Rino Matarazzo: «Argi izan behar dugu nola jokatu, eta aurreikusitako plana bete»

Realeko teknikariak nabarmendu du taldea «oso ondo» dagoela biharko finalerako. Mikel Oiartzabal kapitaina ere baikor mintzatu da. «Sinetsita gaude gauzak ondo atera daitezkeela eta finala irabaz dezakegula».

Pellegrino Matarazzo Realeko entrenatzailea partida baino lehenagoko prentsaurrekoan. AINARA RODIL
Pellegrino Matarazzo Realeko entrenatzailea partida baino lehenagoko prentsaurrekoan. AINARA RODIL
ainara arratibel gascon
2026ko apirilaren 17a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Rino Matarazzo Realeko entrenatzailea eta Mikel Oiartzabal kapitaina baikor azaldu dira bihar taldeak Atletico Madrilen aurka jokatuko duen Espainiako Kopako finalari begira. «Taldea, jokalariak, prest daude, oso sasoi eta energia egokia dute», adierazi du partida atariko prentsaurrekoan teknikariak. «Final bat jokatzeak beti eragiten du presioa, baina presio ona». Argi du Realak zer egin behar duen taldeak txapeldun izateko: «Intentsitate handiko partida izango da, eta hala aritu beharko dugu irabazteko. Horrekin batera, argi izan behar dugu nola jokatu, eta aurreikusitako plana bete». 

Teknikariak ez du argitu nahi izan atean Marrero edo Remiro arituko den: «Aurreko astean erabaki nuen nork jokatuko duen, eta haiei jakinarazi diet. Bihar jakingo duzue zuek». Horrekin batera, azken egun hauetan bizitzen ari direna «oso berezia» izaten ari dela berretsi du.

Mikel Oiartzabalek, berriz, azaldu du taldea «gogotsu» dagoela biharko partidarako: «Lasai gaude, eta kapitain naizen aldetik taldekideei lasaitasuna transmititzen saiatu naiz. Partida handia da, berezia, eta aurrean aurkari zaila eta gogorra dugu. Baina uste osoa dugu gugan eta partidarako prestatu dugun planean. Sinetsita gaude gauzak ondo aterako direla». Aurreko finalean ez bezala, zaleak izango dituzte harmailetan: «Harro eta zoriontsu gaude berriro ere final bat bizitzeko aukera emango diegulako. Ametsa da hau haiekin partekatzea. Goza dezatela. Gure onena emango dugu garaipena lortzeko». Aurreko asteburuan jokatu ez zuen arren, ondo dago: «Ez arriskatzea erabaki genuen». Kapitainak, halaber, «apur bat urduri» dagoela aitortu du: «Ez dut ukatuko, tximeletak ditut sabelean, baina hori ona da. Ilusioa eta gogoa dudan seinale da».

Antoine Griezmann Atletico Madrileko jokalariak nabarmendu du beretzat berezia dela Realaren aurka jokatzea, bertan jokatu baitzuen. «Asko zor diot Realari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA