Jokin Aperribai Realeko presidenteak esan du klubaren azken denboraldia «txarra» izan zela, eta konfiantza izateko eskatu du. Adierazpenok akziodunen ohiko batzarrean egin ditu. Luze eta zabal aritu dira gizonezkoen lehen taldeaz eta Zubietaz, baina aipatu ere ez dute egin emakumezkoen taldea. Ia aho batez onartu dituzte azken sasoiko eta denboraldi honetako aurrekontuak. Bestalde, jakinarazi dutenez, zaleen autobusak aurrerantzean Zorroaga pasealekuan eta inguruetan aparkatuko dituzte, eta ez Illunben, jende pilaketak ekidite aldera.
Horrez gain, Joseba Novoak klubari eskatu dio Amaya Zabarteren auzian akusazio partikular gisa aurkezteko.Â
Kirol arloa
«Eboluzioa, exijentzia eta konfiantza». Hiru hitz horiek nabarmendu nahi izan ditu presidenteak. Realaren anbizioa hazi egin dela aipatu du, gizonezkoen lehen taldea azken hamahiru denboraldietatik zortzitan aritu delako Europan. Eguneroko lanean jarri du arreta: «Egia da azken urteetan jokalari garrantzitsuak joan direla, baina taldean badaude oso garrantzitsuak izan daitekezkeen jokalariak. Exijenteak izan behar dugu, onenak izan astelehenetik ostiralera eta konfiantza eduki».
Azken denboraldia txarra izan zela adierazi du, eta azpimarratu du sasoi honetan ez dutela lortu bolada eskas hori eteta. Horregatik, konfiantza izateko eskatu du. Balioa eman dio ere Reala B mailaz igo izanari, bi aldiz azken bort urteetan. Behin baino gehiagotan egin du azpimarra gazteen talentuan, eta kluba Zubietan egiten ari den lanean uste osoa duela jakinarazi du.
Akziodunak, halaber, kritiko agertu dira egindako zenbait fitxaketekin eta klubaren kudeaketarekin. Orduan ere, konfiantza izateko eskatu die presidenteak.
Batzarrean az diote tarterik eskaini emakumezkoen taldeari.
Amaya Zabarte
Galdera-erantzunetan Amaya Zabarteren auziaz aritu dira. Joseba Novoa haren senarrak hartu du hitza, eta halaxe esan du: «Instituzio batek ere ez du publikoki salatu polizien jarrera. Bakarrik gaude». Klubari akusazio partikular gisa aurkezteko eskatu dio. Aperribaik erantzun dio abokatuekin hitz egingo dutela, baina gaineratu du Realak ez duela gertatutakoaren inguruko bideorik: «Ez dut uste guri zuri baino jaramon gehiago egingo liguketenik».
Iazko martxoaren 5ean, Realak eta PSGk jokatutako partidaren atarian, Ertzaintzaren foam jaurtigai batek larri zauritu zuen Zabarte buruan, Anoeta inguruetan; gero, lurrean zela, ertzain batek ostikoa eman zion. Eraso horrekin loturik dauden zazpi ertzainek deklarazioak egin berri dituzte.
Novoak batzarrean esan du iaz hitz egin zuela Aperribairekin, eta eskertu ziola emandako tratua, nahiz eta ez egon ados haren egiteko moduekin. Ardura hartzeko eskatu dio orain presidenteari: «Azken hilabeetan gertatutakoek bultzatu naute hona etortzera eta saiakera egitera. Lagun batek zera esan zidan: ‘Zuek ez zarete inor Ertzaintzarentzat’. Arrazoi du. Familia normal bat gara, eta indar handia dutenen aurka ari gara. Nire mila telefono deik Aperribairen batek baino gutxiago balio dute. Ez da Amaiagatik bakarrik, Realeko zaleengatik da».
Babesgabe daudela salatu du, eta uste du ertzainen ordez erasoa egin zutenak PSGko zaleak balira bestelakoa litzatekeela kontua. «Ez dut eskatzen Realak Ertzaintzari aurre egitea, baizik zer gertatu zen jakitea eta zaleak zaintzea».
Diru kontuak
Diru kontuei dagokienez, akziodunek ia aho batez onartu dituzte bai aurreko denboraldiko kontuak —%98,12k eman dute baiezkoa—, baita denboraldi honetako aurrekontua ere —%97,95k—.
Aurreko sasoian, klubak 204,8 milioi euro jaso zituen, inoiz baino gehiago, eta 189,4 milioi gastatu. Denboraldi honetan, Reala ez da ari Europan lehiatzen, eta horrek badu eragina. Azken sasoian lehiaketetan parte hartzeagatik 23 milioi jaso zituen klubak, eta oraingoan hiru milioi jasoko ditu. 2025-2026 denboraldian, guztira, 178,1 milioi euroren diru sarrerak izatea espero du —azken sasoian baino 26 milioi euro gutxiago— eta 160,2 milioi euroren gastuak.
Klubak argitu duenez, azken sasoian soldatak ordaintzeko erabili zuen diru gehien: 97,5 milioi, gastuen erdia baino zertxobait gehiago. Irabaziei erreparatuz gero, berriz, telebista eskubideengatik jaso zuen gehien: 68,9 milioi. Gora egingo du kopuru horrek: denboraldi honetan, 72,2 milioi jasoko ditu. Aldiz, soldaten gastuek behera egingo dute, 86,1 milioi; hala ere, gastuen erdia izaten jarraituko dute.
Horrez gain, klubak bazkideen abonua %2,5 igoko du. Klubak azken sasoian 15,1 milioi eskuratu zituen abonuekin, baina, oraingoan, kuota igo arren, 12 milioi izango dira. Arrazoia: taldea ez dela Europan jokatzen ari. Hortaz, zaleek ez dute azken urteetan ohikoa izan den Europako bonua ordaindu behar izan.
Bestalde, Aperribaik baieztatu du Yasuda Japoniako enpresak 13,4 milioi euro zor dizkiola Realari.
Bestelakoak
Presidenteak aparkalekuei buruz hitz eginez hasi du batzarra. Orain arte zaleez betetako autobusek Illunben aparkatu ohi zuten, baina ohartu dira, eskailerak direla eta, pilaketak sortzen direla eta arriskutsua izan daitekeela. Hortaz, 63 autobusentzako «irtenbidea» bilatu nahi izan dute: aurrerantzean, 54 autobusek Zorroaga pasealekuan eta inguruetan aparkatu ahalko dute, eta mugikortasun urriko pertsonak garraiatzen dituzten bederatzi autobusek estadioaren inguruan aparkatzeko aukera izango dute. Litekeena da 2026. urteko etxeko lehen partidarako, Atletico Madrilen aurkakorako, dena prest izatea. Aparkaleku publikoei ez diela eragingo gaineratu du Aperribaik.