Futbola

Poz kolektibo itzela

Milaka eta milaka realzalek aspaldi ez bezalako harrera egin diete talde txuri-urdineko kideei Donostian. Duela bost urte ez bezala, bat eginik, pozez eta bete-betean ospatu dute Espainiako Kopa irabazi izana.

Ospakizunak. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Milaka eta milaka realzale bildu dira Alderdi Ederren, taldeak irabazitako Espainiako Kopa ospatzeko. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Julen Etxeberria.
Donostia
2026ko apirilaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Poza, inguruan beste norbait izanez gero, handiagoa izaten da. Realeko kideek eta milaka eta milaka zalek elkarrekin eta poz-pozik ospatu zuten atzo, Donostian, talde txuri-urdinak Espainiako Kopa irabazi izana larunbatean Sevillan (Espainia). Duela bost urte, Realak azken aldiz Kopa irabazi zuenean, ospakizun guztiak bertan behera geratu ziren COVID-19 birusaren pandemiaren ondorioz, eta jarraitzaileak penaz geratu ziren, talde kutunak lortutako balentria behar bezala ospatu ezinik. Bost urteren ostean atera zuten arantza hori, eta nola, gainera, bete-betean ospatu baitzuten, taldearekin bat eginik, pozez gainezka. 

Aspaldi ez zen horrelako jendetzarik bildu Gipuzkoako hiriburuan kirol lorpen bat ospatzeko. 2010ean Reala Lehen Mailara igo zenean festa handia izan zen, baina oso txikia atzokoaren aldean. Kontuan hartuta zer ospakizun handiak izan ziren bai taldeak kopa eskuratu ondorengo ordu luzeetan bai biharamunean, garaikurra etxera ekarri zuenean, espero izatekoa zen atzokoa itzela izango zela, baina aurreikuspen guztiak gainditu zituen. 

Mundu bat bildu zen Donostian, mundu bat txuri-urdina. Bi kolore horiek hartu zituzten erdiguneko kaleak. Herritar gutxi batzuek baino ez zeramaten kolore txuri-urdinik gabeko zerbait jantzita. Edozerk balio zuen taldeari maitasuna eta atxikimendua adierazteko: elastikoak, bufandak, banderak, zapiak, jakak, txanoak, guardasolak —eguzkiak gogotik jo zuen—... Berdin zion zer garaitakoak ziren, aspaldikoak edo berri-berriak. Txuri-urdinak izateak baino ez zuen axola. Festa handi baten lekuko baino gehiago haren parte izateko modu bat zen. Etxeetako leiho eta balkoi asko txuri-urdinez apainduta zeuden.

16:53an hasi zen festa Alderdi Ederko zaleen gunean. Sunek arantza atera zuen, eta «segurtasunagatik» Sevillako zaleen egunean bertan behera geratu zen kontzertua eman zuen. Bi ordu lehenago jada jendea zegoen bertan, tokia hartzen. Lehen lerroan zegoen Aitor Gonçalves mutrikuarra, alabarekin batera. «Sevillara joatekoak ginen biok, baina finala Atletico Madrilen aurka zela baieztatu zenean erabaki genuen alaba ez joatea, badaezpada. Deskribaezina da han bizi genuena. Baina lorpen hau alabarekin bizi nahi nuen. Taldea mailaz igo zenean jende asko bildu zen, baina hau itzela da. Txapeldunak gara».

Haiengandik gertu zeuden Gotzone Arrizabalaga eta Eider Erasun Errenteriako (Gipuzkoa) ama-alabak. Alabak berehala esan zuen zer nahi zuen: «Ondo pasatu nahi dugu». Amak, berriz, poza eta pena sentitzen zuen aldi berean. «1987an Realak Zaragozan irabazi zuen Kopako finalean izan nintzen, eta pena eman dit Sevillara ez joateak. Baina ez genituen sarrerak lortu. Etxean ikusi genuen finala, eta pozez gainezka ospatu genuen garaipena».

Metro batzuk atzerago zegoen Manu Portal donostiarra. «Giroa ikusi, eta banoa nire auzora, taldea pasatzen ikustera. Heldua naiz, eta ez nago jendetzaren artean ibiltzeko; patxadaz bizi nahi dut». Ez zuen hori egin Sevillan. «1981ean Gijonen izan nintzen, Realak lehen aldiz liga irabazi zuenean. Are, Zamorak gola sartu zuen atearen atzean nengoen. Sekulakoa izan zen, eta intentsitate handiz bizi nuen. Sevillakoa beste modu batera hartu dut, baina intentsitate handiz ere bai». Minutuak pasatu ahala, jendez bete zen Alderdi Eder, eta sekulako giroa sortu zen. 

Irudi zinez ederra  

18:08an abiatu zen Anoeta estadiotik Realeko kideak zeramatzan estalkirik gabeko autobus txuri-urdina. Aurrean zegoen kopa, guztien begi bistan. 19:00etan ziren udaletxera iristekoak, Alderdi Ederren egin asmo baitzuten ospakizunaren ekitaldi nagusia. Hiru kilometro pasatxoko ibilbidea egin zuten hara iristeko. Kantuan eta dantzan egin zuten bidea, musika lagun. Erdiguneko kale nagusiak igaro zituzten. Segurtasunagatik, Donostiako Udalak itxi egin zituen kale horiek, eta hesiak jarri, baina hori ez zen traba izan Realeko kideek jarraitzaileen animoa, maitasuna eta eskertza suma zezaten. Taldeko jokalari eta entrenatzaileak ez ziren izan horren guztiaren hartzaile hutsak, bihotzez eman baitzizkieten eskerrak han bildutakoei. Taldearen eta zaleen artean sortu den batasun handiaren erakusgarri. 

19:15ean iritsi zen autobusa udaletxera. Realaren ereserkiarekin egin zioten ongietorria, danborrada eta guzti. Taldeko kideak sarrera nagusirantz abiatu ziren. Mikel Oiartzabal taldeko kapitaina eta Jokin Aperribai klubeko presidentea abiatu ziren lehenbizi, kopa eskuetan. Haien atzean zeuden taldeko kide guztiak, tartean Pellegrino Matarazzo, ikurrin bat patrikan zuela. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jon Insausti Donostiako alkateak egin zieten harrera udaletxearen sarrera nagusiaren parean. Iritsi, eta berehala, aurreskua dantzatu zieten bi dantzarik, emakumezko batek eta gizonezko batek. Bat-batean, isildu egin zen Alderdi Eder.  

19:30ean gertatu zen Alderdi Ederren bilduta zeuden milaka eta milaka zalek itxaroten zuten hori. Orduan azaldu ziren txapeldunak balkoira, kopa eskuetan. Jendetza zuten parean. Ikusgarria zen irudia. Hori aski ez, eta Kontxako badian zeuden hainbat ontzi txuri-urdinez apaindu zituzten. Marko paregabea deitzen diote eremu horri. Bada, atzo, are nabarmenago geratu zen zergatik jarria dioten izen hori. Zerua ere txuri-urdina zen: zeru urdina eta hodei gutxi batzuen zuria. Zinez ederra zen irudia.

Balkoian, euskaraz

Oiartzabalek, Matarazzok eta Unai Marrerok hitz egin zuten balkoian, eta hirurak euskaraz mintzatu ziren. «Mila esker hemen gurekin egoteagatik. Kopako txapeldunak gara! Zuen zoriontasuna ikusteak ez dauka preziorik. Eskerrik asko, aupa Reala!», esan zuen Oiartzabalek.

Matarazzok ere ozen oihukatu zuen: «Txapeldunak gara!». Eta ondotik: «Hau hasi besterik ez da egin. Zuen laguntzarekin, jokalariek gauza handi asko lor ditzakete. Gaur zuei eskerrak emateko eguna da. Lehen egunetik erakutsi didazue zer den Reala. Eskerrik asko, goazen Reala!», gaineratu zuen.

Azkenik, Marrerok aitortu zuen «egundokoa» zela plaza horrela ikustea. «Momentu txarrak pasatu dituzue, eta onak bizitzen ari gara orain. Disfrutatu. Eskerrik asko babesagatik, eta segi horrela. Ez duzue parekorik». 

Hitzaldi horiek bukatzean kanten txanda izan zen. Anoetan kantatzen diren abesti guztiak kantatu zituzten: atezainena, olagarroarena eta Marrerorena, baita Orri Oskarssonena ere, besteak beste.

Balkoia utzi eta kalera jaitsi ziren jokalariak, preseski jarritako oholtzara. Queenen We are the champions (txapeldunak gara) jarri zuten ozen bozgoragailuetan, eta txapeldunak eta zaleak gogotik abestu zuten.

Oholtzan, gaztelaniaz

Aritz Elustondo hasi zen aurkezle. «Denok ulertzeko», gaztelaniaz hitz egingo zuela esan zuen, eta barkamena eskatu zuen hala egiteagatik. Lehenik, teknikari eta langile guztiekin gogoratu zen, baita Sergio Franciscorekin ere, udatik urte amaitu arte taldea zuzendu zuen entrenatzaile irundarrarekin. Jarraian, banan-banan aurkeztu zituen jokalari guztiak, baita Matarazzo ere. Oiartzabalek aurkeztu zuen Elustondo. Taldekideek gelditzeko eskatu zioten, aurretik Take Kubori eskatu zioten bezala. Jarraian, Sunek, txapeldunek eta milaka zaleek Txoria txori kantatu zuten, eta Aitor Zabaletarekin gogoratu ziren.

21:00etan bukatu zen festa. Jokalariak autobusean joan ziren. Atseden hartu behar dute, bihar gauean Realak Getafe hartuko baitu Anoetan, ligako partidan. Festa izango da berriz, ziur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA