Mendi korrikalaria

Sara Alonso: «Barrutik negarrez nindoan helmugara iritsi nintzenean»

Alonsok aitortu du Ibilbidean zehar ez zuela «erreferentzia askorik» izan eta errepidera heldu zen arte ez zuela sentitu irabazi egingo zuenik.

Sara Alonso, Zegama-Aizkorriko garailea. GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
Unai Ugartemendia.
Zegama
2025eko maiatzaren 26a
11:05
Entzun 00:00:0000:00:00

2022an egindako denbora hobetu ez arren, Sara Alonsok (Donostia, 1999) ametsa bete ahal izan du: Zegama-Aizkorri mendi maratoia irabaztea: «Hori zen helburua; denbora berdin zitzaidan». Lortutako garaipenari esker, Golden Trail serieetako lehen postuan jarri da berriz ere.

Zer pentsatu zenuen herrira iritsi eta irabazi egingo zenuela ikustean?

Ez naiz negar egiten duten horietakoa, eta, halere, barrutik negarrez nindoan. Helmugara iristean, antolakuntzako Maialen Arizkorreta negarrez ikusi nuen, ama ere bai… Izugarria izan zen! Pentsa, 2017az geroztik ez dugu izan hemengo irabazlerik Zegama-Aizkorrin.

Lasterketa irabaztearekin amesten zenuen, eta lortu duzu. Orain zer?

Hori da okerrena, orain ez dudala helbururik [barrezka]! Irabaztea zen helburu nagusia aurten, eta berdin zitzaidan denbora.

Lasterketa hasi orduko jarri zinen lehen postuan. Hori zen asmoa?

Irabazteko asmoz atera nintzen hasieratik, eta banekien nire aurkaririk gogorrena Judith Wider izango zela. Ni baino hobea da jaitsieretan, eta, horregatik, argi neukan Aratzetik [16. kilometrotik] lehen postuan igaro behar nuela. Hori lortzeko aukera izan nuen. 2022an baino hiru minutu lehenago pasatu nahi nuen handik, baina minutu batekoa baino ez zen izan tartea. Une batez pentsatu nuen ez nengoela hain indartsu.

Saint Spiriturako (19,6 kilometroa) jaitsieran, ordea, aldea handitzea lortu zuen.

Bai. Bertako giroa izugarria izan zen, gainera! Aizkorrira bikain igo nintzen, nahiz eta une oro atzera begira joan behar izan nuen. Hori izan zen lehen postuan joatearen gauzarik okerrena! 2022an askoz gehiago gozatu nuen alde horretatik. Lehen postua galtzeko beldurrez joan naiz oraingoan. Bukatu arte ez nuen asko gozatu. Edonoiz norbait atzetik etorri eta aurreratuko ninduen beldurrez ibili nintzen ibilbide osoan.

«Egia da azken kilometroetan aldea txikitu zutela, baina ni ere kontu handiz ibili nintzen azken jaitsieran. Ez nuen dena pikutara bidali nahi»

Zure ezaugarriak kontuan hartuta, lekurik okerrena Aizkorriko gailurreria zen, baina bikain eutsi zenion Wilderri ateratzen zenion abantailari. Erabakigarria izan zen hori?

Inoiz baino hobeto igaro nuen gailurreria. Aizkorrin neraman bost minuturen aldeari eusteko gai izan nintzen. Halere, ez nuen erreferentzia handirik izan bide osoan. Gailurreria igaro eta Arbelarreko [25. kilometroa] jaitsiera gogorra pasatu eta gero, nire txanda zela ikusi nuen. Helburu bakarra neukan: nire eremurik gustukoenean lasterketa ez galtzea. Handik helmugara, dena den, izugarri sufritu nuen. Beroa areagotzen ari zen, eta karranparen batzuk ere izan nituen hanketan. Andraitzen, Malen Osa hirugarren zetorrela esan zidaten, eta izugarri poztu nintzen. Biak podiumean egongo ginela imajinatzen hasi nintzen.

Dena den, azken kilometroetan aldea murriztu zuten atzekoek. Bazenekien zenbateko aldea ateratzen zenien aurkariei?

Azken jaitsieran, besoak inurritzen hasi zitzaizkidan, eta txakalaldi baten zantzuak ere agertzen hasi ziren. Batzuek esaten zidaten bi minuturen aldea neramala, baina aitak esan zidan bost minutu eta erdirena zela. Egia da azken kilometroetan aldea txikitu zutela, baina ni ere kontu handiz ibili nintzen azken jaitsieran. Ez nuen dena pikutara bidali nahi. Errepidera heldu nintzen arte, ez nuen sentitu irabazi egingo nuenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.