Mendi korrikalaria

Malen Osa: «Dena bertan behera uztekotan egon nintzen 11. kilometroan»

Podiumean koska bat beherago geratu arren, egin duen lanarekin gustura dago Osa, marka hobea egin baitu. Lasterkarien maila nabarmendu du.

IGOR QUIJANO / ZEGAMA-AIZKORRI
IGOR QUIJANO / ZEGAMA-AIZKORRI
Unai Ugartemendia.
Zegama
2025eko maiatzaren 26a
14:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Malen Osak (Oñati, Gipuzkoa, 2002) bigarren postuan amaitu zuen iaz Zegama-Aizkorri maratoia, eta lorpen hori ez zela kasualitatea izan berretsi du aurten, berriz ere podiumera igo baita, hirugarren tokian. Hala, aurretik Asian korritu zituen bi lasterketek utzitako arantza ateratzea lortu du.

Iaz bigarren izan zen; aurten, berriz, hirugarren. Helburuak beteta amaitu zenuen lasterketa?

Iaz baino lau minutu gutxiago egin arren, aurten hirugarren amaitu dut. Hor ikusten da nesken maila izugarri hobetu dela. Gozatzeaz gain, aurtengo beste helburuetako bat egindako lana hobetzea zen, eta uste dut hori, behintzat, lortu dudala. Lau ordu eta 37 egin eta zazpigarren sartu izan banintz ere, gauza bera esango nuke. Oso gogotsu nago jada datorren urteko lasterketarako.

Iaz baino gehiago borrokatu behar izan zenuen?

Aurten aurreikusten nuen lehia handia izango genuela lehen postuetarako. Asko borrokatu behar izan dut, baina hirugarren postua lortu dut. Oso-oso pozik nago.

Iaz baino gehiago?

Bai. Urte zail batetik nentorren, eta azken hilabetea oraindik eta zailagoa izan da. Orain hiru aste ez nekien irteeran egongo nintzen. Zalantza asko nituen, esan bezala maila izugarri igo dela ikusten bainuen. Iazko denbora hobetzea zen aurtengorako neuzkan erronketako bat, eta hori ere lortu dut. Ikusi besterik ez dago nor izan nituen kide podiumean. Ametsa izan zen niretzat! Lasterketa nola joan zen ikusita, eta aurrera jotzeko izan nuen gaitasuna ikusita, pozez zoratzen nago.

Noiz ikusi zenuen zeure burua podiumean?

Azken kilometroetan egoera zein zen ikusita, banekien asko borrokatu beharko nuela bertan egoteko. Lehia handia izan zen bigarren eta seigarren postuetarako. Jendea aurreratuz nindoan heinean, ikusi nuen nor gelditzen zen lehiatik kanpo eta nor ez. Rosa Lararekin eta Therese Leboufekin zalantzak izan nituen azkenera arte. Lehen bosten artean ikusi nuenean neure burua, asko poztu nintzen, eta aldi berean podiumarekin amesten hasi nintzen. Dena den, argi nuen zaila izango zela.

Nola ekin zenion lasterketari?

Lasai, baina azkenaldian asko ari naiz sufritzen karranpekin. Buruko arazoa, nahiz eta ondoren fisikoki eragin. Badakit uneren batean klik bat egin beharko dudala, eta esperientzia pilatzearekin batera gaindituko dudala. Aspaldiko arazoa da. Une batez oso gaizki ikusi nuen neure burua.

Gelditu ere egin zinen.

Bai. Pare bat minutuz geldirik eta negarrez egon nintzen, 11. kilometroan. Denetik pasatu zitzaidan burutik. Neure buruari behin eta berriz esaten nion: «Ez da posible gaur izatea!» Gogo handiz nengoen lasterketaz gozatzeko! Izugarrizko kolpea izan zen. Une batez, gainera, bost edo sei korrikalarik aurrea hartu zidaten. Halere, gutxinaka hasi nintzen berriro korrika, eta konturatu nintzen aurreikusten nituen denboren barruan nindoala. Gorputza gaizki izanda ere, pentsatutako ordutegian nindoan; horrek ere harritzen ninduen. Igoeretan inoiz ez bezala sentitu nintzen azkenerako.

«Gorputza gaizki izanda ere, pentsatutako ordutegian nindoan. Horrek ere harritzen ninduen. Igoeretan inoiz ez bezala sentitu nintzen»

Gutxinaka, denak aurreratuz joan zinen.

Aipatu bezala, nire denboratan nindoan, eta beste asko baino hobeto. Atzetik aurrera egin nuen, eta azken zazpi kilometroetako lehia izugarria izan zen.

Txakalaldiaren ondoren Andraitzera iristea zen beste helburuetako bat?

Bai. Gertuko gehienak han nituen zain, eta iritsi beharra neukan ezinbestean. Egoerari buelta ematea lortu nuen, eta oso harro nengoen. Ez nuen amore eman, eta azkenean saria izan zuen horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.