Arrauna

Santurtziko estropada: kaleen zozketa ez da izango tramite hutsa

Eusko Label eta Euskotren ligako traineruak Bizkaian lehiatuko dira gaur, Santurtzin hain zuzen. Ur lasterrek eta mareak eragina dute eremu horretan, eta aldea egongo da kale batetik bestera. Hala berretsi du Xabier Irigaraik, Hondarribiko arraunlariak.

Hondarribia, lehian, Donostiako estropadan. GORKA RUBIO / FOKU
Hondarribia, lehian, Donostiako estropadan. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko abuztuaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbatero eta igandero, estropada jokatu aurretik, kaleen zozketa egiten dute. Askotan, tramite hutsa izaten da, eta ez du zertan erabakigarria izan kale batean edo bestean jardun. Baina ez da beti hala. Eta gaur, Santurtzin, eragina izango du. Bi denboraldiren ostean, Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruak berriro ariko dira zeresana eman ohi duen estropada eremu horretan. 17:25ean hasiko da emakumezkoen estropada, eta 18:20an gizonezkoena (ETB1).

Arraunlariei ahalegin fisiko handia eskatzen dien eremua da Santurtzikoa, ikusleentzat erakargarria. Eta ondo aztertu behar dira mareak eta ur lasterrak. Emakumezkoen estropada osoa eta gizonezkoen lehen bi txandak marea goraka ari dela jokatuko dira; barrurantz ari direnean ur lasterren laguntza izango dute ontziek, baina kanporantz gogor egin beharko dute arraun. Eusko Label ligako ohorezko txanda, berriz, marea goian dagoenean jokatuko da, eta, beraz, korronteak gutxitu egingo dira.

Estropada eremu gaiztoa da Santurtzikoa, baina batzuek oroitzapen gozoak dituzte bertan: adibidez, Hondarribiak. Azken bi aldietan Ama Guadalupekoak irabazi du bandera. 2023an gailendu zirenean, ontzian zen Xabier Irigarai arraunlaria: «Eskarmentudun asko zeuden taldean. Ni eta nire kuadrillako Beñat Alkain ginen gazteenak; nire atzean zihoan hura. Kalerik onena tokatu zitzaigun guri, eta Bermeori, urte horretan alde handiz nagusitzen ari zen traineruari, kale txarra tokatu zitzaion. Alkain eta biok bandera irabazteko ilusioz geunden, eta antzeman genuen aurretik gindoazela. Bukaeran, azkeneko luzean, ematen zuen harrapatu eta pasatu egin behar gintuztela, baina azkenean guk irabazi genuen. Egundoko ilusioa egin zidan».

Mimoz oroitzen du egun hura. Dena den, ordutik goitik behera aldatu da taldea, eta bestela egingo diote aurre oraingoan. Irigaraik uste du kale batetik bestera aldea egoteak ezustekoetarako aukera zabaldu dezakeela, baina ez dute buruan bandera irabaztea: «Gure lanean dugu jarria arreta. Oso lan ona egin dugu urte osoan, eta sinetsita gaude Mikelek [Orbañanos, entrenatzailea] eta Iosebak [Amunarriz, patroia] esaten diguten horretan. Estropada ona egin nahi dugu. Guri eskatzen diguten bakarra arraunketa ona lortzea da, eta hori da gure helburua estropada guztietan». Nahi lukeen bakarra zera da: kaleen zozketak kalterik ez egitea. Baina argi du: «Tokatzen zaiguna tokatzen zaigula, gurea egiteko asmoz aterako gara». Bihar, berriz, Lekeition (Bizkaia) ariko dira, itsasoan eta marea biziekin. «Gure arraunkeran konfiantza izan behar dugu. Uste dut ondo joango zaigula», azpimarratu du Hondarribiko arraunlariak.

Gora begira

Bizkor dabil uretan Ama Guadalupekoa ontzia. Hamaikagarren egin zuen Getxon, baina azken estropada hori kenduta, bikain ari da: hirugarren egin zuen Chapelan eta Bueun, eta bigarren Donostian: «Getxokoa pena izan zen, puntu asko galdu genituelako. Baina entrenatzailearekin hitz egin eta estropada ikusi eta gero, kontent gaude egindakoarekin. Ohorezko txandan ontzi bat atzean uztea lortu genuen. Baldintzak okertu egin ziren, eta horrek lehen txandakoei irabazteko modua eman zien, baina guk positiboa hartuko dugu gogoan. Arraunean ondo ari gara, gauzak funtzionatzen ari dira, eta horrela jarraitu behar dugu. Taldea gogotsu dago hurrengo asteburuetarako. Bide onean goaz».

Gainera, denboraldia hasi zenetik aurrerapausoa eman dutela uste du: «Ontzi gehienak oso indartsu iritsi ziren liga hasierara, eta guri agian puntutxo bat falta zitzaigun. On egin digu estropadak jokatzeak, eta taldea arraunkera hartzen ari da».

Oraintxe, bosgarren postuan dago Hondarribia. Sei puntura du laugarrena, Getaria, bederatzira Urdaibai, eta hamarrera Zierbena. Koxka bat gorago dago liderra, Orio: 24 puntura. «Gauzak ondo egiten baditugu, goiko taldeekin borrokatzeko gai gara. Ez dugu postu bat helburu, baina saiatuko gara ahalik eta goren egoten, eta ea noraino irits gaitezkeen. Getxoko estropada jokatu eta gero, puntutxo batzuk irauli behar ditugu, baina, ikusita taldea nola ari den entrenatzen eta lehiatzen, espero dut goraka jarraitzea».

«Oso lan ona egin dugu urte osoan, eta sinisten dugu Mikelek [Orbañanos, entrenatzailea] eta Iosebak [Amunarriz, patroia] esaten diguten horretan»

XABIER IRIGARAI Hondarribiko arraunlaria

Talde gaztea du Hondarribiak. Konparazio sinple eta argigarri bat egin du Irigaraik: «2023ko Santurtziko estropadan arraun egin genuenean, Beñat Alkain eta ni gazteenak ginen. Gainera, nabarmen. Eta aurten ez gara helduenak, baina hortxe gaude». Azken urteetan belaunaldi aldaketa bat egon da traineruan, eta beste aro bati ekin dio taldeak. Ilusioz hartu dute gazteek lekukoa, eta etxeko arraunlariz josita dago ontzia, gainera. «Lagunak gara denok, eta sekulakoa da aurten dugun multzoarekin entrenatzea eta lehiatzea», esan du Irigaraik. Hain zuzen, azken bi sasoietan ez du arraun egin, baina taldea nork osatuko zuten ikusita, berriro itzultzea erabaki zuen. 

Aldeko faktore asko dituzte, beraz: giro ona dute taldean, eta ilusioz eta gogoz daude arraunlariak. Eta, «oso esperientzia gutxiko» taldea den arren, badituzte horri kontrapisua egiteko bi lagun: Mikel Orbañanos entrenatzailea eta Ioseba Amunarriz patroia. «Taldeari falta zaion esperientzia hori ematen diote. Gu oraindik ikasten ari gara. Luxua da azken hogei urteetan egon diren patroi eta entrenatzailerik onenak gure alde izatea. Nabaritzen da».

Horiek horrela, urte luzerako taldea du Hondarribiak, eta etorkizun oparoa. Hitz goxoak baino ez ditu Irigaraik: «Klubak oso ondo zaintzen gaitu, eta, gainera, badakigu herria gurekin dagoela. Horrek ere ilusioa pizten digu». Halako giroan, gusturago egiten du batek arraun, eta emaitzetan nabaritu egiten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA