Sara Alonso donostiarrak irabazi du 24. Zegama-Aizkorri mendi maratoia. 04:27:25eko denboran osatu du maratoia. Judith Wyder suitzarra izan da bigarren emakumea; Alonsoren markatik bi minutu eta 22 segundora iritsi da (04:29:47). Hirugarren izan da Malen Osa oñatiarra; Alonsorengandik 3 minutu eta 53 segundora helmugaratu da (04:31:18).
Beste behin ikusgarria izan da Zegama-Aizkorri mendi maratoia: eguraldia, bikaina; ibilbidea oro har nahiko lehor, nahiz eta ingurune ospelenetan lokatz pixka bat egon; eta jendearen eta ikusleen emana, oilo larrua jartzeko modukoa, korrikalari guztiei txaloak, animoak, hauspoa ematen.
Alonsok ametsetako debuta izan zuen 2022an, hirugarren egin batzuen duela hiru urteko hartan, baina azken bi urteak garratzak izan ditu, batez ere iazkoa, probaren bezperan pneumonia baten ondorioz ospitaleratu egin behar izan baitzuten. Aurten, arantza atera nahirik, hasieratik bukaerara lasterketaren buruan egin du maratoi osoa. «Irabazteko asmoz atera naiz. Buruan nuen eta sinesten nuen. Egia da lider izatea estresagarria dela, etengabe pentsatzen duzu: 'etorriko dira, etorriko dira'… Asfaltora iritsi arte ez dut sinistu. Eta han ikusi dudanean inor ez zetorrela, orduan bai, jakin dut txapela nirea zela. Ilusiorik handiena pizten didan lasterketa da Zegama-Aizkorri. Denboraldia gero gain behera badoa, beti esan dezaket Zegama-Aizkorri irabazi dudala, eta hori jada aski da».

Malen Osak bigarren podiuma lortu du, iaz bigarren izan baitzen estreinaldian. Osak atzetik aurrerako lasterketa egin du, iaz bezala. Aurten, ordea, min handiari egin behar izan dio aurre, batez ere jaitsieretan izandako karranpen ondorioz: «Amesgaiztoa izan da. Hasieran oso ondo aritu naiz, 9. kilometrora arte. Jendearekin asko disfrutatzen ari nintzen. Baina lehen jaitsiera motzean, karranpak izan ditut, eta bi minutuz gelditu behar izan dut. Egia esan, kanpoan ikusten nuen nire burua. Autoa hartu eta alde egiteko gogoa nuen. Zorionez, baikor izaten saiatu naiz eta buelta ematen. Aratz igotzean indartsu sentitu naiz. Baina jaitsiera bakoitzean, normalean alde egiten dudanetan, gaur atzean gelditzen nintzen. Sufritzen ari nintzen. Ez nekien helmugara iritsiko nintzen. Gorputza prest neukan baina karranpek asko eragin didate. Sufritzen jakin dut, oso harro nago, eta merezi izan du. Ametsa da podiumean egotea, eta uste dut iazko bigarren postuari baino balio handiagoa ematen diodala aurtengoari».

Gizonezkoetan, berriz, Elhousine Elazzaoui marokoarra izan da garailea. Bakarrik helmugaratu da Zegamako plazan 03:43:28ko denboran. Aurreko bi edizioetan bigarren sailkatu da, Kilian Jorneten atzetik. Aurten aukera guztiak zituen irabazteko, gogotsu zetorren, eta ametsa bete du, Zegama-Aizkorriko garaipena eskuratuta.
«Denboraldia gero gain behera badoa, beti esan dezaket Zegama-Aizkorri irabazi dudala, eta hori jada aski da»
SARA ALONSOMendi korrikalaria
Haren atzetik iritsi da Andreu Blanes Reig valentziarra, 7 minutu eta 25 segundora, eta hirugarren sartu da Daniel Pattis italiarra, lehenengotik 8 minutu eta 12 segundora.
Blanes valentziarra izan da ezusteko nagusia; ausart atera da bere lehen partaidetzan, eta hura ibili da lasterketaren buruan Aratzen eta Sancti Spiritun, baina Aizkorri tontorrean harrapatu egin dute Elazzaouik eta Pattisek. Urbiara jaistean, bat egin dute hirurek, baina Andraitzera bidean erasoa jo du Elazzaouik, eta hortik aurrera ez du aurkaririk izan helmugara arte. Blanesek ere jaitsiera bikaina egin du, eta, nahiz eta Moanon eroriko larri samarra izan duen, jakin du sufritzen, eta helmugan bigarren egin du. Estreinako bikaina, beraz, valentziarrarena.
«Sufritzen jakin dut, oso harro nago. Ametsa da podiumean egotea, eta uste dut iazko bigarren postuari baino balio handiagoa ematen diodala aurtengoari»
MALEN OSAMendi korrikalaria
Elazzaoui pozik zen helmugan, hainbeste desiratu izan duen garaipena lortuta: «Oso zoriontsu nago. Beti bigarren izan naiz, eta garaipen hau berezia da niretzat. Zegama Zegama da, eta hemen irabaztea sekulako ametsa da. Lasterketan oso zuhur aritu naizela uste dut. Aurreko hiru esperientziek asko lagundu didate», adierazi du irabazleak, probaren historian laugarren denborarik onena ezarri ondoren.
Sailkapenak, unean berean eguneratuta, esteka honetan.