Athletic-Reala lehiak %32,9ko ikusle kuota izan zuen gaztelaniaz, eta %13,5ekoa euskaraz

EAEn 108.000 herritarrek ikusi zuten Espainiako Kopako finalerdia ETB1en, eta 262.000 ikus-entzulek aukeratu zuten La1 kateko emanaldia.

Beñat Turrientes Realeko jokalaria baloiarekin, atzo, Athletic-Reala Espainiako Kopako finalerdian, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Beñat Turrientes Realeko jokalaria baloiarekin, atzo, Athletic-Reala Espainiako Kopako finalerdian, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2026ko otsailaren 12a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak 0-1 garaitu zuen atzo Athletic Bilbon, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan, eta San Mames zelaian 51.000 lagun baino gehiago elkartu ziren. Telebistaz, berriz, milaka herritarrek ikusi zuten futbol partida hori. ETB1 kateko emanaldiak %13,5eko ikusle kuota bereganatu zuen EAEn (108.000 ikus-entzule), eta Espainiako TVEko lehen katearen emanaldiak, berriz, %32,9ko ikusle kuota (262.000 ikus-entzule). EAEko euskaldunen artean, partidaren ETB1eko emanaldiak %23,9ko ikusle kuota bereganatu zuen.

ETBk saio bereziak prestatu zituen partidaren aurretik eta ondoren emateko. Hala, ETB2 katean arratsaldean egin zuten saio bereziak %7,2ko ikusle kuota izan zuen. Partidaren aurretik ETB1en Amane Ibañezek eta Jon Balentziagak gidatu zuten Koparen bila bereziak %8ko ikusle kuota lortu zuen. Partida amaitu ostean, analisiaren tartea iritsi zen, eta bi taldeetako entrenatzaileen eta jokalari batzuen hitzak entzun ahal izan ziren ETB1en. Emanaldi horrek %7,2ko ikusle kuota lortu zuen. ETB1ek, egun osoan, %4,7ko ikusle kuota bereganatu zuen ―otsaileko batezbestekoa orain arte %2,3 da―. Orotara, Hego Euskal Herrian 509.000 herritarrek egin zuten bat uneren batean ETBk partidaren bueltan osatu zuen programazio bereziarekin.

Martxoaren 4an Donostian jokatuko dute itzulerako partida Realak eta Athleticek, eta hori ere euskaraz zein gaztelaniaz ikusi ahalko da, ETB1en eta La1n.

Finalaren data ez dute zehaztu oraindik, baina apirileko hirugarren asteburuan izango da ia ziur, apirilaren 18an edo 19an. Sevillan (Espainia) jokatuko dute, eta hori ere ETBk emango du zuzenean. 

Espainiako Kopako beste finalerdia Atletico Madrilek eta Bartzelonak jokatuko dute. Joaneko lehia gaur gauean izango da, eta La1 kateak eta RTVE Play plataformak emango dute, 21:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.