Realak goia jo zuen larunbatean Sevillan, Espainiako Kopa irabazita. Luzeak eta bete-beteak izan dira ospakizunak. Baina gaur berriro ere kirol lehian jarri beharko du arreta. Talde txuri-urdinak Getaferen aurka jokatuko du Anoetan (20:00, Movistar+), eta asko du jokoan. Kopa irabazi ostean, Reala Europa ligarako sailkatuta dago, baina ligan ez ditu aparte Txapeldunen Ligako postuak, eta lehia horretan jarraitu nahi du falta diren azken zazpi partidetan: «Anbiziotsuak gara, eta Txapeldunen Liga jokatu nahi dugu. Gainera, garrantzitsua da denboraldia sentipen onekin amaitzea», adierazi zuen atzo Pellegrino Matarazzok, partida aurreko prentsaurrekoan. Teknikaria ez da aulkian izango gaur, txartel pilaketengatik zigortuta baitago.Â
Matarazzok badaki Getafe aurkari gogorra dela: «Buruz buruko jokaldi eta baloi luze asko izango dira. Haiek horretan moldatzen dira ondoen. Baina taldea prest ikusten dut biharko [gaurko] neurketa jokatzeko. Baikor naiz, eta jokalariek argi dute partida oso garrantzitsua dela».
Zubeldia ez da oraindik osatu, eta Guedes ere ez dago deialdian: «Guedesek min hartuta jokatu zuen finala. Batetik, oineko behatz bat zuen puskatua, eta, bestetik, bihurritu bat orkatilan. Baina hobeto dago, eta espero dugu iganderako, Rayoren aurkako neurketarako, osatuta egotea». Sergio Gomezek ere ezingo du jokatu, Alavesen aurkako partidan txartel gorria atera baitzioten. Jokatzeko moduan da, berriz, Zakharian, osatu baita aurreko astean izan zituen tripetako arazoetatik.Â
Marrero erabakigarria izan zen kopako finalean. Partida bikaina jokatu zuen, eta bi penalti geratu zituen. Horrek atean aldaketarik ekarriko duen galdetuta, Matarazzok argi erantzun zuen: «Oso pozik gaude Unairekin, baina titularra Remiro da. Lan bikaina egiten ari da, eta gauden tokian bagaude, horri esker ere bada».