Futbola

Realari aurkari zailak egokitu zaizkio Europa ligan

Txuri-urdinek Olympique Lyon, Viktoria Plzen, Bournemouth eta Torreenseren aurka jokatuko dute Anoetan. Etxetik kanpo, aldiz, Juventus, Union Saint-Gilloise, Crystal Palace eta Lillestromen aurka.

Europa ligako multzoen osaketa. SEBASTIAN NOGIER / EFE
Europa ligako multzoen osaketa. SEBASTIAN NOGIER / EFE
2026ko abuztuaren 28a
14:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak ez du zortea alde izan gaur Europa ligako zozketan, aurkari gogorrak egokitu baitzaizkio. Txuri-urdinek Olympique Lyon, Viktoria Plzen, Bournemouth eta Torreense taldeak hartuko dituzte Anoetan; etxetik kanpo, aldiz, Juventus, Union Saint-Gilloise, Crystal Palace eta Lillestromen aurka jokatuko dute. Behin betiko egutegia hurrengo egunetan jakinaraziko du UEFAk. Pellegrino Matarazzok adierazi du «oso pozik» dagoela zozketarekin. «Oso zozketa interesgarria da. Talde onak eta zailak dira, baina horixe nahi dugu: Europan lehiatu», esan du.

Olympique Lyon laugarren izan zen joan den denboraldian Frantziako Ligan, eta Txapeldunen Ligarako sailkatzeko kanporaketak galdu berri ditu Fenerbahceren aurka. Lehen ontzian egokitutako beste aurkaria Juventus da. Ez da lehen bezain indartsua, eta horren adibide da aurreko denboraldian Italiako Ligan seigarren izan zela. Viktoria Plzenek, berriz, hirugarren amaitu zuen Txekiako Liga, eta eskarmentua dauka Europako lehiaketetan; Realak azkenekoz Europa liga jokatu zuenenean, duela bi urte, 2-1 galdu zuen haren aurka. Union Saint-Gilloise, berriz, Belgikako Ligako txapelduna da, eta Bodo Glimtek kanpoan utzi berri du Txapeldunen Ligako atarikoan.

Ingalaterrako hiru talde zeuden zozketan, eta Realari bi egokitu zaizkio; ustez, bi indartsuenak: Bournemouth eta Crystal Palace. Bournemouth seigarren izan zen joan den denboraldian Ingalaterrako Ligan. Andoni Iraola zen taldearen entrenatzailea. Crystal Palace, berriz, eskas aritu zen ligan, hamabosgarren postuan sailkatu baitzen, baina Konferentzia liga irabazi zuen, eta horri esker ariko da Europa ligan. Azken ontziko bi taldeak dira samurrenak: Torreense eta Lillestrom. Torreensek Portugalgo Bigarren Mailan jokatzen du, baina Portugalgo Kopa irabazi zuen joan den denboraldian, finalean Sportingi 2-1 gailenduta. Lillestromen aurka jokatzeko, azkenik, bidaia luzea egin beharko du talde txuri-urdinak, Norvegiako taldea baita. Martin Odegaard Realeko jokalari izandakoaren aita da Lillestromeko entrenatzailea. 

Europa ligako multzoen faseko lehen jardunaldia irailaren 16an edo 17an jokatuko dute; bigarrena, urriaren 15ean; hirugarrena, urriaren 22an; laugarrena, azaroaren 5ean; seigarrena, abenduaren 10ean; zazpigarrena, urtarrilaren 21ean, eta azkena, urtarrilaren 28an. Jardunaldi bakoitza noiz eta non jokatuko den datozen egunetan zehaztuko du UEFAk. Azken urteetako formatu bera izango da: ligako lehen zortzi sailkatuak final-zortzirenetarako sailkatuko dira zuzenean, eta bederatzigarren postutik 24.era bitarte sailkatzen diren taldeek kanporaketa bat jokatu beharko dute final-zortzirenetan izateko. Hortik atzerakoak txapelketatik kanpo geratuko dira zuzenean. Finala maiatzaren 26an izango da, Frankfurten (Alemania).

Arreta osoa Espainiako Ligan

Realak bi aste barru hasiko du Europako Liga, baina orain arreta guztia Espainiako Ligan du; hain zuzen, bihar jokatuko duen partidan. Espanyolen aurka ariko da, Anoetan (19:00, Movistar). Denboraldiko etxeko lehen partida izango da, eta hiru puntuak eskuratzeko beharra dauka Realak, lehen bi neurketetan ez baitu bakar bat ere lortu. Zaleak ez daude batere gustura taldearen errendimenduarekin , ezta bulegoetan egiten ari diren lanarekin ere.

Hain zuzen, klubak gaur jakinarazi du Mamadou Sarr erdiko atzelariak talde txuri-urdinean jokatuko duela denboraldia bukatu arte, Chelseak utzita. Frantzian jaio zen Sarr, baina Senegalgo selekzioarekin jokatzen du. Espanyolen aurkako neurketako deialdian egongo da. Hilaren 31n amaituko da fitxaketak egiteko epea, eta Realak asmoa du beste jokalariren bat fitxatzeko. Baliteke Hector Fort Bartzelonako eskuin hegaleko atzelaria fitxatzea.

Biharko aurkariak, Espanyolek, 3-0 irabazi zuen Levanteren aurka lehen jardunaldian, eta Real Madrilen aurka 1-2 galdu bigarrenean. Azken orduan sartu zion aurkariak bigarren gola. Galdu arren, joera ona du Kataluniako taldeak. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA