ATHLETIC 0-1 REALA

Sevillatik oso gertu dago Donostia

Realak Athletici irabazi dio San Mamesen, eta urrats handia egin du Espainiako Kopako finala jokatzeko. Txuri-urdinek aukera argiagoak izan dituzte, eta horietako bat baliatu du Turrientesek. Martxoaren 4an jokatuko dute finalerdietako itzulikoa, Anoetan.

Athletic-Reala. ARITZ LOIOLA / FOKU
Realeko jokalariak, garaipena ospatzen, partida amaieran. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko otsailaren 11
23:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Antzeko distantzia dago Bilbotik eta Donostiatik Sevillara (Espainia): bederatziehun kilometro pasatxo. Hiru astez, ordea, sentipenei dagokienez, askoz gertuago egongo da Sevilla Donostiatik Bilbotik baino. Realak 0-1 irabazi dio gaur Athletici San Mamesen, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan, eta, horri esker, aurrerapausoa eman du finala jokatzeko. Hiru aste barru biribildu nahi du atzo hasitakoa, martxoaren 4an, Anoetan, itzulikoan. Athleticek, ordea, irauli egin nahi du kanporaketa.

Espainiako Ligan San Mamesen elkarren aurka aritu eta hamar egun eskasera jokatu dute berriro Athleticek eta Realak Bilbon. Ligako neurketa horretan txuri-urdinak zuri-gorriak baino gehiago izan ziren minutu askotan, baina epaileak Brais Mendez kanporatzeak lehia irauli zuen, eta etxekoek ondo aprobetxatu zuten garaiz suspertzeko. Gaur, Reala berriro gailendu zaio Athletici partidaren osotasuna kontuan hartuta, baina, oraingoan, gai izan da nagusitasun hori emaitzan islatzeko, eta garaipenak ez dio ihes egin.

Txuri-urdinak ondo aritu dira zelaiaren eremu guztietan: defentsan, sendo jardun dira; eta zelai erdian, zentzuz. Pellegrino Matarazzok partidaren bezperan jokalariei eskatu zien «esku frenoa jarri gabe» jardutea, eta horixe egin dute San Mamesen: esku frenoa kendu, aurrera egin, eta Athletic mendean hartu. Realeko entrenatzaileak askotan aipatzen duen olatuaren gainean dabil oraindik ere talde txuri-urdina: ez du galdu Matarazzo iritsi denetik, eta azken bederatzi partidetatik sei irabazi ditu, eta hiru berdindu. Ikusgarria da nola itxuraldatu den taldea harekin.

Itxuraldaketa aipatuta, bazirudien Athletic zertxobait itxuraldatu egin zela azkenaldian: bost hilabeteren ostean, bi partida irabazi zituen jarraian. Baina hobekuntza txiki horren arrastorik ez da egon gaur, eta ezinean aritu da berriro. Oraingoan ez da egon azken orduko susperraldirik. 

Beste lehiaketa batean aritzeko aldaketak egin dituzte Ernesto Valverdek zein Matarazzok hamaikakoan. Valverdek egin ditu gehien, sei: Padilla, Lekue, Monreal, Laporte, Iñaki Williams eta Robert Navarro aritu dira Unai Simonen, Aresoren, Paredesen, Yuriren, Berenguerren eta Nico Williamsen ordez. Matarazzok, ordea, ia ez du egin aldaketarik, bi baino ez: Caleta-Car eta Turrientes Zubeldiaren eta Sucicen ordez.

Espero bezala, Athleticek gogotsu ekin dio lehiari, eta baloiaren jabe egin da. Realak lanak izan ditu aurrera egiteko lehen minutuetan, baina txuri-urdinen lasaitasunerako, baloiarekin argitasuna falta zitzaien zuri-gorriei, eta ez ziren gai arriskua sortzeko. Matarazzok eskatutakoa egin dute bisitariek: dueluetan oldarkor aritu, eta, baloiarekin eta baloirik gabe, berriz, lasai. Hala, patxadaz jokatuz kendu diote baloia Athletici.

Lehen aukera, nolanahi ere, etxekoena izan da, 21. minutuan. Lekuek eskuinetik erdiratu du, eta Guruzetak buruz errematatu du, baina Remiro atearen erdian zegoen kokatuta, eta baloia gelditu du. Remiro ondo aritu bada, are hobeto aritu da Padilla bost minutu geroago. Reala bizi atera da kontraerasora, Pablo Marin bakarrik geratu da Athleticen atezainaren aurrean, baina Padillak geldiketa bikaina egin dio. Gauza bera egin du handik gutxira, Jon Martinek buruz egindako erremate batean. Gero eta arrisku gehiago sortzen ari ziren txuri-urdinak.

Jokaldi eztabaidagarria

43. minutuan jokaldi eztabaidagarria izan da. Sergio Gomezek ezkerretik erdiratu du baloia, Caleta-Carrek buruz errematatu du aterantz, eta baloiak Laporteren eskua jo du. Epaileak ez du ezer adierazi, eta ez du jokaldia telebistan ikusi nahi izan. Erabakiak Realeko jokalariak eta Matarazzo haserrarazi ditu. 

Realak ziztu bizian ekin dio bigarren zatiari, eta lehen jokaldian bitan egon da gola sartzekotan: lehenbizi, Padillak geldiketa bikaina egin dio Oiartzabali, eta, jarraian, Marinek zutoinera errematatu du. Nagusi ziren txuri-urdinak, eta egoera irauli nahian, Valverdek lau aldaketa egin ditu kolpe batez, 56. minutuan: Selton, Ruiz de Galarreta, Nico Williams eta Nico Serrano zelairatu ditu Regoren, Unai Gomezen, Navarroren eta Iñaki Williamsen ordez.

Aldaketek, ordea, ezer gutxi aldatu dute, eta hori aski ez, eta handik gutxira gola sartu du Realak, 62. minutuan. Solerrek pase zehatza eman dio Guedesi, hark Turrientesi, eta azken horrek ez du huts egin. Golak min egin die etxekoei, baina gai izan dira suspertzeko, eta Nico Williamsek bi aukera izan ditu. Baina ez du asmatu. Aldaketek erritmoa eten dute, eta ez da aukera gehiago egon.

Partida amaieran, pozarren ospatu dute bisitariek garaipena. Etxekoek, ordea, burumakur bukatu dute. Athletic eta Reala ligan ariko dira buru-belarri hiru astez. Bati zein besteari, ordea, saihetsezina egingo zaio Koparekin ez gogoratzea, handia baita horretan jaso dezaketen saria. 

ATHLETIC-REALA
Athletic. Padilla; Lekue, Monreal, Laporte, Adama; Rego (Ruiz de Galarreta, 56. min.), Jauregizar (Vesga, 82. min.); Iñaki Williams (Nico Williams, 56. min.), Unai Gomez (Selton, 56. min.), Navarro (Nico Serrano, 56. min.); eta Guruzeta.
Reala. Remiro; Aramburu (Aritz Elustondo, 74. min.), Jon Martin, Caleta-Car, Sergio Gomez; Turrientes (Oskarsson, 74. min.), Gorrotxategi; Guedes, Soler (Herrera, 85. min.), Marin (Odriozola, 85. min.); eta Oiartzabal.
Golak. 0-1: Turrientesek (62. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.