Realaren zale guztiak apirilaren 18ra begira daude jada, talde txuri-urdinak Sevillan Atletico Madrilen aurka jokatuko duen Espainiako Kopako finalari begira. Zale askok lotuta dituzte jada garraio eta ostatu kontuak. Orain preziatuena falta zaie: sarrera. Asko hori gabe ere joango dira, finala han bertan bizitzeko. Baina gehienek Cartuja estadioan egon nahi dute. Sevillako estadioak 70.000 zalerentzako tokia du. Baina segurtasun neurriak tarteko zertxobait gutxiago izango dira. Hala sarreren banaketa honela egingo dute: talde bakoitzari sarreren %40 emango zaie, eta Espainiako Federazioa %20arekin geratuko da. Hala, Realak 26.000 sarrera inguru izango ditu. Datozen egunetan bilduko dira bi talde finalistak Espainiako Federaziokoarekin, eta hor argituko da datu zehatza. Sarreren prezioa ere ez dute jakinarazi. Iaz, 72 eta 270 euro artean egon ziren.
Oraindik ostatua eta garraioa hartu ez dutenek bizi ibili beharko dute. Baina batez ere diru dezente gastatu beharko dute. Gaueko 400 eurotik gora daude prezioak logelako. Bezperan joatea izango litzateke ohikoena, beraz bi gauengatik 800 euro ordaindu beharko lirateke. Logela bikoitza bada kostua gaueko 500 eurotik gorakoa izango da gaueko.
Garraioari dagikonez, jende gehiena trenez edo autobusez joango da. Hegazkinari dagokionez, Hondarribitik ez dago hegaldi zuzenik. Bilbotik, berriz, prezioak 700 eurotik gora daude.
Realarentzat, askotariko arrazoiengatik, arantza ateratzeko eguna izango da apirilaren 18a. Izan ere, 38 urteren ondoren, zaleen aurrean final bat jokatzeko aukera izango du txuri-urdinen gizonezkoen taldeak.2021eko arantza barruan iltzatuta zuten jarraitzaileek, pandemiaren erruz, ezin izan baitzuten zuzenean ikusi Mikel Oiartzabal garaikurra altxatzen. Oraingoan, ordea, Sevillaraino helduko da olatua Donostiatik. Guztira hiru aldiz irabazi du Kopa Realaren gizonezkoen taldeak bere historian: 1909an, 1987an eta 2021ean. Bada, apirilaren 18an ez da turismoa egitera joango Sevillara Pellegrino Matarazzoren taldea, historiako laugarren tituluaren bila baizik.

Gainera, patuak hala nahi izan duelako, 1987ko historia errepikatu egin daiteke. Belaunaldi berriek ez dute urte hartan gertatua ezagutuko, baina duela 38 urte Atletico Madrilen aurka irabazi zuen Kopa Realak. Hori bakarrik ez, finalerdietan Athletic menderatu zuten txuri-urdinek. Joanekoa hutsean amaitu zen, Atotxa zaharrean, eta itzulerakoan Joxemari Bakeroren gol batek eman zien finalerako sailkapena donostiarrei (0-1), San Mamesen. Final handia Zaragozan izan zen, eta penaltietan irabazi zuen titulua Realak (4-2). Luis Miguel Arkonada atezainaren lana gogoangarria izan zen. Bada, Sevillako finalak irudi esanguratsu bat behintzat utziko du. Izan ere, Unai Marrero Realeko atezainak jantziko duen arropak lotura estua izango du Arkonadak erabiltzen zuenarekin.
Itxuraz, Kopa irabazteko faboritoa Atletico Madril izango da. Diego Pablo Simeoneren taldeak dirutza gastatu du aspaldian fitxaketak egiten, eta Bartzelona ahaltsua menderatu du finalerdietan: 4-0 irabazi zion Metropolitanon, baina itzulikoan larri ibili zen, 3-0 galdu baitzuen Nou Campen. Dena den, aurrekariak Realaren aldekoak dira. Historiari erreparatuta, Reala eta Atletico Madril bi aldiz neurtu dira Kopako final batean, eta bietan tituluak Donostiarako bidea hartu du. 1987an lehenbizikoz, gizonezkoetan, eta 2019an bigarrenez, emakumezkoetan (1-2). Bi aldi horietan ere faboritoa Espainiako taldea zen, baina ezustekoa emateko gai izan zen Reala.
Irabazi edo galdu, Realak ziurtatuta du jada Espainiako Superkopan parte hartuko duela datorren denboraldian. Horrek zera ahalbidetuko dio: Kopako lehen bi kanporaketak jokatu beharrik ez izatea. Alegia, zuzenean final-zortzirenetan sartuko dira lehian txuri-urdinak. Gainera, Europarako sailkatzeko bi ate zabaldu zaizkio orain Matarazzoren taldeari. Ligaren bitartez lortzen ez badu, Kopa irabazita eskura dezake Europa ligan jokatzeko eskubidea. Dena den, kontu horiek hurrengo sasoira begirakoak dira, eta Realeko zaleek orain buruan duten data apirilaren 18a da.
Guzti-guztiek egon nahiko dute Sevillan, eta ziur egongo dena Matarazzo da. Ikusgarria da nola itxuraldatu duen taldea hain denbora gutxian. Pasa den abenduan amildegiaren ertzean sentitzen ziren jokalariak, eta bi hilabete pasaren buruan zeruan daude. Realak ondo merezita gainditu du Athletic finalerdietan, eta apartekoa izan da erakutsi duen sendotasuna. Gol bakar bat ez du jaso 180 minututan. Aldaketa izugarririk egin gabe, entrenatzaileak asmatu du taldeari arima aldatzen. Taktika aldetik zertzelada eta erreminta desberdin batzuk eskaini dizkio taldeari, baina batez ere arlo mentala izan da landu duena. Harmonia ona ikusten da taldearen inguruan, eta zaleak eskutik doaz. Anoetan bart bizi ahal izan zuen gaua magikoa izan zen.
Matarazzoren izena aho batez oihukatu zuten zaleek partida amaieran, eta entrenatzaileak hunkituta hitz egin zuen prentsaurrean. «Pertsona zoriontsua naiz. Zaleek estadiora bidean egin diguten harrera historikoa izan da, inoiz ez nuen halako gauza bat bizitu. Klubera konektatuta gauden guztiok oso pozik gaude, eta momentuaz gozatzen asmatu behar dugu. Oso berezia izaten ari da gertatzen ari zaigun guztia, baina onena falta da: Sevillan biziko dugun eguna. Ez dut imajinatu ere egin nahi nolakoa izango den. Badakit 2021ean publikorik gabe irabazi zuela titulua Realak, eta zoragarria izango da gure jendearen aurrean finala jokatzea. Irabaztera joango gara».
Matarazzok ez ezik, hainbat jokalarik ere hitz egin zuten bart, eta Jon Martin gaztea izan zen horietako bat. Duela bost urteko finalean ez zuen parte hartu atzelariak, eta lehen finala izango du. «Emozionatuta nago. Athleticen kontra kontzentratuta jokatu dugu, baina orain aske sentitzen gara. Gure publikoaren harrera historikoa izan da, eta bidea ez da hemen amaitzen. Gehiago nahi dugu». Ildo beretik hitz egin zuen Sergio Gomezek ere. «Asteburu honetan Atletico Madrilen aurka jokatuko dugu ligan, eta partida horrek balioko digu aurkariari neurria hartzeko. Hilabete eta erdi izango dugu finala prestatzeko, eta sinesten dugu Kopa etxera ekar dezakegula».
Mikel Oiartzabal kapitaina ere hunkituta zegoen. Hark penaltiz sartutako golari esker erabaki zuen Realak atzo kanporaketa. Partida amaieran hitz egin zuen. «Zertxobait nekatuta nago, baina oso zoriontsu jendearengatik. Azken bi urteetan gertu izango dugu finala, eta une zailak bizi izan ditugu. Baina gaur ondo atera da dena. Irrikaz gaude zaleek gurekin finala bizitzeko, haiek hori bizi ahal. izateko. Gozatzeko eskatzen diet».

Pandemiak lapurtu zion argazkiaren bila joango da Reala Sevillara. Futbolak zor zien halako egun bat bizitzeko aukera txuri-urdinei, eta apirilaren 18a historian markatuta geratuko den eguna izango da. Data hori bitarte ligako bost partida jokatu beharko ditu Realak, baina buruan Kopako finala izango dute etengabe jokalariek. Titulu bat irabazteko aukera ez ezik, Aitor Zabaleta zenari omenaldirik onena egiteko parada ere izango dute.
Athletic, arimarik gabe
Txanponaren beste aldean, Athleticek ligari begira jarraitu beste erremediorik ez du izango. Lehiaketa askoko denboraldia zuen: liga, Kopa, Superkopa eta Txapeldunen Liga. Bada, martxoa hasieran liga dute helduleku bakarra zuri-gorriek. Lan duina egin dute Kopan, finalerdietaraino iritsita, baina emaitzak jokoa baino hobeak izan dira. Arimarik gabeko taldea bihurtu da Ernesto Valverdek zuzentzen duena. Jarraitzaile bilbotarrek itxaropen apur bat bazuten kanporaketari buelta emateko, baina horretatik oso urrun geratu ziren jokalariak. Partida guztian zehar soilik bi jaurtiketa egin zituzten Marreroren atera, eta horrela zaila da finalerako bidea egitea. Fisikoki lur jota dagoen taldea da Athletic gaur-gaurkoz, eta oso zaila dirudi horri buelta eman ahal izatea. Jokalari garrantzitsuak berreskuratu ditu Valverdek, baina futbola da falta zaiona. Badirudi Valverderen aroa bere bukaerara iristen ari dela.

Bere txarrean, oraindik Europara sailkatzeko aukerak baditu Athleticek. Sailkapenean 35 puntu ditu, Realak adina, eta aste garbiak izanda, taldearen jokoak behetik gora egitea da itxaropen bakarra. Valverdek garbi du denboraldia ez dagoela amaituta. «Autokritika egin behar dugu, eta garbi dago ez gaudela gure momenturik onenean. Realaren aurka erasoan zerbait gehiago sortzea falta izan zaigu. Orain ligaren bitartez Europan sartzea da gure helburua, eta buru-belarri saiatuko gara horretan».