Euskal Herria Txapelaren finala jokatuko dute gaur Realak eta Athleticek, Anoeta futbol zelaian (ETB1 eta Hamaika Telebista, 19:00). Aurreko denboraldian jokatutako derbietan puntu gehien bildu zuten bi taldeak dira. Realak 11 puntu eskuratu zituen, eta Athleticek zortzi. Bi taldeek nahiko hasiera gorabeheratsua izan dute ligan, eta gaurko partidak hobeto jokatzen ahalegintzeko balioko die. Helburu hori izango dute, behintzat. Gainera, jokatzeko aukera gutxiago izan duten jokalariek aukera izango dute beren maila erakusteko. Izan ere, bi taldeek selekzio arteko partidetara joandako jokalariak faltako dituzte.
Euskal Herria Kirola egitasmoak antolatzen du txapelketa, eta aurtengoa hamargarren finala izango da. Azken aldian Osasunak irabazi zuen txapela, Athleticen aurka (1-0). Hain justu ere, garaipen zerrendaren buruan gorritxoak eta zuri-gorriak daude. Hiru txapel ditu bakoitzak. Realak, aldiz, bakarra du poltsikoan. Edin Terzicen taldeak, beraz, aukera paregabea du gaur zerrendaren buruan jartzeko. Hori zapuztu nahiko du Realak, eta bigarrena poltsikoratu.
Urtero Euskal Herriko futbolari lotutako norbait omendu ohi dute finalean. Oraingo honetan Mikel Etxarrik jasoko du aitortza. Realaren harrobian eta Eibarren entrenatzaile aritu zen, eta euskal selekzioko hautatzaile ere izan zen. Ibilbide hori goraipatzeaz gain, Euskal Herriko entrenatzaileen prestakuntzan egin duen lana nabarmendu nahi dute. Jose Angel Iribarrek eta Inaxio Kortabarriak emango diote txapela irabazleari. Txapelketa lehen aldiz jokatu zenean, haiek izan ziren aurkezpenean.
Realeko bederatzi jokalari daude selekzio arteko partidak jokatzen: Oiartzabal, Jon Martin, Kubo, Ochieng, Sarr, Aramburu, Yangel Herrera, Oskarsson eta Sucic. Eta Zubeldiak eta Odriozolak min hartuta jarraitzen dute. Hori aski ez, eta Sanseko jokalariek ezingo dute jokatu finalean, igandean Granadaren aurka jokatu behar baitute 14:00etan, Zubietan.
Txuri-urdinek ez dute nahi bezala hasi sasoia: zortzi partidetatik lau galdu dituzte, hiru irabazi eta bat berdindu. Martxa hartzea kostatzen ari zaio Matarazzoren taldeari, eta gaurkoa partida egokia izan daiteke orain arte gutxi jokatu duten futbolarientzat: Zakharianentzat, Hector Fortentzat, Aihen Muñozentzat eta Jon Pachecorentzat, besteak beste.
Athleticek hutsune gutxiago
Zuri-gorriei dagokienez, bost jokalari daude kanpoan: Unai Simon, Laporte, Nico Williams, Djalo eta Alex Padilla. Bestalde, Canales, Ruiz de Galarreta, Maroan eta Berenguer ez dira taldearekin entrenatu azken lan saioaren aurretik. Baina badute albiste on bat zuri-gorriek: Vivian osatu dela. Ikusi beharko da gaurko partidan Terzicek aukerarik emango ote dion ala ez.
Ezusterik ezean, Rego, Nico Serrano, Beñat Prados eta Hugo Rincon hasieratik aritu daitezke, ligan ez baitute jokatzeko aukera askorik izan. Athleticek ligako azken bi partidek utzitako aho zapore gazia kendu nahiko du. Zuri-gorriek berdindu egin zuten Elxen eta Alavesen aurka, San Mamesen.
Finalak 45 minutuko bi zati izango ditu, eta, berdinketan amaituz gero, penaltiak jaurtiko dituzte zuzenean, irabazlea nor den argitzeko. Entrenatzaile bakoitzak sei aldaketa egin ahal izango ditu, hiru alditan banatuta.
Gaurko norgehiagokarako sarrerak Euskal Herria Kirolaren webgunean daude salgai: www.ehkirola.eus. Anoetan ere erosteko aukera izango da. Sarrerak 30 euro balio du. Realeko bazkideak doan sartu ahal izango dira zelaira, baina ez zaie bermatuko ohiko tokia izatea. Athleticeko bazkideentzat sarreren salneurria 15 eurokoa izango da, eta 14 urtetik beherakoek 10 euroren truke eskuratu ahal izango dute. Aitor Zabaleta harmaila Realaren zale taldeentzat gordeko dute; Iparraldeko harmaila, berriz, Athleticen zaleentzat.