Gironaren aurka 1-2 galdu eta gero, denbora kontua zen: Sergio Francisco entrenatzailea kargugabetu du Realak. Txuri-urdinek ez zuten ondo hasi denboraldia; gero, bolada on bati esker, Sergiok karguari eustea lortu zuen, baina azken hiru porrotek, batez ere herenegungoak, min egin dute, eta Irungo prestatzaileak ez du segituko Realaren lehen taldea gidatzen. Iosu Rivas bigarren entrenatzaileak ere ez du jarraituko.
Behin-behinean, beste entrenatzaile bat lotu bitartean, Jon Ansotegi Realaren bigarren taldeko entrenatzailea egingo da txuri-urdinen kargu. Izan ere, Realak Espainiako Kopako kanporaketa bat jokatuko du bi egun barru, asteartean, Eldan (Herrialde Katalanak), eta gaur bertan entrenamendua egingo dute Zubietan, norgehiagoka hori prestatzeko. Ansotegiren laguntzailea Imanol Agirretxe izango da, bigarren taldean bezalaxe.
Ikusi gehiago
Realak ohar bidez eman du erabakiaren berri. Sergiori eskerrak eman dizkio klubeko kide izan den urte guztietan «erakutsitako profesionaltasunagatik, ahaleginagatik eta konpromisoagatik»: «11 urte baino gehiago eman ditu gure harrobian entrenatzaile gisa, eta funtsezko lana egin du gure harrobiko jokalarien azken prestakuntza etapan. Lortutako igoerez gain, bai C taldearekin bai Sanserekin, lehen taldean dauden eta egongo diren futbolari asko haren eskuetatik igaro dira bide horretan». Horregatik, Realak onena opa diola esanaz agurtu du Sergio Francisco.Â
Une honetan Reala hamabosgarren postuan dago, hamasei punturekin, eta puntu bakarrera ditu jaitsiera postuak. Izatez, taldeak Europako txapelketak jokatzeko sailkatzea zuen helburu, baina ligan jokatutako hamasei partidetan lau garaipen soilik eskuratu ditu Sergioren taldeak. Bereziki mingarriak izan dira azken bi porrotak, Alavesen eta Gironaren aurkakoak, emaitzaz gain, taldeak erakutsitako jokoa ere kaskarra izan delako. Ikusi beharko da prestatzailea aldatzeak dinamika aldatzeko ere balioko duen ala ez.