen falta batean, baina Hjulmandek buruz egindako errematea kanpora joan zen. Realaren aukerarik garbiena Sucicek izan zuen korner batean: Beitiak buruz jo ostean, baloia erdilari kroaziarrari iritsi zitzaion area txikian, baina haren jaurtiketa kanpora joan zen, gutxigatik bazen ere.Â
Bigarren zatian, antzeko joera izan zen. Pellegrino Matarazzoren taldeak izan zuen baloia, baina erasoko jokalariei zaila egin zitzaien gol aukerak sortzea. Hala ere, eroso zegoen Reala, espainiarrak atzean baitzeuden eta ez baitzuten ia arriskurik sortu.
Partida aldatu zuen penaltia
Baina 83. minutuan neurketa erabat aldatu zen. Falta batean, Ochieng zelairatu berriak izterrarekin jo zuen baloia, eta erreboteak eskuan eman zion. Penaltia. Grimaldok maisuki sareratu zuen baloia, Remiro engainatuz.
Kolpe izugarria izan zen txuri-urdinentzat, eta Atletico Madrilek tartea handitu zuen bi kontraerasotan: 90. minutuan, Grimaldok gidatutako jokaldia Jonathan Davidek bukatu zuen ezkerrez area kanpotik; eta 95.ean, Giuliano Simeone Realeko atzelariak baino azkarrago ibili zen, eta gola sartuta borobildu zuen. Arnasa pixka bat hartu zuen Simeoneren taldeak, azken bi neurketak galdu egin baitzituen etxetik kanpo: bata San Mamesen, eta bestea Liverpoolen aurka Txapeldunen Ligan.
Aste honetan bi partida izango ditu Matarazzoren taldeak, beste behin: ostegunean ekingo dio Europa Ligari Ingalaterrako Bournemouthen aurka Anoetan, eta Valentzia izango du arerio igandean, Mestallan. Ondoren, hiru asteko etena izango dute selekzioen partidak direla eta.