Amaiur Sarriegi. Realeko jokalaria

«Realak egin zuen nire aldeko apusturik argiena; horregatik nago hemen»

Talde txuri-urdinak gaur ekingo dio Espainiako Kopari. Final-laurdenak jokatuko ditu Zubietan, Atletico Madrilen aurka (16:30, Gol). Sarriegi baikor dago, eta argi du aurkari gogorra izan arren estiloari eutsiko diotela.

REALA.
ainara arratibel gascon
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Udan fitxatu zuen Realak Amaiur Sarriegi aurrelaria (Donostia, 2000) Athleticetik. Hasieran, kosta egin zitzaion minutuak izatea, baina orain badauka jokatzeko aukera: «Azkenaldiko aukerak baliatzen ari naiz, eta gustura nago», nabarmendu du.

Espainiako Kopari ekingo diozue gaur. Realarentzat berezia da, eta, gainera, duela bi urte txapelketa irabaztea lortu zuen taldearen kontra jokatuko duzue. Zer moduz zaudete?

Txapelketa berri bati ekitean izan ohi duzun gogo eta ilusioarekin gaude. Kale edo baleko kanporaketak dira, eta horrek ere erakarri egiten du. Urruti iritsi nahi dugu.

Partida bakarrera izanda, Atletico Madril kanporatzeko aukera gehiago dituzuela uste duzu?

Bai, beharbada bai. Gainera, Atletico Madril denboraldi honetan ez dago bere onenean, baina ez dugu ahaztu behar goi mailako jokalariak dituela. Gure partidarik onena egin beharko dugu aurrera egiteko.

Ligan estu hartu zenuten bere zelaian, nahiz eta azkenean galdu egin zenuten. Oso partida desberdina izatea espero duzu?

Gure aldetik, ez. Denboraldi hasieratik talde honek gauza bat argi izan badu, hori da bere estiloari eutsi behar diola. Baloiaren jabetza izatea gustatzen zaigu, eta joko konbinatibo hori egitea. Izan ere, ditugun jokalarien ezaugarrietarako egokiena da. Horri eutsiko diogu, arreta gugan jarriz eta gure jokatzeko erari balioa emanez.

Baina aurkariak ere jokatzen du. Nola egin min?

Atzean dituzten arreta faltak baliatu behar ditugu. Horrekin batera, Atletico Madril oso talde fisikoa eta abiadura handikoa da, eta buruz buruko lehietan indartsu egon behar dugu. Izan ere, zelai erditik aurrera lehia horietan nagusi badira, min handia egiten dute.

Lehen sasoia duzu Realean, Athletic utzi eta gero. Gustura?

Hasiera ez zen hain erraza izan. Izan ere, niretzat dena berria zen: taldea, kategoria... Neure burua ondo ikusten nuen entrenamenduetan, baina aukera gutxi nituen jokatzeko. Baina azkenaldian aukera horiek izaten ari naiz; hasieratik jokatu dut lauzpabost aldiz, eta gustura nago. Izaten ari naizen aukerak ondo baliatzen ari naizela uste dut.

Zer kostatu zaizu gehien?

Azken metroetan eta arean izan behar den bizkortasunera egokitzea. Mugimenduek eta jokaldien exekuzioak oso bizkorrak izan behar dute. Bigarren Mailan denbora gehiago duzu pentsatzeko, eta erritmoa ez da horren bizia. Dena errazagoa zen.

Nola landu duzu hori?

Eguneroko entrenamenduak dira hori ikasten joateko onena. Azken batean, lehen baino jokalari bizkorragoekin entrenatzen duzu, erritmo biziagoan... Horri lotuta, fisikoki aurrerapauso bat ere eman dudala uste dut. Nire kabuz ere asko egin dut. 20 urte besterik ez ditut, eta oraindik asko dut hobetzeko.

Eta psikologikoki lan handia eskatu dizu?

Bai, argi dago. Kontuan izan aurreko denboraldian nik partida guztiak jokatzen nituela Athleticen, eta beste rol bat nuela taldean. Hemen, aipatu bezala, hasieran ez nuen jokatzen, eta ez da erraza hori barneratzea. Baina ez nituen besoak jaitsi; berdin jarraitu nuen lanean, eta uste dut horri esker lortu dudala aukerak izatea.

Une horietan zalantzan jarri zenuen Realera etortzeko egin zenuen apustua?

Ez, inondik inora ere ez. Izan ere, erabakia oso argi izan nuen, eta konfiantza handia dut neure buruarengan.

Taldeko beste aurrelariengandik asko ikasten ariko zara. Zer nabarmenduko zenuke Nahikari Garciaz, Kiana Palaciosez eta Sanni Franssiz?

Nahikariz gauza gutxi daude esateko. Sekulako kalitatea dauka, eta, horrekin batera, lidergoa, autoexijentzia, izaera lehiakorra eta irabazteko grina nabarmenduko nituzke. Sanniren kasuan, oso ona da bizkorrezko jokoan, eta hori ikastea ere garrantzitsua da. Kianak, berriz, gaitasun handia du baloia babesteko.

Zertan da ona Amaiur Sarriegi?

Oso bertikala naiz, eta zuloak topatzen trebea. Horrek erremate onak egiten laguntzen dit.

Ahoz aho dabil Nahikari joan egingo dela. Haren ordezkoa izan zaitezkeela uste duzu?

Hemen segitzea nahi dut. Gainera, uste dut jokalarien artean ez dela alderaketarik egin behar.

Zaila izan zen Bilbo uztea?

Han hiru denboraldi eman nahituen, eta gustura nengoen, baina nahi nuena topatu dut hemen. Realak egin zuen nire aldeko apusturik argiena, eta hasieratik esan zidan lehen taldeko jokalari izango nintzela. Horregatik nago hemen. Izan ere, nik ikusten nuen banuela lekua Lehen Mailako talde bateko multzo batean.

Orain arte ohikoagoa izan da jokalariak Realeatik Athleticera joatea. Zuk egindako apustua beste zerbaiten seinale da?

Izan daiteke. Ikusten da Reala gora begira dagoen talde bat dela, eta proiektu anbiziotsu eta erakargarri bat duela. Gero, bakoitzak bere lehentasunak eta egoera pertsonalak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.