Realak onenen artean egon nahi du

Talde txuri-urdinak Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako joaneko partida jokatuko du gaur, Chelsearen aurka, Londresen. Ingalaterrako taldea oso aurkari indartsua da, baina Arturo Ruizen taldekoek lehiakor aritu nahi dute.

  Realeko jokalari eta entrenatzaileak atzo, Londresko Plough Lane estadioan, entrenamendua hasi aurretik. REALA
Realeko jokalari eta entrenatzaileak atzo, Londresko Plough Lane estadioan, entrenamendua hasi aurretik. REALA
2026ko abuztuaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iritsi da eguna azkenean. Reala Txapeldunen Ligan ariko da gaur, hori azkenekoz egin eta lau urte geroago. Talde txuri-urdinak atariko kanporaketako joaneko partida jokatuko du gaur, Chelsearen aurka, Londresko Plough Lane zelaian (19:45, Realaren Youtube kanala). Realeko jokalariak ilusioz gainezka daude, eta hori baliatu nahi dute emaitza ona lortzeko. Realean badakite talde indartsu bat edukiko dutela aurrean, baina lehiakor aritu nahi dute, eta aurkariari gauzak zail jarri. Zubietan jokatuko dute itzulikoa, irailaren 2an, eta begi onez ikusten dute hori.

Txapeldunen Ligako multzoen fasea jokatu ahal izateko, talde indartsuei irabazi behar zaie, baina Realak ez zuen zorterik izan zozketan, aurkaririk indartsuena egokitu baitzitzaion. Chelsea Txapeldunen Liga irabazteko egindako talde bat da, eta azken denboraldietan urruti iritsi da lehiaketa horretan. Baina Chelseako jokalariek ez dute izango Realekoek duten ilusioa eta gogoa, eta hori aprobetxatu beharko dute txuri-urdinek. Jokalariek aitortu dute «konbentzituta eta prest» daudela Chelseari aurre egiteko.

Denboraldiaurre txukuna osatu du Realak, eta horrek konfiantza emango dio kanporaketarako. Olympique Lyonen aurka bana berdindu zuen, partida ona jokatuta. Frantziako talde horren parekoa da Chelsea. Gainera, Euskal Herria Kopa irabazi du Realak: finalerdietan Eibar garaitu zuen penaltietan, eta finalean Athletic. Jokalariak sasoiko iritsi dira Txapeldunen Ligako atarikoaren lehen partidara. Realak badu esperientzia talde handien aurka jokatzen: Bartzelonaren aurka ligan, eta Olympique Lyonen kontra aurtengo denboraldiaurrean, adibidez. Horrelako partidetan nahiko ondo aritu izan da.

Europan, ordea, Chelseak askoz esperientzia handiagoa du. Ingalaterrako taldea Txapeldunen Ligako txapeldunorde izandakoa da, eta azken denboraldian final-laurdenetara iritsi zen. Realak, berriz, ez du inoiz jokatu Txapeldunen Ligako ligaxka. 2022an atarikoan aritu zen lehen aldiz Bayern Munichen aurka, baina ez zuen gainditu kanporaketa. Joanekoa Anoetan izan zen, 11.000 zaleren aurrean, eta 0-1 galdu zuen. Itzulikoan, berriz, 3-1 nagusitu zen Alemaniako taldea. 

Kanporaketa hori jokatu zuten jokalarietatik bi baino ez dabiltza orain Realean: Nerea Eizagirre eta Cecilia Marcos. Eizagirre bi partidetan aritu zen; Ceciliak, berriz, Alemanian soilik eduki zuen aukera minutu batzuetan jokatzeko. Oraingoan bestelako emaitza bat lortu nahi dute. Nahiz eta esperientzia falta eduki horrelako partidetan, jokalariek ez dute galdu itxaropena. 

Maila handiko aurkaria

Txapeldunen Ligarako sailkatuta dauden taldeekin egon nahi du Realak hurrengo zozketan. Zortzi talde hauek jada sailkatuta daude: Bartzelona, Haecken, Manchester City, Arsenal, Bayern Munich, Roma, Benfica eta Olympique Lyon. Sailkatuko ez balitz, Europan jokatzen jarraituko luke Realak: Europa kopan. Aurreko denboraldian sortu zen txapelketa hori. Ez du ligaxkarik, eta partida guztiak kanporaketa bidez jokatuko dira, final-hamaseirenetan hasita.

Sonia Bompastor da Chelseako entrenatzailea, eta hirugarren denboraldia du taldea zuzentzen. Haren taldeek kontraerasora jokatu ohi dute. Beraz, baliteke Realak baloia izatea. Hori horrela bada, atzelariek ongi zaindu beharko dute bizkarra. Izan ere, Chelseak goi mailako jokalariak ditu. Realak ez bezala, bere bizkarrezurrari eutsi ahal izan dio. Lauren James da jokalaririk arriskutsuena, oso trebea baita baloiarekin. Ezker hegalean jokatzen du. Talde txuri-urdinak lanak izango ditu hura gelditzen.

Hala ere, jokalariak ilusioz daudela esan zuen atzo Arturo Ruiz Realeko entrenatzaileak: «Denboraldiaurrean lan ona egin dugu, eta ziur gaude bihar [gaur] lehiakorrak izango garela. Disfrutatu egin nahi dugu, eta gure helburua kanporaketa itzulikoan erabakitzea da».

REALAK ERRONKA ZAILA DAUKA GAUR, BERNABEUN

Realak gaur jokatuko du Espainiako Ligako bigarren partida, Bernabeun, Real Madrilen aurka (21:00, Movistar). Lehen jardunaldian jokatu behar zuten neurketa hori, baina La Ligak hamar egunez atzeratu zuen, bi taldeetako hainbat jokalarik Munduko Kopa jokatu baitzuten. 

Realak ez dio ondo ekin ligari, 1-0 galdu baitzuen Betisen aurka lehen partida. Txuri-urdinak ez ziren aurkaria baino gutxiago izan, baina ez zuten asmatu ate aurrean, eta etxekoek bai. Pellegrino Matarazzok esan du aldaketaren bat egingo duela. Odriozola, Gorrotxategi, eta Marin min hartuta daude. Aldiz, Barrenetxea eta Guedes osatu egin dira. «Guretzat erronka handia da, baina lehiakor ariko gara», esan du Matarazzok. Entrenatzaile estatubatuarrak aurki beste jokalari bat izango du bere esanetara, Mamadou Sarr 20 urteko erdiko atzelari frantziarra Realean ariko baita denboraldia bukatu arte, Chelseak utzita. Gaurko aurkariak, 

Real Madrilek, estu eta larri irabazi zion Espanyoli, luzapenean sartu baitzuen 1-2koa. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA