Inoiz ez omen da berandu, eta Realaren eta Fenerbahceren Europa kopako neurketak horixe erakutsi du gaur. Final-zortzirenen joanekoa jokatu dute Zubietan, eta lehenengo zatian baloia eduki du talde txuri-urdinak, baina arrisku handirik sortu ez. Bigarren zatian, ordea, Donostiako taldea suspertu egin da, eta Ainhoa Marinen eta Nerea Eizagirreren kalitatea tarteko, bost minututan bi gol sartu: Marenek bat —58. minutuan—, eta Marinek berak bestea —63. minutuan—.
Lehenengo ordu laurdenean baloiaren jabetza nahiko parekatua izan da, agian Realaren aldekoa gehiago, baina Fenerbahcek atzeko marra goian jarria du. Hamargarren minutuan heldu da lehen jaurtiketa. Estherrek egin du, baina atetik urrun amaitu du baloiak. Handik hiru minutura, Fenerbahceko Kajanek baloia lapurtu du zelai erdian, Alvesi pase bikaina eman, eta, Julia Arrularekin aurrez aurre geratzera zihoala, Staskova taldekideak lapurtu dio baloia. Txekiarrak gola sartu du, baina epaileak jokoz kanpo zegoela adierazi.
Partidako lehen jokaldi garbia Staskova aurrelariak izan du, 23. minutuan. Abideenek pasea eman dio areara, eta, Moraza Staskova jokoz kanpo uzten saiatu bada ere, aurrelariak baloia hartu du, eta bakar-bakarrik geratu da Arrularen aurrean. Halere, atezainak bikain itxi dio jaurtiketa.
Reala jokaldi landuagoak egiten saiatu da, baina erdilariek ez dute lortu aurrelariekin bat egitea, eta, ondorioz, ez dute arrisku handirik sortu. Lehen zatiko azken aukera garbia Caminok izan du. Arola Apariciok aurre hartu dio eskuinaldean Fatma atzelariari, zelaiaren amaierara heldu denean pasea eman du atzera, eta ezkerraldetik, atze-atzetik iritsita, Caminok egin du jaurtiketa, baina baloia gehiegi gurutzatu.
Atsedenaldia eta aldaketak
Atsedenaldia oso ondo etorri zaio Realari. Aldageletan bi entrenatzaileek emandako aginduak argi ikusi dira bigarren zatiaren hasieran. Realak presioa igo du, eta aurkaria itotzen hasi. Fenerbahceren estrategia bestelakoa izan da, bigarren zatiaren hasieran, behintzat: denbora galtzea. Marinek lehenengo zatian jada erakutsi ditu bere mailaren zertzeladak, baina bigarren zatian jo du goia. 53. minutuan Busem atzelariari gailendu eta arearen barruraino iritsi da, baina baloia gehiegi gurutzatu du. Hurrengo jokaldian ikusi da Fenerbahceren estrategia. Arolak Fatmari aurre hartu dio, eta azken horrek zelaiaren kanpoan amaitu du, min hartuta. Bada, Bowen atzelaria gerturatu zaio eta min hartutako taldekidea zelaira sartu du, denbora galtzeko asmoarekin. Ondorioz, epaileak txartel horia atera dio.Â
Realak aurkaria estutzen jarraitu du, eta fruituak eman ditu horrek. 58. minutuan, Eizagirrek kornerra atera du, eta Marenek, lehen zutoinetik buruz errematatu, eta baloia sareratu du. Jokalariek eta zaleek asko ospatu dute gola, Marenek urtebetetik gora baitzeraman titular izan gabe —lesio larri baten ondorioz—.
Realak lehen aldaketak egin ditu. Gorka Alvarezek Cecilia, Nahia Aparicio eta Ainoa sartu ditu 63. minutuan. Ceciliak Ainhoa Marinen lekua hartu du ezkerraldean, eta Marin eskuinera mugitu da. Talde txuri-urdinak bide beretik jarraitu du, eta aldaketek bat-bateko eragina izan dute. Claudia Florentinok pase luzea bidali dio Intzari, hark Ceciliari eman dio baloia, eta azken horrek Ainhoa Marini utzi; hark indartsu errematatu du, eta bigaren gola sartu.
Fenerbahcek neurketa berdintzeko ahaleginak egin ditu, baina Nahia Aparicio eta Florentino sendo aritu dira atzean, eta marra dezente aurreratuz, Turkiako taldearen aukera garbienak ezerezean utzi dituzte, aurkariak jokoz kanpoan uzteraino.Â
Marinez gain, Nerea Eizagirre ere nabarmendu da. Soilik tolosarrak eman ditzakeen pase zoragarri horietako asko ikusi dituzte zaleek. Horietako bat 70. minutuan izan da. Ceciliari luze bidali dio baloi bat, eta bakar-bakarrik geratu da atezainaren aurrean; hura gainetik gainditzen ahalegindu da, baina atearen albo batetik ihes egin du baloiak. Eizagirreren beste pase bikain bat handik hamar minutura heldu da: berriro ere Ceciliari eman dio. Atezainaren aurrean bakar-bakarrik geratzera zihoala, Alvesek atzetik heldu eta falta egin dio. Azken jokalaria zenez, epaileak txartel gorria erakutsi dio, eta Turkiako taldea hamar jokalarirekin aritu da azken hamar minutuetan. Beste aldaketa batzuk ere egin ditu Realak, eta taldeak erasokor jokatzen jarraitu du. Partidaren amaiera aldean gertuago egon da Realaren hirugarren gola, turkiarren lehenengoa baino.
Europa kopako final-zortzirenaren aurreko prentsaurrekoan Gorka Alvarez entrenatzaileak joaneko partida irabaztearen garrantzia azpimarratu zuen. Iritzi berekoa izan zen Julia Arrula atezaina BERRIAri pasa den astean eskainitako elkarrizketan ere. Bertan adierazi zuen garrantzitsua zela etxean emaitza ona lortzea, «Turkian zaleek asko estutzen baitute». Bada, esandakoa bete du talde txuri-urdinak. Orain azaroaren 11n Istanbulen (Turkia) jokatuko duten itzulikoan gaurko emaitza ez alperrik galtzea falta da. Izan ere, hor erabakiko da nor igaroko den final-laurdenekoetara. Partida horiek otsailean jokatuko dira PSV eta Frankfurten arteko kanporaketaren garailearen aurka —Frankfurt 0-2 gailendu zaio joaneko partidan—.
Reala-Fenerbahce
Reala. Arrula; Camino, Florentino, Moraza (Nahia Aparicio, 63. min), Esther; Cahynova, Maren (Ainoa, 63. min), Intza (Keefe, 82. min), Nerea Eizagirre; Arola Aparicio (Cecilia, 63. min) eta Marin (Seelenfreund, 88. min).
Fenerbahce. Munteanu; Fatma (Colette, 59. min), Bowen, Plummer, Busem; Otu, Ece, Kajan; Abideen (Gurel, 76. min), Alves eta Staskova (Uraz, 76. min).
Golak. 1-0: Marenek (58. min); 2-0: Marinek (63. min).