«Txanda irabaztearekin batera arnasa hartu genuen». Horrela deskribatu du atzoko estropada Ander Makazagak (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1997). Larunbatean, hamaikagarren postuan geratu zen Erreka ontzia, eta, atzo lehen txanda irabaztearekin batera, zortzigarren izan zen Joseba Fernandezek zuzendutako taldea.
Asteburu garrantzitsua zen San Juanentzat. Aurreko astean azkenak izan ziren etxeko estropadan, eta, ondorioz, kezka eta egonezina sortu zen Pasai Donibaneko taldean. Zarauzko Bandera bi egunetan jokatzen da: estropada bakoitzak berezko puntuazioa dauka, eta sailkapen orokorra bi egunetako denborak batuta erabakitzen da. Horiek horrela, San Juanek hamaikagarren postuan amaitu du, baina Makazagarentzat asteburu amaiera ona izan da: «Orain arte, ez dugu lortu entrenamenduetan emandako maila estropadetan islatzea. Atzo, baina, ongi irten zen dena».
Ez da denboraldi erraza izaten ari San Juanentzat. Hiru estropadatan azkena izan da, eta Galiziako Ares eta Chapelaren gorakadarekin egin du bat haren bolada txarrak. Talde barruan hori guztia nola bizi izan duten kontatu du Makazagak: «Larunbateko estropadaren lehen zatian ondo aritu baginen ere, bigarrenean amildu egin ginen. Ikusten da azken postuetako borroka estu dagoela eta ez dagoela huts egiterik».
San Juanek lortu du hamargarren postu hori defendatzea. Hurbilago ere izan ditu Galiziako taldeak —sailkapenaren azken bi postuetan daude—. Orain, ordea, sei puntura dago kanporaketako postuak zehazten dituena, Ares, eta atzo zortzigarren postua lortu izanak taldearentzat zer ekarri duen azaldu du San Juango arraunlariak: «Arraunean ongi egin eta emaitzak lortzeko gai garela erakutsi dugu. Orain, bide onetik goaz, eta honen ondoren lasaiago gaude».
«Arraunean ongi egin eta emaitzak lortzeko gai garela erakutsi dugu. Orain, bide onetik goaz, eta honen ondoren lasaiago gaude»
ANDER MAKAZAGA San Juaneko arraunlaria
Ez da erraza izaten bolada txarrei buelta ematea. Askotan, jardunaldi txar bat egin ondoren, guztia okertzen da. Baina, bolada txarra igaro ondoren, San Juanek egoera iraultzea lortu du, eta liga amaitzeko bi jardunaldi falta diren honetan eskura du hamargarren postua bereganatzea, azken bi postuak saihestea. Makazagak taldearen kemena goraipatu du: «Askotan egokitu zaigu denboraldi honetan egoera zailei aurre egitea. Psikologikoki indartsuak gara, eta egoerei buelta ematea lortu dugu».
Errekorren denboraldia
Arraun Lagunak-ek Euskotren liga irabazi du, eta Oriok oso bideratua du Eusko Label ligan nagusitzeko aukera. Arraun Lagunak-ek, gainera, denboraldian jokoan izan diren estropada guztiak irabazi ditu. Inoiz ez bezalako lorpena izan da ligan. Oriok, berriz, zazpi estropada jarraian irabaztea lortu du, eta halakorik ere ez zuen inork lortua Eusko Label ligan.
Kontxako Bandera ate joka dago, eta joan den denboraldian han izan zen San Juan. Aurretik, ordea, estropada erabakigarriak jokatuko ditu heldu den asteburuan, Galizian. Makazaga: «Burua Galiziako estropadetan daukagu. Kontxa ere bueltaka dabilkigu, eta sailkatze estropada ona egin eta barruan sartu nahiko genuke. Denboraldiari erremate ona ematea izango litzateke».