Euskal Herriko Itzulia

Seixasen beste garaipen bat, Lipowitz esprintean menderatuta

Itzuliko liderrak hirugarren etapa garaipena lortu du gaur, Eibarren. Lipowitzekin batera nabarmendu da lasterketako saiorik gogorrenean. Okerrik ezean, frantziarrak jantziko du bihar txapela, Bergaran. Izagirrek zabalik ditu oraindik podiumeko ateak.

Paul Seixas, Eibarko helmugan, etapa garaipena ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paul Seixas, Eibarko helmugan, etapa garaipena ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko apirilaren 10a
18:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nahieran dabil Paul Seixas (Decathlon) Euskal Herriko Itzulian. Garaipenak lortzea erraza dela ematen du frantziar gazteari erreparatuta. Halaber, egunez egun aise ari zaio eusten sailkapeneko lehen postuari. Gaur jokatu dute etaparik gogorrena, Eibar inguruko mendateetan barrena, eta Seixasek bere legea ezarri du beste behin ere. Izuan aurrera egin du, Florian Lipowitzekin (Red Bull) batera, eta esprinta eserita irabazi dio alemaniarrari. Erraza balitz bezala, berriz ere. Aste honetan hiru garaipen lortu ditu dagoeneko, eta bihar, hondamendirik ezean, txapela jantziko du Bergarako podiumean.

Podiumeko bigarren koska, oraingoz, Lipowitzena litzateke. Hirugarren postuan hasi du etapa, baina aurrea hartu dio gaur Primoz Roglic (Red Bull) taldekideari. 2.30eko atzerapena du Lipowitzek, eta 3.40koa Roglicek. Esloveniarrak belarriak tente izan beharko ditu bihar, Ion Izagirrek (Cofidis) kosta ahala kosta aurreratu nahiko baitu. Ormaiztegiarrak hamar segundo eskasera du sailkapen nagusiko hirugarren postua. Etapako hirugarren sailkatua, berriz, Javier Romo (Movistar) izan da. Izuan erori izan ez balitz, beharbada garaipenaren lehian izango zen hura ere. Bi onenek minutu bateko errenta lortu dute beste faboritoekin, eta multzo horretan helmugaratu da Izagirre, bosgarren postuan. Pello Bilbao (Bahrain), berriz, bederatzigarren izan da.

Igoeraz jositako ibilbidean, txirrindulariek hasieratik jardun behar izan dute maldan gora: hiru mendate igo dituzte lehen 50 kilometroetan, Elkorrieta, Azurki eta Etumeta. Atzoko etapan bezala, txirrindulari askok egin dute hanka tropeletik; behin Azurki igarota, 30 iheslari inguru elkartu dira lasterketa buruan. Aranburu jolaserako gogoz zen gaur ere, eta ihesari eman dio berriro. Beste lau euskal herritar agertu dira abenturazaleen multzoan: Markel Beloki (Education), Ibon Ruiz (Kern Pharma), Haimar Etxeberria (Red Bull) eta Mikel Bizkarra (Euskaltel-Euskadi).

Aranburu, Beloki eta Ruiz aurrerantz egiten saiatu dira Etumetan; berandu gabe harrapatu dituzte, ordea. Arerio gogorrak zituzten: besteak beste, Kevin Vauquelin (Ineos), Marc Soler (UAE), Lorenzo Fortunato eta Christian Scaroni (Astana), Juanpe Lopez (Movistar), Guillaume Martin (Groupama) eta Ben Healy (Education). Tropelak lau minutuko abantaila eman die hasiera batean, baina asko hurbildu zaizkie Krabelinera bidean, Bahrain taldearen ekimenez.

Lipowitz lasterketa apurtzen saiatu da Krabelineko malda gogorretan. Seixasek irmo eutsi du, eta, hortik gutxira, ezerezean utzi dute ihesaldia. Iheslariz eta faboritoz osaturiko multzoa sortu da Krabelin igaro ondoren; bertan ez zen ageri Mattias Skjelmose (Lidl) —sailkapeneko bosgarrena—, ezta Ben Tulett (Visma) ere —seigarren sailkatua—. Haiek urruntzea komeni zitzaion Izagirreri, eta hori horrela, lanerako atorra jantzi du Aranburuk.

Krabelinen bezala, Izuan ere Seixas eta Lipowitz nabarmendu dira. Roglicek eta Izagirrek ez dute luze iraun haien gurpilean. Javier Romok (Movistar) suziria bezala egin du atzetik aurrera, baina hankaz gora joan da lasterketa burura iritsi berritan. Hortik aurrera, ondo konpondu da lasterketa buruko bikotea. Erreleboak emateko prest agertu da alemaniarra, Roglic taldekidea atzetik zetorren arren. Esprintean ere gauzak erraz jarri dizkio Seixasi.

Amaitzeko, mendi gehiago

Itzuliari amaiera emateko, beste etapa menditsu bat jokatuko dute bihar. Txirrindulariak nekatuta iritsiko dira Bergarako helmugara, Asentzio, Elosua eta Azkarate birritan igo eta gero. Ibilbidearen gogortasuna gutxi balitz bezala, eguraldiak ere kutsu epikoa emango dio etapari; iragarpenak betetzen badira, ziklistek euripean jardun beharko dute. Elosua bigarrenez igotzen dutenean 60 kilometro geratuko zaizkie helmugara iristeko, eta baliteke saiakera garrantzitsuak izatea bertan. Asentzio izango da eguneko azken mendatea: tontorra igaro eta bederatzi kilometrora iritsiko dira Bergarara. Ondo bidean, maillot horia etxera eramango du Seixasek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA