Realak bigarrenez galdu zuen atzo: 4-1 Real Madrilen aurka, Bernabeun. Hala, punturik bildu gabe iritsiko da hirugarren jardunaldira. Taldeak ez die ilusiorik piztu zaleei; izan ere, oraindik ez du fitxaketarik egin, eta denboraldiaurre eta denboraldi hasiera kaskarra egiten ari da. Pellegrino Matarazzok fitxaketak eskatu zituen, eta badirudi Realak aurki egingo dituela. Mamadou Sarr eta Hector Fort iristear daude. Atzo, lehiakor aritu zen taldea, lehen orduan batez ere. Matarazzok Oiarzabal zelaitik kendu zuenean hasi zen Reala gain behera. Nahiz eta ez zuen irabaztea merezi izateko meriturik egin, gauza onak ere atera litezke norgehiagokatik. Realak badu horren beharra, hamar partida jarrian baitaramatza ligan irabazi gabe, ia bost hilabete. Azkena Levanteren aurka izan zen, apirilaren 4an.
Espero izatekoa zen Matarazzok aldaketak egitea hasierako hamaikakoan, talde txuri-urdinak Espanyolen aurka jokatuko baitu larunbatean. Cartujako hamaikakoarekin alderatuta, lau jokalari berri zelairatu ziren. Atean Remiro aritu zen oraingoan ere, eta, nahiz eta aurkariak lau gol sartu, partida ona egin zuen. Defentsan, Beitia izan zen berrikuntza, eta, harekin batera, Jon Martinek, Sergio Gomezek eta Aramburuk osatu zuten atzeko lerroa. Matarazzok Yangel Herrera jarri zuen berriz Zelai erdian, eta hura txukun aritu zen berriro. Herrerak Turrientes izan zuen alboan, Solerrek atseden har zezan. Aurrerago Sucic aritu zen, partidako golegilea. Erasoko hiru postuetan bi aldaketa egon ziren: Oiartzabalek eta Ochiengek jokatu zuten hasieratik. Kubok osatu zuen hamaikakoa, baina bere maila onenetik urruti dabil japoniarra.
Relak ez zuen gaizki hasi norgehiagoka, baina Real Madrilek bi aukera izan zituen lehen hamar minutuetan. 10. minutuan, Oiarzabalek aukera garbi bat izan zuen, Kuboren erdiraketa baten harira, baina Courtoisek geldiketa ona egin zuen. Hurrengo hamabost minutuetan Reala atzean sartu zen, eta Real Madrilek hartu zuen aginte makila, baina min handirik egin gabe. 35. minutuan, Sergio Gomezek eskura izan zuen gola sartzea, Oiarzabalen erdiraketa bat boleaz errematatuta, baina baloia zutoin ondotik joan zen.
Partidako lehen gola 38. minutuan izan zen: Mbappek sartu zuen, Valverderen jokaldi on bat baliatuta. Real Madril bost minutu soilik egon zen aurrea hartuta, 43. minutuan Realak markagailua berdindu baitzuen. Ochiengen jokaldiaren ondoren, Sucicek, baloia area barruan jaso, eta sareratu egin zuen. Bana iritsi ziren atsedenaldira. Reala txukun aritu zen lehen zatian. Real Madrili ez zion utzi aukera asko sortzen, baina gutxi iritsi zen Courtoisen atera.
Real Madril beste indar batekin atera zen bigarren zatira, eta txuri-urdinek ordu laurdenean soilik lortu zuten eustea. 59. minutuan, Mbappek Real Madrilen bigarren gola sartu zuen, eta 67. minutuan, Viniciusek hirugarrena, Bellinghamek oparitu ostean. Partida biribiltzeko, 79. minutuan Mbappek beste gol bat sartu zuen, taldearen laugarrena eta bere hirugarrena. Azkenik, luzapenean, Brahimek bosgarren gola sartu zuen, baina, jokoz kanpo zegoenez gero, ez zen aldaketarik izan markagailuan.
Oiarzabalek aldaketa eskatu zuen, eta 57. minutuan aulkira joan behar izan zuen. Oraindik ere ez dago sasoirik onenean, ez baitu denboraldiaurrerik egin. Taldeko liderra zelaitik kanpo zegoenean hasi zen Realaren gainbehera. Hamabost minutu falta zirela, Guedes zelairatu zuen Matarazzok, eta lehen minutuetan oso gogotsu ibili zen. Hura ere denboraldiaurrea egin gabe dago.