«Ilusioz eta anbizioz ari gara lanean». Alexander Esteban Santurtziko entrenatzailearen hitzak dira. Bi denboraldiz KAE 1 ligan aritu ondoren, gorenera itzuli da Sotera, eta gogoz dago taldea. «Proiektuari jarraipena eman nahi diogu. Gainerakoek ere ikus dezatela lanean ari garela, ontziak etorkizuna duela, eta hobetzen eta gauzak ondo egiten ari garela. Aurkariei gauzak zail jarri nahi dizkiegu», azpimarratu du teknikariak.
Horretarako, eguneroko lanean dute jarria arreta osoa. Bi hutsune «garrantzitsu» izan dituzte, Jagoba Garcia eta Miguel Sanchez, baina lasai dago teknikaria: «Iaz titularrak izan ziren. Hala ere, egin ditugu fitxaketak, eta espero dut etorri direnak haien pare egotea». Taldean egin du azpimarra Estebanek: «Inor ez da ezinbestekoa, eta denak dira garrantzitsuak».
Dena den, eskarmentu handiko bi arraunlari nabarmendu ditu, Dani Gonzalez eta Benigno Lojo. «Eredu dira lehiatzen, entrenatzen... Eta duten anbizioa kutsatu egiten dute. Haiek taldean segitzeak indartu egiten du multzoa». Harrobiko lana eta etxeko arraunlariak ere «funtsezkoak» direla uste du. «Gazteetako bat ariko da aurten gurekin. Motibatuta dago, eta ezustekoa eman nahi du. Kohesio ona dago lehen taldearen eta gazteenaren artean. Astean zehar kostatzen ari zaigu taldea osatzea, eta harrobira jotzen dugu».
Denboraldiari ilusioz helduko diote bizkaitarrek. Seigarren eta hamabigarren sailkatuen artean lehia estua egongo dela iritzi dio Estebanek, eta ez du uste inor zuloan geratuko denik, ez behintzat nabarmen. «Badakigu gure mugak zeintzuk diren, baina ez dugu atzean geratu nahi. Prest egon behar dugu. Anbizioz ari gara lanean, gora begira, bigarren txandari begira. Ez baduzu horra begiratzen, argi dago ez zarela iritsiko».
Entrenatzailea izateaz gain, arraunlaria ere bada Esteban, eta uretan egongo da aurten ere. Hala ere, argi esan du: «Gazteak dira taldeari bultza egin behar diotenak. Espero dut nire lana gehiago izatea teknikari moduan arraunlari moduan baino».
Motibazioa da gakoa
Urte zailak pasatu ditu klubak, bai ekonomikoki eta bai kirol arloari dagokionez, baina ari da osatzen eta egindako lanaren fruituak jasotzen. 2023an jaitsi zen kategoriaz Santurtzi, eta orduan hartu zuen Estebanek trainerua zuzentzeko ardura —aurrez ere taldean arraunlari aritutakoa da, 2011n eta 2012an—. «Iritsi nintzenean, batez ere arraunlariak motibatzen egin behar izan nuen lan. Taldeak gaizki pasatua zuen, eta kostatu zitzaidan jarraitu zezaten konbentzitzea».
Haren gidaritzapean egindako lehen sasoian, kanporaketak jokatu zituen Santurtzik, baina ez zuen lortu mailaz igotzea. Bai, ordea, iaz. Nagusi izan ziren, eta merezita igo ziren Eusko Label ligara. Ligan jokatutako hamabost estropadetatik hamar irabazi zituzten, eta azkarrenak izan ziren kanporaketetan jokatutako bi jardunalditan ere.
Hala ere, kanporaketen egiturari buelta bat eman behar zaiola uste du Estebanek: «Kanporaketek beste guztia estaltzen dute. Baliteke iaz hamar bandera irabazita ere igo ez izana. Ez zait justua iruditzen KAE 1 liga eta Galiziako liga irabazten duten taldeek asteburu batean jokatzea gorenera igotzeko aukera. Bi estropada horietan edozer gerta liteke, eta pikutara joan urte osoan egindako lana. Beste formatu bat egon beharko litzatekeela uste dut».
«Kanporaketetan edozer gerta liteke, eta pikutara joan urte osoan egindako lana. Beste formatu bat egon beharko litzatekeela uste dut»
ALEXANDER ESTEBAN Santurtziko entrenatzailea
Kontuak kontu, Santurtzik lortu zuen iaz denboraldia biribiltzea. Etxeko gazteen alde egin zuen apustu klubak, eta ondo atera zitzaion. «Ez zuten esperientzia handirik, baina oso gogotsu zeuden. Entrenamenduak grabatzen genituen, eta bukatu bezain laster eskatzen zidaten bideoa, ea zertan hobetu zezaketen ikusteko».
Esteban hasieratik saiatu zen arrauna ikusteko duen modua sustatzen: «Arraunean dena ematen duzu, edo ez duzu gozatzen. Eta gozatzeko modu bakarra irabaztea da. Behintzat, irabazi behar diezunei irabaztea. Uste dut anbizio hori helarazi diedala, eta bloke indartsu bat lortu dugula, pitzadurarik gabea. Bakoitzak bere tokia du. Nik uste osoa dut haiengan, eta haiek nigan. Hori landu dugu, eta asmatu dugu horretan».
Hala ere, haren irudiko, badago zer egina: «Gazteek arrauna ez dute ulertzen beteranoek bizi izan dugun moduan. Gauzak aldatu egin dira. Arraunak lehentasuna izan behar du egunerokoan». Kluba osasuntsu dagoela uste du, nahiz zaila izan egonkorrak izatea. «Espero ez dituzun hutsuneak izan ditzakezu... Santurtziri etorkizun oparoa ikusten diot, baina ezin da jakin».
Gauza bat jakina da: udan Eusko Label ligan ariko dela Santurtzi, eta itzulera gozoa izan nahi duela.