San Juan eta Santurtzi: gorenera itzultzeaz gozatzen

Maddi Gereño eta Gorka Rivero arraunlariak pozik dira herriko traineruarekin lortutakoarekin. Igande arratsaldean harrera egin zieten, eta «asko hunkitu» ziren.

San Juango arraunlariak igandean, besoak goian, igotzea lortu eta gero. ARITZ LOIOLA / FOKU
San Juango arraunlariak igandean, besoak goian, igotzea lortu eta gero. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko irailaren 23a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Egokitzen zaigun tokira bueltatu gara». Horixe adierazi du Maddi Gereñok, San Juango arraunlariak (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 2005), Euskotren ligarako igoera lortu ondoren. Maialen Arrazola eta Oihana Cereijo «batelera handien» hitzak erabili ditu. Batelerak ontziaren urrezko aroan egondako arraunlariak dira biak, ordutik traineruan geratzen diren bakarrak. Bost urtez jarraian liga eta Kontxako bandera astindu ostean, 2018ko denboraldi amaieran San Juango trainerua lehorrean geratu zen, harik eta orain dela bi urte berriro uretaratu zuten arte. Bi urte besterik ez dituzte behar izan gorenera bueltatzeko.

Emakumezkoetan bezalaxe, gizonezkoetan ere ontzi historiko bat itzuli da gorenera: Santurtziko Sotera. Azken bi urteak KAE1 ligan egin ditu. Gorka Rivero arraunlariak (Santurtzi, Bizkaia, 1996) 11 urte daramatza bertan arraunean, eta denboraldi onak zein txarrak bizitzea egokitu zaio. Gazteengatik poztu da batez ere: «Baita klubarengatik eta zaleengatik ere. Urte zailak izan dira, eta aurten denboraldia biribiltzea lortu dugu».

Euskotren ligara San Juan igo da, eta Donostiarrak kategoriari eustea lortu du. «Portugaleten, ligan, lau estropada egin ditugu, eta ondo moldatu gara. Orduan, igandekoan, ondo atera behar zuen, nahitaez». Larunbateko estropadari beldur gehiago zioten: «Beharbada, itsasoan ez garelako hainbeste ibili. ‘Ea asmatzen dugun’, ‘ea ez garen urduri jartzen’, esaten genion geure buruari». Larunbatean, Bermeoko estropadan, Zarautzen aurretik sailkatu ziren: «Horrek konfiantza handia eman zigun iganderako».

Lortutakoa barneratzen ari dira oraindik: «Igandean burbuila batean geunden. Uretan ez genuen kasik ospatu ere egin. Ez genuen sinesten. Oraindik atzo [herenegun] gertatutakoa barneratzen ari gara».

Arratsaldean harrera egin zieten herrian, eta «oso hunkigarria» izan zen. Jende asko bildu zen. Gereñok familian ospatu du. Izan ere, bost senide daude Batelerak ontzian. Anartz Gereño taldeko entrenatzailea da, eta haren alabak dira Maddi eta Laia arraunlariak; haren arreba da, berriz, Basagaitz Gereño; eta, lehengusua, Amalur Leon Gereño. San Juaneko arraunlariak adierazi duenez, amona «oso harro» dago. Taldeko arraunlari asko orain dela bi urte hasi ziren traineruan, eta Maialen Arrazola da harrobikoa ez den bakarra. Gereñoren ustez, harrobia lantzen duten taldeak goian egotea garrantzitsua da «arraunaren esentzia ez galtzeko».

«Denbora kontua»

Eusko Label ligara Santurtzi eta Chapela igo dira, Euskal Herriko eta Galiziako zilarrezko ligetan txapeldun izan direnak, alegia. Datorren urtean galiziarrak estreinakoz ariko dira gorenean. Kaikuk, berriz, ezin izan zion mailari eutsi, eta datorren urtean KAE1 ligan arituko da. Riverok azpimarratu duenez, nahiz eta kanporaketen aurretik «tentsioa» izan, talde barruan «lasai» zeuden: «Kontxan eta larunbat honetako estropadan arraunlari multzo berberak egin zuen arraun, eta, igandean, Alexander Esteban entrenatzaileak zera esan zigun: 'Gauza batek behin baino gehiagotan funtzionatzen badu, errepikatzea besterik ez dugu'».

(ID_15341076) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-09-20, Portugalete. Eusko Label Ligako play off-ak
Santurtziko arraunlariak, pozarren, Portugaleteko estropada amaitu eta gero. ARITZ LOIOLA / FOKU

Riverok 21 urte zituen 2017an, Santurtzi aurrenekoz gorenera igo zenean. Bera da taldean jarraitzen duen arraunlari bakarra. «Azken urteak zailak izan dira, baina harrobikoak zaildu zitezen itxaron dugu. Uste dut gazteentzat ona izan zela KAE1 ligara jaistea, Eusko Label ligan zailagoa baita gazteei aukerak ematea. Beheko mailan aukera izan dute arraun egiteko». «Denbora kontua» izan da gorenera itzultzea. «Kasik gehiago gozatu dut haiekin KAE1 ligan arraun egiten, Eusko Label ligan beheko postuen borrokan ibili ginenean baino. Merezi dute lortutakoa, eta gai direla erakutsi dute. Haiei esker igo gara gorenera. 2017an bezalaxe, oilo ipurdia jartzen zait».

Igandeko harreran «oso babestuta» sentitu zen Rivero. «Santurtzi herri handia denez, zale asko ditugu. Lortutakoagatik jende askok zoriondu ninduen. Malkoak ere izan ziren, baina ez triste geundelako, pozik geundelako baizik». Datorren urteari begira, uste du arraunlari gehienek jarraitu egingo duela. Izan ere, hiru arraunlari izan ezik, gainerakoak 20 urteren bueltakoak dira: «Harrobiko arraunlariek nahiago dute Santurtzin arraun egin, herrian, beste talderen batera joatea baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.