Zelaiko lanak amaituta, bulegoetako lanetan murgildu dira Lehen Mailako lau euskal taldeak. Alavesek, hain zuzen, kontratua berritu dio bulegoko lan horiek egiten dituenari, Sergio Fernandezi. Hiru urterako egin dute: 2029 arte. Fernandez 2016-2017ko denboraldian iritsi zen Gasteizera, taldea Lehen Mailara igo berri zela. Beraz, 11. denboraldia egingo du lan horretan, bat ez beste guztiak Lehen Mailan. Fernandezek denboraldiaren balantzea egin du, eta, hasteko, bere kontratu luzapenaz mintzatu da: «Eskerrak ematea besterik ez dut, klubak nigan erakutsi duen konfiantzarengatik. Proiektu honen, hau da, Alavesen parte izatea harro egoteko modukoa da».
Sasoiaren inguruan hauxe esan du: «Pozik gaude, eta uste dugu agindutakoa bete dugula. Zailtasunak zailtasun, bete egin dugu beste denboraldi batez Lehen Mailan segitzeko helburua. Hiru jardunaldi baino ez gara egon jaitsiera postuetan. Askok normaltzat joko dute guk gorenean segitzea, baina ez da horrela. Gero eta zailagoa da, eta, hori dela-eta, balio handia ematen diogu. Ezin dugu iparra galdu».
Kirol zuzendariak mezu argia eman du: «Jokalari multzo sendo bat daukagu, eta maila onean aritu da. Hori izango da oinarria, uste osoa baitugu haiengan. Baina lehiaketak berak hobetzea eskatzen digu egunero, eta postu guztietan izango dira fitxaketak». Are gehiago kontuan hartuta Quique Sanchez Floresek jokatzeko marrazkia aldatu nahi duela, eta 4-4-2koaren alde egingo duela. «Erosoago lan egiten du eskema horrekin».Â
Jokalarien etorkizunaren inguruan ere mintzatu da. Jon Guridiri eta Carlos Protesoniri ekainaren 30ean amaituko zaie kontratua. «Jarraitzea nahi dugu. Baina argi dugu, onerako edo txarrerako, Alavesen egon nahi dutenak daudela hemen. Eskaintza bat egin diegu, eta erantzuteko astebete eman. Haien esku dago erabakia». Raul Fernandez atezainak, berriz, ezusterik ezean ez du jarraituko, klubak beste talde batzuei utzitako bi atezainetako baten alde egingo baitu: Jesus Owonoren edo Adrian Rodriguezen alde. «Asko diogu eskertzeko Rauli, oso profesionala baita».
Toni Martinez izan da denboraldiko jokalaririk onena. Aurrelariak hamalau gol sartu ditu, eta hainbat kluben arreta piztu: «Badakigu nolako denboraldia egin duen, baina oraingoz ez dugu eskaintzarik jaso. Jarraitzea nahiko genuke, eta halaxe egingo du baldin eta ez badago ezohiko eskaintzarik». Bi jokalari egon dira utzita taldean: Koski eta Diabate. «bagenekien Koskik zer maila zuen, eta bagenekien erakutsiko zuela. Espero dugu jarraitzea. Diabaterekin ere gustura gaude. Baina tentuz heldu behar diogu haren etorkizunari. Hura erosteko aukera dugu ekainaren 30 arte, eta aukera guztiak aztertu ondoren hartuko dugu erabakia».