Bi partida jokatu ditu Realak ikurrinaren koloreak dituen elastikoarekin, bietan Herrialde Katalanetan. Bietan 2-3 irabazi du, eta bietan luzapenean sartu zuen azken gola. Bigarren neurketa Valentziaren aurka izan zen, atzo, Mestallan, eta Barrenetxeak sartu zuen gol erabakigarria. Neurketa zoroa izan zen: txuri-urdinek hainbat gol aukera izan zituzten bigarren zatiaren hasieran partida erabakita uzteko, baina gogotik sufritu zuten hiru puntuak eskuratzeko.
Paretsu hasi ziren bi taldeak, baina Realak sortu zuen arrisku handiagoa. Beitiak bi aldiz errematatu zuen korner batean, baina Dimitrievskik geratu egin zituen. Ochieng izan zen erasoan arriskurik handiena sortu zuen jokalari txuri-urdina; 26. minutuan, orpoz pasatu zion baloia Sucici, eta kroaziarraren ezkerkada Dimitrievskiren ateko eskuairatik sartu zen.
Kolpea handia izan zen Valentziarentzat, eta baloiak erraz galtzen hasi zen. Valentziarren urduritasuna txuri-urdinek baliatu zuten aukerak sortzeko, baina ez zuten abantaila luzatzea lortu. Dimitrievskik Oiartzabalen jaurtiketa bat geratu zuen, eta hurrengo jokaldian Jon Martinek kanpora bota zuen buruz egindako erremate bat. Realak kontrolpean zuen partida, baina bakarrik 0-1 irabazten ari zela joan zen atsedenaldira.
Eromena bigarren zatian
Bigarren zatian, neurketaren kontrola galdu zuten gipuzkoarrek, eta joan-etorriko partida zoroa bilakatu zen. Realak hiru aukera garbi izan zituen lehen minutuetan: lehenengoan, Ochiengek kanpora bota zuen baloia Oiartzabalek gidatutako kontraeraso batean; hurrengo jokaldian, De Haasek Ochiengen erdiraketa urrundu zuen Oiartzabal bakarrik zela; eta, ondoren, Oiartzabalek beste erremate bat huts egin zuen. Kenyarra kenduta, ez dira fin hasi Realeko aurrelariak.
Futbolaren legea da: aukerak barkatzen dituenak zigorra jasotzen du. 57. minutuan, errebote bat gogor jaurti zuen Mayolek, eta neurketa berdindu. Bigarren zatian zelairatu zen Otorbi, eta hura izan zen jokalaririk arriskutsuena Valentzian: amesgaiztoa izan zen Realeko ezker alboko atzelarientzat. Baina Valentzia hobeto zenean, Javi Guerrak falta egin zion area barruan Yangel Herrerari, eta Carlos Solerrek sartu zuen penaltia.
Reala, ordea, ahul izan zen berriro defentsan, eta Valentziak 84. minutuan berdindu zuen. Eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat errematatzen saiatu zen Aimar Blazquez aurrelari gaztea, baina baloia, Beitia jota, Remiroren atean sartu zen. Txuri-urdinek ez zuten amore eman, eta, luzapenera iristean, korner bat motzean atera zuten eta Barrenetxearen eskuinkada indartsua Dimitrievskiren lehen zutoinetik sartu zen. Valentziak azken aukera garbia izan zuen, baina Remirok ondo geratu zuen Blazquezek buruz egindako erremate arriskutsua. 95. minutuan, Oskarssonek zerbait esan zion epaileari, eta hark txartel gorria atera zion islandiarrari.
Realak azken partida zuen Mestallan —Valentziak beste estadio batean jokatuko du datorren sasoian—, eta garaipen batekin esan dio agur zelaiari. Zortzigarren da sailkapenean, zazpi partidatan hamar puntu bilduta. Orain, hiru asteko atsedena izango du selekzioen partidak direla eta, eta hurrengo neurketa urriaren 11n jokatuko du, Deportivoren aurka.