Realaren ospakizunak ikusle gehiago izan zituen ETB1en ETB2n baino

ETB1 kateko zuzeneko saio bereziak %11,8ko ikusle kuota izan zuen EAEn. ETB2 katekoak, berriz, %8,6koa.

Realaren ospakizuna Donostiako udaletxean, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU
Realaren ospakizuna Donostiako udaletxean, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
2026ko apirilaren 21a
09:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak Espainiako Kopa irabazi zuen larunbat gauean, eta horren ostean, harrera eta ospakizun ekitaldi jendetsua izan zuen zaleekin batera atzo, Donostian. Horren berri eman zuen BERRIAk, eta Euskal Telebistak zuzeneko saio berezi luzeak egin zituen ETB1en eta ETB2n. Ez da ohikoa, baina ETB1 kateko saio bereziak ikusle datu hobeak izan zituen gaztelaniazko katearen zuzeneko programak baino: ETB1eko zuzeneko emankizunak %11,8ko ikusle kuota lortu zuen EAEn (48.000 ikus-entzule), eta ETB2 katekoak, %8,6koa (35.000 ikus-entzule). Emankizuna egiteko, EITBk helikoptero bat, bi drone, segway-a eta beste 11 kamera erabili zituen.

Luze joan zen ETB1eko saio berezia, eta iluntzeko Gaur egun albistegia ez zuten egin. ETB2n, berriz, normal eman zuten 21:00etako Teleberri albistegia.

Kirol emankizunen eraginez, ETB1 kateak %2,9ko ikusle kuota izan du oraingoz hilabete honetan. Aspaldian izan duen batezbestekorik handiena da.

Larunbat gauean, La1 eta ETB1 kateek eman zuten Espainiako Kopako finala. Penaltiek %63,9ko ikusle kuota izan zuten EAEn. La1 katean %44,3ko ikusle kuota bereganatu zuten (320.000 ikus-entzule), eta ETB1en %19,6koa (141.000 ikus-entzule). EAEko datuak dira horiek. Nafarroakoak ezin izan ditu lortu BERRIAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA