Realzaleen memorian iltzatuta daude zenbait momentu: 1981eko eta 1982ko Espainiako ligak, 2010eko Lehen Mailarako igoera, eta 1987ko, 2020ko eta, bereziki, iazko Espainiako Kopak. Beste neurri batean bada ere, memoria kolektibo horren parte dira 2013an Txapeldunen Ligako atarikoan Olympique Lyonen aurka Griezmannek eta Seferovicek etxetik kanpo sartutako bi gol ikusgarriak —lehenengoak atzerako artazia eginez sartu zuen gola, eta bigarrenak atetik urrun egindako jaurtiketa indartsu baten bitartez— .
Realzaleak oroitzapen onekin bertaratu dira gaur Anoetara; Lyongoak, aldiz, zertxobait zalantzati. Izan ere, neurketarako egun gutxi falta zirela utzi zuen Paulo Fonseca entrenatzaileak kargua, eta Jorge Macielek Realaren aurkakoa zuen aulkitik zuzendu beharreko lehen partida. Horri taldeak zituen hamaika baja gehitu behar zaizkio, bereziki Nuamahena —golegile nagusia—, Mortonena, Niakhaterena eta Opendarena.
Lyongo jokalariak ere zertxobait zalantzati egon zitezkeen; Realekoak, ordea, ez. Matarazzok neurketaren aurreko prentsaurrekoan argi utzi zuen: jokalari guztiei defentsan sendo aritzea exijitu zien. Eskatu eta bete. Taldeak izugarrizko lana egin du defentsan, eta bereziki atzeko jokalariak nabarmendu dira. Sarrek baloi asko lapurtu ditu, Aramburuk ere bai, eta Zubeldiak jaurtiketa batzuk itxi ditu. Horrez gain, atzeko marra asko eta ondo aurreratuta, Lyonen zenbait jokaldi baliogabetzea lortu dute, aurkariak jokoz kanpo utzita.
Partidaren hasiera nahiko aldrebesa izan da. Lyongo zaleek estadioaren kanpoaldean egindakoari jarraipena eman diote barruan. Izan ere, lehenengo minutuan ke potoak zabaldu dituzte, eta zelaian barna zabaldu da kea. Jarraian, Greif, Lyongo atezaina, lurrean eseri da, eta jokoa gelditu du epaileak. Ekintza horrek asko haserrearazi du Matarazzo. Halere, talde txuri-urdinak serio jokatzen jarraitu du, eta neurketaren hasieran bi taldeek kontraeraso batzuk egin dituzte, baina arrakastarik gabeak denak.
Partidako lehenengo aukera garbian sartu du gola Realak, 28. minutuan. Gorrotxategik Barrenetxeari zabaldu dio baloia, eta hark, patxadaz, bikain erdiratu du areara. Han zain zegoen, bi aurkariren tartean bakar-bakarrik Oskarsson, eta buruz bikain errematatu du, eta lehen gola sartu. Realak inertzia onari heldu nahi izan dio, eta handik hiru minutura gertu izan du bigarren gola. Sarrek zelai erdian lapurtu du baloia, Oiarzabali pasatu dio, eta hark indartsu errematatu du aterantz, baina gehiegi gurutzatu du, eta kanpora ihes egin du.
Golaren ostean, Reala jokoan nagusitzen hasi da, eta Lyon, berriz, aurrealdean zituen bajak sufritzen. Halere, lehenengo zatiaren luzapenean, kanpoko taldea zertxobait berpiztu da, eta neurketako lehen jaurtiketa egin dute Marreroren atera: Nakamuraren erdiraketa bikain bat indarrik gabe errematatu du Tolissok. Horren jarraian, Boudachek beste jaurtiketa indartsu bat egin du; baina Zubeldiak ondo itxi dio aterako bidea. Bi taldeak oso kontzentratuta aritu dira lehen zatian, horren erakusle da aurkariaren atera soilik jaurtiketa bana egin izana.
Ezustekoak
Hamaikakoetan aldaketa bakarra egon da atsedenaldian, ustekabekoa: Jon Martin zelairatu da Sarren partez. Halere, 54. minutuan ezusteko handiagoa iritsi da. Tessmannek lasaitasun osoz baloia areara erdiratu du, eta area barruan zeuden Jon Martin eta Sergio Gomez, eta bien tartean, Tolisso. Jon Martinek saltoa ez du ondo neurtu, Sergio Gomez ez da Tolisso defendatzera heldu, eta Lyongoak, sekulako kontrola eginda, baloia sareratu du.
Reala markagailuan berriro aurreratzen saiatu da pare bat kontraerasoren bitartez, baina Kluivert oso sendo eta fin aritu da baloiak ixten eta lapurtzen. Erritmoa pixka bat biziagotu bada ere, bi taldeen jokamoldea berbera izan da: etengabeko kontraerasoan aritu dira. Partida amaitzerako, Realak hamaika aukera izanak zituen, eta Lyonek, bat gehiago.
Neurketa oso parekatua zegoen, bi taldeak garaipenaren gola sartzeko ahaleginetan ibili dira. Eta 90. minutuan, Abnerrek eskuinetik areara bikain erdiratutako faltari are bikainago erantzun dio Tolissok; baina Marrero ezin arinago aritu da, eta neurketa ez galtzeko geldiketa egin du.
Europan aurrera egin nahian
Gaurko emaitzaren ostean, Realak zaila du zortzi talde onenen artean sailkatzea —haiek sailkatzen dira zuzenean final-zortzirenetara—. Izan ere, gaur ez irabazteaz gain, zenbait aurkari zuzenek garaipena lortu dute, eta Reala 18. postura jaitsi da. Helburu bera mantentzekotan geratzen zaizkien partida guztiak irabaz beharko lituzke talde txuri-urdinak. Halere, lehen 24 taldeen artean sailkatuz gero aukera izango luke txapelketan aurrera egiteko, final-zortzirenetara sailkatzeko kanporaketa jokatuko bailuke. Sailkapenean postu bat beherago du Crystal Palace taldea, hain zuzen ere, ligaxkako hurrengo norgehiagokan aurkaria izango duena. Azaroaren 29an jokatuko dute neurketa hori, Ingalaterran.
Reala-Olympique Lyon
Reala: Marrero; Aramburu, Zubeldia, Sarr (Jon Martin, 46. min), Sergio Gomez; Yangel Herrera, Gorrotxategi, Oiarzabal; Barrenetxea (Pablo Marin, 79. min), Oskarsson (Sucic, 79. min) eta Guedes (Ochieng, 66. min).
Olympique Lyon: Greif; Athekame, Bacher, Kluivert, Abner; Tessman, Bidstrup (Nartey, 75. min), Tolisso; Nakamura (Duranville, 67. min), Boudache (Alejandro Rodriguez, 89. min) eta Merah (Tagliafico, 89. min).
Golak: 1-0: Oskarssonek (28. min.); 1-1 Tolissok (54. min).