Futbola

Realak Chelsearen aurka jokatuko du Txapeldunen Ligako atarikoa

Lehen norgehiagoka Londresen jokatuko dute, abuztuaren 26an, eta bigarrena, Zubietan, irailaren 2an.

Chelseako jokalariak, aurreko denboraldiko partida batean. ANDY RAIN / EFE
Chelseako jokalariak, aurreko denboraldiko partida batean. ANDY RAIN / EFE
2026ko abuztuaren 11
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txapeldunen Ligan aritzeko, Chelseari irabazi beharko dio Realak atariko kanporaketan; beraz, ez du lan erraza izango. Gaur egin dute zozketa, 12:00etan, UEFAk Nyonen duen egoitzan (Suitza). Bertan, bi multzotan zeuden taldeak, orain arte lortutako puntuen arabera banatuta. Reala bigarren multzoan zen, eta zozketan zeuden talderik indartsuenak zituen aurkari posible: Chelsea, Wolfsburgo, Paris Saint-Germain eta Juventus. Ez du zortea alde eduki, eta talde indartsuena egokitu zaio: Chelsea.

Oso talde indartsua da, Txapeldunen Ligako txapeldunorde izandakoa da, eta azken denboraldian final-laurdenetara iritsi da. Sonia Bompastor entrenatzaile frantziarrak zuzentzen du taldea. Hirugarren denboraldia du zeregin horretan. Chelseak titulu asko irabazi ditu Ingalaterran: zortzi liga eta sei Kopa. Maila handiko jokalariak ditu; esaterako: Lauren James, Mayra Ramirez, Keira Walsh eta Lucy Bronze. Gainera, Stamford Bridge estadio ospetsuan jokatzen du. Kanporaketako joaneko partida abuztuaren 26an izango da, Stamford Bridge zelaian, eta itzulikoa, berriz, irailaren 2an, Zubietan. Bihar jakinaraziko dute zein ordutan jokatuko dituzten kanporaketako bi norgehiagokak.

«Entrenatzen ari ginela egin dute zozketa. Oso pozik gaude aurkari on baten aurka jokatzeagatik. Londresera joan aurretik lanerako geratzen zaizkigun bi asteetan pentsatzen ari gara jada. Oso pozik gaude, itzulikoa etxean jokatuko baitugu», esan du Arturo Ruiz Realeko entrenatzaileak, aurkaria nor zen jakin ostean. Ruiz «oso pozik» dago jokalariak denboraldiaurrean egiten ari diren lanarekin. «Oso lasai nago, oso pozik bainago ikusita taldea eta jokalariak nola ari diren entrenatu garen hilabete honetan».

Jokalariak ere «pozik» daude zozketak emandakoarekin. Nahia Aparicio: «Pozik gaude, bagenekielako talde zailak zeudela zozketan. Ilusio handia pizten digu horrelako partidak jokatzeak. Oso gogor ari gara lanean denboraldiaurrean, talde desberdinen aurka jokatzen. Taldea gogotsu eta prest ikusten dut». Denboraldiaurrean jokatutako partidek «asko» lagunduko dietelakoan dago: «Torreense eta Olympique Lyon bezalako taldeen aurka jokatzeak geroz eta prestatuago iristeko aukera ematen digu».

Reala Espainiako Ligan hirugarren sailkatu zen aurreko denboraldian, eta horrek kanporaketa hau jokatzeko aukera eman dio, azkenekoz hori egin eta lau urte geroago. Horrez gain, Espainiako Superkoparako sailkatzea lortu zuen. Ondorioz, denboraldi honetan lau txapelketatan arituko dira txuri-urdinak: Espainiako Ligan, Kopan eta Superkopan; eta Txapeldunen Ligan, oraingoz behintzat. Horren inguruan ere mintzatu da Ruiz: «Badakigu aurreko denboraldiarekin alderatuta egoera guztiz desberdina dela. Nabaritu egiten da taldearen oinarri handi batek urtebete elkarrekin eramatearen sendotasuna eta abantaila, eta iritsi berri diren jokalari guztien ekarpena ere jasotzen hasi gara».

Beste kanporaketak ere erabakita geratu dira: Eintracht Frankfurt-PSG, Polten-Juventus, Wolfsburgo-Inter Milan eta Ajax-Real Madril. Realari, ustez, talderik indartsuena tokatu zaio.

Galduta ere, Europan

Realak Txapeldunen Ligako ligaxkarako sailkatzeko kanporaketak jokatu zituen lehen aldian, galdu egin zuen Bayern Munichen aurka, eta zuzenean Europatik kanpo geratu zen. Oraingoan, kanporaketa gainditzea lortzen ez badu, Europan jokatzen jarraituko du: Europa kopan. Aurreko denboraldian sortu zen txapelketa hori, eta Haecken Suediako taldeak irabazi zuen. Txapelketa horrek ez du ligaxkarik, eta partida guztiak kanporaketa bidez jokatuko dira, final-hamaseirenetan hasita.

Txapeldunen Ligako ligaxkarako sailkatuz gero, sei jardunaldi jokatu beharko dituzte txuri-urdinek. Partidak egun hauetan izango dira: irailaren 22an edo 23an, irailaren 30ean edo urriaren 1ean, urriaren 28an edo 29an, azaroaren 10ean edo 11n, azaroaren 18an edo 19an eta abenduaren 16an. 

Txapeldunen Ligarako jada sei talde daude sailkatuta: Bartzelona, Haecken, Manchester City, Arsenal, Bayern Munich, Roma, Benfica eta Olympique Lyon. Azken horren aurka bana berdindu zuen Realak joan den asteburuan jokatutako lagunartekoan. Frantziako talde hori da egungo txapeldunordea, eta txuri-urdinak nor baino nor gehiago aritu ziren haren aurka. Nahiz eta denboraldiaurreko prestaketa partida bat izan, talde horren indartsu baten kontra lehiakor aritu izanak pizgarri izan behar du Realarentzat Chelseari aurre egiteko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA