Futbola

«Konbentzituta eta prest gaude Chelseari gauzak zail jartzeko»

Realak asteazkenean jokatuko du Txapeldunen Ligako atariko lehen partida, Londresen. Txuri-urdinek estu hartu nahi dute Chelsea, eta Cecilia Marcos eta Nahia Aparicio jokalariek esan dute gogotsu eta ilusioz daudela.

Cecilia Marcos eta Nahia Aparicio Realeko jokalariak, gaur, Zubietan. GORKA RUBIO / FOKU
Cecilia Marcos eta Nahia Aparicio Realeko jokalariak, gaur, Zubietan. GORKA RUBIO / FOKU
Zubieta
2026ko abuztuaren 20a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ilusioa». Hori da Nahia Aparicio (Tolosa, Gipuzkoa, 2004) eta Cecilia Marcos (Donostia, 2001) Realeko jokalariek gaur Zubietan gehien aipatu duten hitza. Txapeldunen Ligako multzoan egon nahi du Realak, eta, horretarako, Chelseari irabazi beharko dio atarikoan. Lehen norgehiagoka asteazkenean jokatuko dute, Londresen. Bigarrena, berriz, Zubietan, irailaren 2an. Bi jokalariak gogotsu daude: «Konbentzituta eta prest gaude Chelseari gauzak zail jartzeko». 

Marcosek badaki zer den horrelako partida bat jokatzea, 2022an Bayernen aurka aritu baitzen: «Anoetako partidan aulkian egotea egokitu zitzaidan, baina Alemanian aukera izan nuen tarte batez jokatzeko». Aparicio bigarren taldean zen denboraldi hartan: «Nik ere noizbait aukera hori edukitzearekin egiten nuen amets, eta, hemendik gutxira, ametsa beteko dut», aitortu du. 

Apariciori galdetuta ea zer esaten dieten Txapeldunen Ligako kanporaketak jokatu izan dituzten jokalariek, argi esan du: «Disfrutatzeko, dena emateko eta gozatzeko». Marcosek «lasaitasuna» trasmititu nahi die beste jokalariei, eta hauxe nabarmendu du: «Dakigun bezala jokatu behar dugu, beste edozein partida izango balitz bezala».

«Disfrutatzeko, dena emateko eta gozatzeko esaten digute Txapeldunen Ligako kanporaketak jokatu izan dituztenek»

NAHIA APARICIO Realeko jokalaria

Teorian, aurkaririk gogorrena tokatu zaio Realari, baina, hala ere, jokalariak gogotsu daude. Apariciok azpimarratu du bete-betean aritzen ahaleginduko direla: «Badakigu txapelketa zaila dela; aurkari guztiek dena ematen dute partida hauetan. Argi daukagu guk ere dena emango dugula. Taldea oso ondo ikusten dut: prest gaude». Marcosek, berriz, nabarmendu du txuri-urdinek badituztela aukerak kanporaketan aurrera egiteko: «Badakigu Chelsea talde indartsuenetako bat dela eta gauzak zail jarriko dizkigula, baina uste dut baditugula aukerak aurkaria urduri jartzeko, eta, beraz, partida lehia bizikoa izango delakoan nago».

«Talde handien» aurka jokatutakoa da Reala. Bartzelonaren aurka ligan, eta Olympique Lyonen kontra aurtengo denboraldiaurrean, adibidez. Marcosek esan du Txapeldunen Ligako atariko partida horien antzekoa izango dela, eta gogorarazi du horrelako partidetan Reala ondo moldatzen dela: «Badakigu ondo aritzen garela horrelako partidetan, eta, beraz, lasai gaude». Denek elkar hartuta jokatzea izango da garrantzitsuena, haren hitzetan: «Zailagoak edo erronka handiagokoak diren partidetan denak batuta egotea da garrantzitsuena, denek plan bera izatea eta amore ez ematea».

«Horrelako partidetan denak batuta egotea da garrantzitsuena, denek plan bera izatea eta amore ez ematea»

CECILIA MARCOS Realeko jokalaria

Apariciok, berriz, esan du Chelsea «talde gogorra» dela: «Txapeldunen Ligako kanporaketa bat da, eta ohartzen gara zer-nolako aurkaria izango dugun aurrean. Saiatuko gara Londreseko partidan gauzak ahalik eta zailen jartzen, eta, gero, Zubietan, ea lortzen dugun zaleen babesa eta indarra zelaian islatzea. Familia eta lagunak ere gertu edukiko ditugu».

Ilusioz beteta

Apariciok esan du denboraldi «polita eta ilusioz betea» izango dela aurtengoa. «Ia inoiz ez ditugu izan astean bi partida. Badakigu denok izango garela garrantzitsuak, denok jokatuko dugula, eta esango nuke taldea ilusioz dagoela. Jokatzeko garaian hori transmititzen saiatzen gara». Horrez gain, adierazi du «disfrutatzea» izaten dela beti helburuetako bat, baina «ligan ahalik eta goren geratzea eta beste txapelketetan dena ematea» ere badutela xede.

Marcosek, berriz, denboraldia nolakoa izango den azaltzeko, «exijentzia» aipatu erabili du. «Kontuan izanda zenbat txapelketa ditugun, sasoi exijentea izango da, eta are gehiago Txapeldunen Ligarako sailkatzen bagara. Multzoak badaki denboraldi honek zer eskatuko duen: atsedena eta gauzak lehenesten jakitea. Oso multzo azkarra dugu horretarako». Joan den denboraldian bezalatsu aritzea izango dute xede: «Jarraitutasuna izanda, egunero lan eginda, eta arreta beti aurrean dugun partidan jarrita, lortuko dugu». Ilusioz betetako denboraldiari ekiteko gogotsu daude Realeko jokalariak, eta lehen urratsa egin nahi dute Chelsea kanporatuz.

Reala Betisen aurka ariko da bihar, Cartujan

Bihar hasiko du denboraldia Realak, oraindik ere taldea itxi gabe duela. Izan ere, Liga hasi ondoren itxiko da merkatua, irailaren 1ean. Hala ere, denboraldiko lehen garaipena eskuratu nahi du Realak Betisen aurka. Norgehiagoka 21:00etan izango da (Movistar). 

 

Merkatuaren inguruan hitz egin du Pellegrino Matarazzo Realeko entrenatzaileak gaurko prentsaurrekoan: «Txapelketa gehiago jokatuko ditugu denboraldi honetan, eta taldea orekatua izatea nahi dut. Ziur mugimenduak egongo direla datozen egunetan». 

Cartujan oroitzapen politak dituzte txuri-urdinek. Matarazzok, ordea, adierazi du ez dela Kopako partidan pentsatu behar: «Kopako finalarekin alderatuta, partida guztiz desberdina izango da».

 

Gonçalo Guedes, Jon Gorrotxategi, Pablo Marin, Jon Karrikaburu eta Alvaro Odriozola deialditik kanpo geratu dira. Bigarren taldeko bost jokalarik osatu dute deialdia: Theo Folgadok, Luken Beitiak, Alex Lebarbierrek, Alex Marchalek eta Gorka Carrerak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA