«Mila esker hemen gurekin egoteagatik. Berriro esan behar dugu: Kopako txapeldunak gara! Zuen zoriontasuna ikusteak ez dauka preziorik. Eskerrik asko, aupa Reala!», esan du, Donostiako udaletxetik, Mikel Oiarzabal kapitainak.
Reala Espainiako Kopa irabazi izana ospatzen ari da milaka zalerekin batera, eta udaletxean lehertu da festa. Zaleei eskaini diete garaikurra.
Jarraian, Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak hartu du hitza. Euskaraz egin ditu adierazpenak: «Txapeldunak gara. Hau hasi besterik ez da egin. Zuen laguntzarekin, jokalariek gauza handi asko lor ditzakete. Gaur zuei eskerrak emateko eguna da. Lehen egunetik erakutsi didazue zer den Reala. Eskerrik asko. Goazen, Reala!».
Unai Marrero atezainak ere hitz egin du. Azpeitiarra erabakigarria izan zen penaltietan: «Egundokoa da plaza horrela ikustea. Momentu txarrak pasatu dituzue, eta onak bizitzen ari gara orain. Disfrutatu! Eskerrik asko babesagatik, eta segi horrela!». Kantuan segitu dute jarraian, titulua ospatzen.
Aritz Elustondok egin ditu gero hizlari lanak. Banan-banan aurkeztu ditu jokalariak, gazteleraz, «denek uler dezaten». Txoria txori abestuz amaitu dute ekitaldia.
Hasi, 18:00etan egin da: txapeldunak estali gabeko autobus batean abiatu dira Anoeta estadiotik, eta Donostiako erdigunea igaro dute, Alderdi Ederreraino. Elastiko eta bufanda txuri-urdinez beteta zeuden bazterrak, eta plaza, jendez lepo.
Mikel Oiarzabal eta Igor Zubeldia kapitainak atera dira Anoetatik, kopa eskuetan, eta atzetik jarraitu diote taldekide guztiek. Hala egin dute autobuserako bidea, jendetza haiei begira zela, garrasika eta bufandak astintzen. Kopa autobusaren aurrealdean jarri, eta hasi dute bidea.
Isildu gabe animatzen aritu dira zaleak, eta giroan sartuta zeuden jokalariak ere, irribarretsu eta jauzika, jarraitzaileak agurtzen. Zarata eta burrunba izan da nagusi. Halaxe zioen autobusak: «Txapeldunak». Realak Kopa irabazi du, eta Donostia txuri-urdinez jantzi da. Aitor Zabaleta gogoan izan dute une oro.

Ospakizunerako toki ona topatu nahian, goiz ibili dira zenbait zale, eta denbora asko egon dira Alderdi Ederren, jokalarien zain. Hiru pantaila erraldoi zeuden han, autobusaren ibilbidea ikus zezaten. Kantuan aritu dira denak, pozarren. Autobusa abiatu aurretik, kontzertua eman du Sunek udaletxe aurrean jarritako agertokian. Eta bidean zela, haurrek danborrada egin dute.
Autobusak hainbat kale igaro ditu: Madril hiribidea, Pio XII.a, Antso Jakituna, Mendeurrenaren plaza, Urbieta kalea, Askatasunaren hiribidea, Okendo kalea eta Bulebarra. Eta iritsi da udaletxera. Realaren ereserkia kantatuz egin diete ongietorria jokalariei, eta aurreskua dantzatu diete jarraian.
2021ean ere, talde txuri-urdinak Kopa irabaztea lortu zuen, baina, COVID-19aren pandemiaren ondorioz indarrean zeuden neurriengatik, ezin izan zen ospakizunik egin. Gaur, berriz, bete-betean ospatu dute titulua.

Horrez gainera, jokalariek atzo ere jaso zuten zaleen eskertza. Hondarribiko aireportura iritsi, eta autobusean egin zuten Zubietarako bidea. Artean Errenteriatik, Pasaiatik eta Donostiatik igaro ziren, eta errepidean milaka zale bildu ziren. Kopa autobusaren aurrealdean zeramaten, jendeak ikusi ahal izateko. Zubietan ere ehunka zalek egin zieten harrera.
