Salma Solaun gimnastak (Gasteiz, 2005) Munduko Txapelketa irabazi du Frankfurten (Alemania). Parisko Olinpiar Jokoetan finaletik kanpo geratu zen, baina atzoko garaipenarekin 2028ko Los Angeleseko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu du.
BERRIAri aitortu zion iaz 2028ko Jokoak luzera begirako helburua zirela, baina gustatuko litzaiokeela bigarrenez Olinpiar Jokoetan parte hartzea, eta lortu du. Espainiako selekzioak taldekako proban irabazi du, Japoniaren eta Brasilen aurretik, eta haren parte zen Solaun. 57,450 puntu lortu dituzte, eta Japoniak, iazko garaileak, aldiz, 56,700.
Garaikur gehiago irabaztetik dator. Bi domina lortu zituen uztailean, Milango (Italia) Munduko Kopan. Maiatzean bi urre eta brontze bat ekarri zituen Euskal Herrira Portimaoko (Portugal) Munduko Kopatik eta, apirilean, Bakuko Munduko Kopan bi domina eskuratu zituen. Europako Txapelketan hiru urrezko domina lortu ditu aurten Espainiako selekzioarekin, eta iaz beste hiru.