Super Amara Bera Berako jokalaria

Lyndie Tchaptchet: «Sareetan jaso ditugun mezu arrazistak onartezinak dira»

Lehen aldiz jokatu du Munduko Txapelketa Tchaptchetek, Espainiarekin. Faroe Uharteen aurka galdu eta gero, sare sozialetan hainbat jokalariren aurkako mezu arrazistak zabaldu ziren, tartean bere aurka. «Hau gelditu beharra dago», esan du irmo.

Lyndie Tchaptchet Bera Berako jokalaria. ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko abenduaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bera Berarekin berriz lehiatzeko irrikaz dago Lyndie Tchaptchet (Jaunde, Kamerun, 2005) jokalaria. Gaur izango du horretarako aukera, Malagaren aurka arituko baita Donostiako taldea ligan, Gaskan (20:00). Lehen itzuliko azken-aurreko partida da, eta Bera Berak lehen postuan sendotu nahi du—Beti Onak-ek ere gaur jokatuko du, Lanzaroten (20:00)—.

Munduko Txapelketa dela-eta izandako etenaren ostean, gaur ekingo diozue berriro ligari. Malagaren aurka jokatuko duzue, aurkari zuzen baten kontra. Nola zaudete?

Gogotsu gaude berriz lehiatzeko. Zuk aipatu bezala, Malaga aurkari zuzena izan ohi da sailkapenaren goialdean, eta irabazi egin nahi dugu, puntuetan ateratzen diegun aldea handitzeko, eta lehen itzulia ondo amaitzeko.

Nolako partida izango da gaurkoa?

Malagak aldaketa asko egin zituen udan taldean, eta egokitu beharra izan dute. Aurreko denboraldietan baino jokalari gazteagoen alde egin du, esperientzia gutxiago du. Baina talde indartsua da. Oso ondo ari da jokatzen. Gainera, ama izan eta gero, Silvia Arderius itzuli egin da. Goi mailako jokalaria da, eta beti ematen dizkigu lanak. Bete-betean aritu beharko dugu irabazteko; eta, batez ere, aurkarian baino gehiago, gugan jarri behar dugu arreta. 

Etenaren aurretik kolpea jaso zenuten, Europatik kanpo geratu baitzineten. Nola eragin diezazueke horrek denboraldiko helburuak finkatzeko garaian?

Aurreko denboraldian egin genuen lan onaren ondoren, Europan urrutira iritsi nahi genuen. Gaskan bizi izan genuen giro hura berriz bizitzeko irrikaz geunden. Galtzeko moduak eman zigun batez ere min: berriro ere penaltietan. Baina erronka politak ditugu aurretik: hirugarren denboraldiz segidan Iberiar Superkopa, Espainiako Kopa eta Liga irabaztea, adibidez. Kopa, gainera, Donostian jokatuko dugu. Irrikaz gaude. Bestalde, aurreko denboraldian ez genuen liga erregularra irabazi, eta hori ere lortu nahi dugu. Izan ere, kanporaketetan edozer gerta ere, horrekin ziurtatua duzu Europan jokatzea.

Europan ez arituta, astero partida bat jokatuko duzue; beraz, ez duzue horren egutegi betea izango. Hala izanda, zama handiagoa duzue beste bi tituluak irabazteko?

Argi dago ez garela aurreko denboraldian bezain nekatuta egongo. Baina ez dut uste zama edo betebehar handiagoa dugunik beste bi tituluak irabazteko. Betebehar edo zamatzat baino gehiago, pizgarritzat hartzen dugu hori lortzea. Oso motibatuta eta gogotsu gaude, eta talde gisa indartzen eta hobetzen jarraitu nahi dugu.

Jokoari erreparatuta, nola dago taldea?

Ondo. Baina badugu zer hobetua; batetik, defentsan irmoago aritu behar dugu. Oraindik ez dugu gure onena eman arlo horretan. Ez gara aurreko sasoietan bezainbeste baloi berreskuratzen ari, eta hori aldatu beharra dugu. Izan ere, baloiak lapurtzeak korrika egiteko modua ematen digu. Bestetik, partida batzuetan behar baino gehiagotan galdu dugu arreta.

«Defentsan irmoago aritu behar dugu. Oraindik ez dugu gure onena eman arlo horretan. Ez gara aurreko sasoietan bezainbeste baloi berreskuratzen ari»

Eta zu nola ari zara?

Ondo. Gero eta gertuago nago izan nahi dudan jokalari horretatik. Baina, aldi berean, argi dut gaztea naizela eta bide luzea dudala aurretik. Fisikoki hobetu beharra daukat. Munduko Txapelketan argi ikusi dut hori. Arlo horretan aldea dago Espainiako Ligan ari diren eta Europako beste liga batzuetan ari diren jokalarien artean. Hori lortuz gero, teknikoki eta taktikoki ere hobetu egingo dudala uste dut. 

Maiatzean amaitzen zaizu kontratua. Hobetu behar duzun hori hobetzeko Bera Bera al da tokirik egokiena? Edo Europako liga indartsuagoren batera joan nahiko zenuke?

Bera Beran oso gustura nago, nire etxean bezala. Gero eta gehiago ikasten ari naizela uste dut. Espainiako Liga, gainera, oso aproposa da hazteko, eta konfiantza hartzen jarraitzeko. Agian, apur bat urruti ikusten dut urrats hori egitea. Klubekoekin hizketan ari naiz, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Bera Beran Shula Gavilan duzu taldekide pibote postuan. Zer nabarmenduko zenuke harengandik?

Oso jokalari ezberdinak gara. Hura ni baino bizkorrago mugitzen da, trebeagoa da horretan. Asko erreparatzen diot haren jardunari, esan bezala nik hori baitut hobetzeko. Bestalde, taldekide aparta da. Hasiera-hasieratik asko lagundu eta erakutsi dit, beti saiatu da ni gustura eta eroso egon nadin. 

Lehen aldiz jokatu duzu Munduko Txapelketa, Lysa ahizparekin batera, gainera. Horrek are bereziago egin du?

Zalantzarik gabe. Esperientzia hori harekin bizitzea izugarria izan da. Denbora generaman elkarrekin hainbeste denbora pasatu gabe, eta polita izan da. Postu berean jokatzeaz gain, logela berean egon gara, eta asko hitz egin dugu. Hura ondoan edukita, lasaiago egon naiz. Babes handia izan da hura alboan egotea. 

«Munduko Txapelketan ahizparekin aritzea izugarria izan da. Hura ondoan edukita, lasaiago egon naiz; babes handia izan da»

Zer miresten duzu harengandik?

Bere buruarengan duen ziurtasuna, eta daukan ausardia. Gainera, aholku oso onak ematen ditu. 

Zein izan da aste hauetan eman dizun aholkurik onena?

Disfrutatzeko, sekula ez dakizulako berriro ere Munduko Txapelketa bat jokatzeko aukera izango duzun. 

Txapelketan ez dituzue nahi zenituzten emaitzak lortu. Baina hori alde batera utzita, gogorrena zera izan da: Faroe uharteen aurka galdu eta gero, hainbat jokalarik sare sozialetan jaso zenituzten mezu arrazistak. Nola bizi izan zenuten?

Hala da. Mezu horiek onartezinak dira. Modu anonimoan egindakoak dira. Espainiako Federazioak Poliziarengana jo du, gertatutakoa salatzeko. Ondo deritzot; hau geratu beharra dago.

Aurretik halako zerbait gertatu al zaizu?

Goi mailan ez, baina gaztetxoagoa nintzenean bai. Batez ere aurkarien gurasoek egiten ziguten iseka. Gogorra izaten zen, baina bere garaian bazirudien horrekin bizitzen ikasi behar zenuela. Zorionez egoera aldatu egin da, eta pixkanaka urratsak egiten ari dira hori aldatzeko. Ezinbestekoa da erakundeek eta klubek horretan esku hartzea.

Zer esango zenioke halako egoera batean dagoen jokalari gaztetxo bati?

Familiari eta klubari esateko, haiek lagundu diezaioten, eta hori egiten dutenak burugabe hutsak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.