Iñigo Juaristi. Euskal Selekzioko entrenatzailea

«Selekzio ona ikusiko dugu»

Selekzioa zelaian izango da berriz etzi, Zubietan. Euskadiko Federazioak antolatutako nazioarteko txapelketa jokatuko du, ia lau urteren ondoren; Argentina eta Venezuela izango ditu aurkari. Juaristi ilusio handiarekin da.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal herritar eta euskaldun batentzat aparteko zerbait da Euskal Selekzioarekin lehiatzea: horrela bizi du emakumezkoen futbol selekzioaren entrenatzaileak, Iñigo Juaristik (Berango, Bizkaia, 1968), eta gogotsu dago etziko txapelketari begira. Argentina, Venezuela eta Euskal Selekzioa Basque Country International Womens Cup-en ariko dira, Zubietan.

Lau urte joan dira selekzioak azkeneko partida jokatu zuenetik. Askotxo?

Bai, baina ez da erraza horrelako partidak antolatzea, eta pandemia egoeran, are zailagoa. Aukera izan genuen Pragan jokatzeko, baina ezin izan zen. Orain ere, begira nola ibili garen txapelketarekin, aurkari bat ez datorrelako azkenean [Nigeria].

Zergatik kostatzen da hainbeste selekzioaren partida bat antolatzea?

Euskal Selekzioa ez da ofiziala, eta, nire ustez, horrek zailtasun handiagoak sortzen ditu. Ematen du gai honekin arazoak daudela nazioarteko selekzioetan. Agian, pentsatu egingo dute zein den gure selekzioa, ofizial ez den bat, eta horrek atzera egitea eragingo die. Ez dakit, izan daiteke horrelako zerbait. Lehen, partidak Gabon garaian izaten ziren normalean, eta beti egoten zen arazoren bat aurkariak topatzeko. Orain, berriz, FIFAko egutegiaren barruan jokatuko dugu, eta errazagoa da aurkariak topatzea. Baina beste arazo bat sortu zaigu: nola selekzioen partidak diren, Espainiak ere jokatzen du, eta jokalari batzuk ezin dira gurekin etorri. Badakigu arazo horiek guztiak nola konponduko diren: ofizialtasuna lortuta; dena erraztuko liguke horrek.

Euskadiko Federazioak FIFAn eta UEFAn eskaria egin eta gero ofizialtasuna lortzeko, berezia da orain jokatzea?

Ilusioa beti ematen digu selekzioarekin aritzeak. Horretan ez da ezer aldatu.

Igandekoa ez da partida bat, txapelketa izango baita. Federazioaren estrategia aldaketa bat da horrela antolatzea partida solteak antolatu beharrean?

Federaziokoei galdetu beharko, baina politagoa da txapelketa izaerarekin jokatzea. Aukera izango dugu bi selekzioren aurka jokatzeko. Pena da Nigeria ez etortzea eta hiruko txapelketa izatea azkenean. Pausoa den ez dakit; horrela tokatu da, eta horrela jokatuko dugu.

Zuk zeuk esan duzu jokalari batzuk ezingo direla selekzioarekin aritu etzi. Behin jokatuko eta...

Pena da, bai. Espainiarekin partida dute batzuek; beste hainbatek entrenamenduak dituzte hango 23 urtez azpiko taldearekin; min hartuta daudenak ere badira. Azkenean, kosta egiten zaigu selekzioa osatzea, ez direlako jokalari asko. 18ko taldea osatzeko 27ko multzotik hautatu behar izan ditugu. Bigarren Mailakoak ezin izan ditugu ekarri, jardunaldia dutelako, eta Alaves eta Osasuna igoera jokatzen ari dira, gainera. Mugatuta gaude, baina horrela da. Hala ere, polita izango da elkartuko garenontzat.

Nolako selekzioa ikusiko dugu igandean?

Ona izatea espero dut, betiko moduan. Ez dakigu aurkariak nola ariko diren, baina gureak onak dira. Pentsamenduan beti izaten ditugu etorri ezin direnak, baina haiek ez daude, eta beste batzuk etorriko dira, sekulako ilusioarekin, gainera. Horiekin jokatuko dugu.

Noiz elkartuko duzue taldea?

Bihar arratsaldean [gaur], Lezaman. Entrenamendua egingo dugu bertan, eta larunbat goizean ere beste horrenbeste egitekoak gara.

Gustura asko hartuko zenuke aste oso bat jokalariekin entrenatzeko, ezta?

Bai, noski. Polita da denok elkartzea, eta zenbat eta egun gehiago izan, hobe.

Bi entrenamendu ez da ezer gauzak ondo lantzeko, eta zer prestatuko duzue?

Taldeari erraztasunak eman behar zaizkio horrelakoetan. Ez daukagu astirik gauzak sakon lantzeko. Helburua izango da jokalariak eroso egotea, haien arteko dinamika sortzea jokoan, baloiarekin haien arteko erlazioa eratzea. Oso gauza gutxi. Ostiralean egingo dugu hori, eta larunbatean, geldikako jokaldiak landuko ditugu; ez da nahikoa paperean edo arbelean erakustea: zelaian landu behar izaten dira. Gure kasuan, nola ezin den asko landu, jokalariek askatasun handiagoa izango dute jokatzeko, ezin dugulako gauza zehatzik landu. Ez diegu burua nahastuko agindu askorekin. Hala ere, jokoaren gainetik, ilusioa da gure indarra.

Argentina eta Venezuela dituzue aurkariak. Zer dakizu bi selekzio horietaz?

Oso gutxi. Informazio pixka bat badugu, eta badituzte jokalariak Espainiako Lehen Mailako taldeetan ari direnak. Baina nola ez dugun asko entrenatuko, ezin dugu aurkarien inguruko informazioa ematen ibili denbora guztian. Jokalariei ezin diegu burua bete bi selekzio horien informazio askorekin. Gure jokoan eta lanean oinarritu behar dugu; ez dago besterik. Praktikoak izan behar dugu, beste aukerarik ez dugulako. Gurea ahalik eta ondoen prestatuko dugu, eta horrekin aterako gara jokatzera. Gainera, aurkariak nolakoak diren jakitea ez da funtsezkoa niretzat; pare bat gauzarekin, nahikoa dugu.

Nola lortu duzu bi aurkarien informazioa?

Jokatzen ikusi ditut bideoetan. Klub guztiek daukate plataforma bat, ordainpekoa, telebistan botatzen dituzten partida guztiekin, eta Athleticen eta Realaren bidez aukera daukagu informazio hori lortzeko.

Txapelketa eta gero, zer?

Ez dakit ezer oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.