Realak irabazi beharra du Europan duen helburua ez zailtzeko

Talde txuri-urdinak Union Saint-Gilloiseren aurka jokatuko du, Europa ligako ligaxkako bigarren jardunaldian. Oskarsson eta Marchal deialdira itzuli dira, eta kanpoan geratu dira Luken Beitia —min hartuta dago— eta Karrera.

Realeko jokalariak, Zubietan, entrenamendu batean. JAVI COLMENERO / EFE
Realeko jokalariak, Zubietan, entrenamendu batean. JAVI COLMENERO / EFE
2026ko urriaren 14a
16:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak bihar jokatuko du Europa ligako lehen ligaxkako bigarren partida. Klubeko buruek, Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak eta jokalariek ligaxka lehen zortzi postuetan amaitzea jarri zuten helburu, eta hala zuzenean final-zortzirenetarako sailkatzea. Horretarako, garrantzitsua izango da bihar garaipena lortzea. Lehen partidan Anoetan Bournemouthen aurka galdu izanak, izan ere, etxetik kanpo jokatuko dituen hurrengo neurketetan puntuak batzera behartzen du talde txuri-urdina. Norgehiagoka Union Saint-Gilloise taldearen aurka izango du, Lovainako Den Dreef zelaian (18:45, Movistar Plus). Belgikako taldeak ezin ditu Europako partidak bere zelaian jokatu —Joseph Marien futbol zelaian—, UEFAk ezarritako baldintzak ez dituelako betetzen. Estadio hori Forest udalerrian dago. Realaren bostehun bat zale egongo dira taldea hauspotzen. 

Ligan emaitza onak lortzen ari da Reala. Azken hemezortzi puntuetatik hamabi eskuratu ditu; soilik Bartzelonak eta Atletico Madrilek bildu dituzte gehiago. Oraintxe seigarren postuan dago sailkapenean. Baina zaleak ez daude guztiz pozik. Aurreko denboraldian bezala, gol asko sartzen ari zaizkio taldeari: ligan jokatutako zortzi partidetan hamabost sartu dizkiote, ia bi neurketako. Bornemounthek, gainera, bi sartu zizkion Europa ligan. 

Realak hori zuzendu beharra du. Izan ere, Europan okerrak garesti ordaintzen dira, eta aukera gutxiago dago egoera bideratzeko. Txapelketa eredu hau indarrean dagoenetik, hamasei puntu inguru eskuratu behar izan dira orain arte lehen zortzien artean sailkatzeko. Beraz, erabakigarriak izan daitezke biharko eta datorren asteko norgehiagokak —Norvegian jokatuko du Lillestromen aurka—. Horien ondoren, talde indartsuen aurka jokatu beharko du, batez ere etxetik kanpo. Txuri-urdinek Cristal Palaceri eta Juventusi egin beharko diete bisita: etxean, berriz, aurkariak hauek izango dira: Olympique Lyon, Torreense eta Viktoria Plzen.

Taldeak gaur bidaiatu du Belgikara. Partida asko jokatu behar ditu Realak aste hauetan. Hala, baliteke hamaikakoan txandakatzeren bat egotea biharko partidan. Nahiz eta, aipatu bezala, partida garrantzitsua izan. Bournemouthen aurka bosteko defentsa zelairatu zuen Matarazzok, baina apustua ez zitzaion nahi bezala atera. Lehen zatian 0-2 amaitu zuen, eta ondoren aldatu zuen marrazkia prestatzaileak. Atzean lau jokalari zituela jokatu zuen. Baina ezin izan zion neurketari buelta eman. 1-2 galdu zuen. Bihar, taldeak faltako dituen jokalariak kontuan hartuta, lauko defentsarekin jokatzea espero da. Gainera, litekeena da Deportivoren aurkako partida aulkian hasi zuten jokalari batzuk hasierako hamaikakoan egotea.

Oskarsson —zigortuta zegoen, Valentziaren aurka txartel gorria atera ziotelako— eta Marchal deialdira itzuli dira. Kanpoan geratu dira, berriz, Luken Beitia —min hartu zuelako partida osteko entrenamenduan— eta Gorka Karrera harrobiko jokalaria. Odriozolak eta Aramburuk, gainera, jokatu ezinik segitzen dute. Litekeena da Oskarsson eta Oiartzabal hamaikakora itzultzea, eta Marrero atean aritzea. Atzean, berriz, eskuin hegalean Pablo Marinek joka dezake. 

Union Saint-Gilloise bolada onean da. Denboraldi honetan partida bakarra galdu du. Txapeldunen Ligako atariko kanporaketan izan zen, Bodo Glimten kontra, itzulerako partidan: 3-2. Hala, txapelketatik kanpo geratu zen. Ligan sei partida irabazi ditu, eta bi berdindu. Igandean, hain zuzen, bana berdindu zuen etxean, Leuvenen kontra. Europa ligan, berriz, 0-3 irabazi zion Victoria Plzeni lehen jardunaldian. Gainera, denboraldia Belgikako Superkopa irabaziz hasi zuen.

Golak sartzeko gaitasuna du Union Saint-Gilloisek: ligan 22 sartu ditu lehen zortzi jardunaldietan. Horrenbestez, Realaren defentsako lanean egongo da biharko partidako gakoetako bat. Erasoan ere eraginkor jardun beharko du Matarazzok zuzentzen duen taldeak. Izan ere, Europan maila altuagoa den arren, ligan lau gol baino ez dizkiote sartu Belgikako taldeari. 

Berriro onenen artean

Union Saint-Gilloise Belgikako talde handienetako bat izan zen XX. mendearen hasieran, eta berriz ere, pixkanaka, goiko postuetan da. Belgikako liga hamabi aldiz irabazi du, azkena 2025ean. Hala ere, 90 urte zeramatzan titulua lortu gabe, 1935etik. Horrez gain, Belgikako Kopa birritan irabazi du azken urteetan, 2024an eta aurreko denboraldian. Europa ligan 2022-2023ko denboraldian egin zuen debuta, eta orain arte lortutako emaitzarik onena erdietsi zuen: final-laurdenetara iritsi zen. Txapeldunen Ligan ere jokatu du, aurreko denboraldian, hain zuzen ere. Ligaxkan ez zuten lortu aurrera egitea.

Biharko partidan ez dira izango taldeko bi jokalari garrantzitsu: Adem Zorgane eta Raul Florucz. Biek txartel gorria ikusi zuten Bodo Glimten aurkako itzulerako neurketan, eta partida bat baino gehiagoko zigorra jarri zieten. Baina Belgikako taldeak baditu kontuan hartu beharreko beste jokalari batzuk: Besfort Zeneli, Relebohile Mofokeng eta Mateo Biondic, besteak beste.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA