Julen Etxeberria.

Ezin da politika alde batera laga

2025eko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Itzali dira argiak Gernikako Jai Alai frontoian. Amaitu da Euskal Pilotako Nazioen Liga. Behin eta berriro esan den bezala, historikoa izan da. Urte askoan itxaron ondoren, euskal selekzioa lehen aldiz aritu da Nazioarteko Esku Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean. Lorpen handia da: aspaldiko bidegabekeria eta zentzugabekeria zuzendu da. Hala ere, bada oraindik konpondu beharreko auzi garrantzitsu bat: euskal selekzioa zazpi herrialdeetakoa izatea. Egun, araudiak ez dio bide ematen horri, baina horretan eragiten jarraitu beharra dago, gabezia baita. Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa gabe, ez da benetako euskal selekzioa. Aldarrikapen hori oso presente egon da txapelketan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pilotariek lehen aldiz aukeratu ahal izan dute zein selekziorekin jokatu. Bi joera egon dira: batzuek euskal selekzioarekin jokatzea erabaki dute; beste batzuek, ordea, Espainiakoarekin aritzea. Euskal selekzioaren alde egin dutenek esan dute «oso argi» izan dutela zeinekin jokatu nahi zuten, «pribilegiatutzat» dutela euren burua, eta «ametsa» bete dutela euren herrialdea nazioarteko txapelketa batean ordezkatuta. 

Espainiarekin jokatzea erabaki dutenek, ordea, «kirolarekin lotutako arrazoiak» aipatu dituzte euren erabakia argudiatzeko. Hain zuzen, zera esan zuten Gorka Mugartegik eta Arai Lejardik BERRIAn: «Politika alde batera laga, kirol arloari begiratu, eta Espainiarekin aritzea» erabaki zutela. Biek ala biek dute zilegitasun osoa Espainiarekin jokatzeko, baina oso argi izan behar dute kirolean har daitekeen erabakirik politikoena dela zer herrialde ordezkatu hautatzea.

Pilotari horiei gogoratu behar zaie Espainia ordezkatu eta Espainiaren mesedetan jokatu dutela. Eta, hori egiteko, uko egin diotela Euskadiko Pilota Federazioak egindako gonbitari, eta baietz esan Espainiakoak luzatutakoari. Eta hauxe dela Espainiako Pilota Federazioa: euskal gizartearen aspaldiko nahia zapuzten ari den erakundea, hori lortzeko urte askoan jende askok egindako ahalegina oztopatzen ari dena. Haren esku balego, euskal selekzioa ez litzateke existituko. Horren erakusle da helegitea jarri duela Kirola Arbitratzeko Epaitegian (TAS), Nazioarteko Federazioak Euskadikoa eskubide osoko kide gisa onartu izanaren aurka. Bai, hori da Espainiako Pilota Federazioa, eta hura ordezkatu dute euskal pilotari horiek Nazioen Ligan. Ez, ezin da politika alde batera laga. Erabaki politikoa da erabat.

Eta hori oso argi izan behar dute etorkizunean euskal selekzioaren eta Espainiakoaren artean aukeratu beharko duten kirolariek. Berri bikaina litzateke gero eta kirolari gehiago egotea egoera horretan. Busti egin beharko dute, orain arte batzuk eroso bizi izan baitira. Euren kirolean euskal selekziorik ez zegoela argudiatuta, normaltasun osoz aritu dira Espainiakoarekin. Baina ikusteko dago zer egingo duten aukeratu dezaketenean. Batzuk deseroso sentituko dira, euren erabakiak izan ditzakeen ondorioez kezkatuta. Baina horixe dauka posizionatzeak.

Euskadiko Pilota Federazioak lortutakoak, halaber, akuilu izan behar du beste kiroletako federazioek benetako apustua egin dezaten ofizialtasunaren alde. Erakundeak izan behar dituzte bidelagun. Oztopoak egongo dira bidean, baina handia da saria. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.