64 partida jokatu dituzte dagoeneko Binakako Txapelketan. Pila bat dira, baina ez nahikoa, oraindik argitu gabe baitago zein bi bikotek jokatuko duten finala martxoaren 29an, Iruñeko Nafarroa Arena frontoian.
Jakina da Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak osatutakoa izango dela finalean ariko diren bi bikote horietako bat. Amezketarrak eta arbizuarrak noren aurka jokatuko duten falta da argitzeko. Gaur jakingo da hori. Finalerdietako ligaxkako azken partida jokatuko dute Logroñoko (Espainia) Adarraga frontoian, 17:00etan (ETB1). Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta Unai Lasoren eta Jon Ander Albisuren aurka ariko dira. Ligaxkako partida bat da, baina lasai-lasai izan zitekeen ohiko finalerdi bat: irabazten duen bikotea finalerako sailkatuko da; galtzen duena, berriz, lehiatik kanpo geratuko da.
Bi bikoteek egin dute lan bera finalerdietako ligaxkan: partida bat irabazi dute, eta beste bat galdu. Lasok eta Albisuk ondo ekin zioten bigarren ligaxkari, eta nagusitasunez hartu zituzten mendean Erik Jaka eta Martxel Iztueta lehen jardunaldian: 22-13 irabazi zieten Nafarroa Arenan. Bigarren jardunaldian, ordea, galdu egin zuten Altuna III.aren eta Ezkurdiaren kontra Gasteizko Ogetan: 22-15.
Lasok eta Albisuk denbora asko zeramaten galdu gabe, hiru hilabete luze, abendu hasieran Donostiako Atano III.ean Iker Larrazabalen eta Jon Mariezkurrenaren kontra 22-20 galdu zutenetik. Hamabi partida irabazi zituzten jarraian: lehen ligaxkako azken hamaikak eta finalerdietako ligaxkako aurrenekoa. Baina zer diren kontuak, partida bat galtzeak arriskuan jarri ditu Baikoko bi pilotariak. Ez dute nahi duela bi urte Jakari eta Mariezkurrena II.ari gertatu zitzaiena gertatzea: lehen postuan bukatu zuten aurreneko ligaxka, baina, gero, ez ziren sailkatu finalerako. Haien zorionerako, garaiz daude bikain hasitakoa biribiltzeko. Horretarako, denbora luzez erakutsitako eraginkortasuna eta sendotasuna berreskuratu beharko dute. Albisuk mina izan du eskuin eskuan, baina jokatzeko prest dago.
Elordik eta Zabaletak, berriz, kontrako bidea egin dute finalerdietako ligaxkan. Galdu egin zuten aurreneko neurketa: 22-16 Altuna III.aren eta Ezkurdiaren aurka, Atano III.ean. Horrek arrisku bizian jarri zituen, derrigor irabazi behar baitzieten Jakari eta Iztuetari bigarren jardunaldian. Behar, eta lortu ere bai, nagusitasunez irabazi baitzieten, 22-11, Atano III.ean. Ez ziren distiratsu aritu, eta aski izan zuten txukun jokatzea irabazteko. Hala ere, garaipenak konfiantza eta indarra eman die neurketa erabakigarrirako.
Baikokoak nagusi elkarren artekoetan
Lasok eta Albisuk eta Elordik eta Zabaletak bitan jokatu dute elkarren aurka txapelketan, eta Baikoko bikotea gailendu da bi partidetan. Lehen itzulian, Lekeitioko (Bizkaia) Santi Brouard frontoian, Lasok eta Albisuk nagusitasunez irabazi zuten: 22-11. Bigarren norgehiagoka, ordea, askoz parekatuagoa izan zen: 22-17 irabazi zuten Baikokoek Gernika-Lumoko (Bizkaia) Santanape pilotalekuan, baina bi bikoteak bete-betean aritu ziren, eta lehia gogor bezain ikusgarria jokatu zuten. Gaur, hirugarrenez ariko dira elkarren aurka. Aurreko bi aldiekin alderatuta, tentsioak goia joko du, sari handia baitago jokoan: finalerako sailkatzea.
DARIOk eta ezkurdiak 22-7 irabazi diete Jakari eta iztuetari
Dariok eta Ezkurdiak nagusitasun handiz irabazi zieten atzo Jakari eta Iztuetari Tolosan (Gipuzkoa), binakakoaren finalerdietako ligaxkako azken jardunaldiko lehen partidan: 22-7. Ez zegoen ezer jokoan.
Lehen Mailako binakako finala gaur geratuko da zehaztuta. B Seriekoa, berriz, zehaztuta dago jada: Peña II.a eta Salaverri Muruaren eta Gabirondoren aurka ariko dira hilaren 21ean, Bergaran (Gipuzkoa).
Hain zuzen, Bergaran jokatu zituzten atzo Adosen binakako partidak: Aranburuk eta Mendiburuk 22-6 irabazi zieten Oskozi eta Arrastiari, eta, Barrokalek eta Perezek 22-19 Iturriagari eta Orbegozori. Gaur, Barrokal eta Perez Gomezen eta Agirreren aurka ariko dira Beran (Nafarroa), 11:30ean.