Sua piztu duen aldaketa

Athleticen aulkitik bota dute Gaizka Garitano, eta Marcelinok ordezkatu du. 2022ra arte sinatu du. Eztabaida eragin du erabakiak: bai Garitano botatzeko moduak, baita haren ordezkoaren etorrerak ere. Ferreira eta Goikoetxea jokalari ohiek eta Zarrabeitia kazetariak Garitanoren «lan ona» nabarmendu dute.

Marcelino Garcia Toral Athleticeko entrenatzaile berria, atzo, Lezaman, aurreneko entrenamendua zuzentzen. Atzean, Villalibre, Capa eta Balentziaga. ATHLETIC CLUB.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Bazebilen zarata, eta indartzen ari ziren Gaizka Garitano Athleticeko teknikariaren inguruko zalantzak. Igandean bota zuten, eta Marcelinok 2022ko ekainaren 30era arte sinatu du. Kargugabetzeaz aritu dira Andoni Goikoetxea eta Eba Ferreira klubeko jokalari ohiak eta Beñat Zarrabeitia Hamaika Telebistako kazetaria.

1. Athleticek herenegun jakinarazi zuen Gaizka Garitano botatzeko erabakia. Zer iruditu zaizu?
2. Zer iruditzen zaizu Garitanok Athleticen teknikari moduan egindako lana?
3. Marcelino Garcia Toralek hartu du haren tokia. Zer espero duzu?

Irakurri gehiago: Ekaitzak erdian harrapatu du

BEÑAT ZARRABEITIAHamaika Telebistako kazetaria

«Itsusia izan da Gaizka Garitanoren agurra. Ez zaizkit gustatu moduak»

1. «Moduak nabarmendu behar dira; denboretan eta formetan oso desegokia iruditu zitzaidan. Kontuan hartuta Elxeren aurkako partida erosotasun nahiko handiarekin irabazi zuela, alde batetik ezustekoa izan zen. Baina behin ñabardurak eta bestelako informazioa jakinda, argi dago aldez aurretik hartutako erabakia zela. Esango nuke koktel oso adierazgarria izan dela Athleticen gaur egungo egoera ulertzeko eta klubak pairatzen duen norabide falta hori begi bistan jartzeko».
2. «Garitanok oso egoera konplikatuan hartu zuen kargua, eta ez zuen soilik taldea jaitsiera postuetatik atera; Europan sartzeko zorian ere egon zen. Bi mugarri azpimarra daitezke. Batetik, Kopako finalera heldu izana, eta horrek sekulako meritua dauka; balioa eman behar zaio. Etenaldiaren ostean, beharbada, taldeak zalantza gehiago utzi zituen. Hirugarren kapitulua denboraldi honetan ikusi dugu. Taldea oso irregular ibili da, baina, zenbakiak zenbaki, Europatik lau puntutara dago uneotan, bederatzigarren postuan. Eta jokoaren inguruko eztabaidak alde batera utzita, galdera nagusia hau litzateke: zein da Athleticek, uneotan dituen jokalariekin eta aurkariek duten mailarekin, Lehen Mailan izan dezakeen perspektibarik onena? Itsusia izan da Gaizka Garitanoren agurra. Erabakiak uler daitezke; hau futbola da, baina moldeak oso itsusiak iruditu zaizkit».
3. «Prestigio handiko entrenatzailea da; lan ona egin du iraganean; bere apustua sendotasuna da. Baina arazoak ere izan ditu. Athleticekin ere izan ditu bere liskarrak. Ikusi beharko da. Entzute handiko entrenatzailea da, baina nik asko sinisten dut ekosistemetan: ez da kasualitatea Guardiolak, Simeonek, Valverdek edota Imanolek duten arrakasta hori. Ingurua ulertu behar da; inguruarekin enpatizatu behar da. Ikusiko dugu Marcelinoren lana zein den. Prestigio handia du, eta erronka erraldoia aurretik».

EBA FERREIRAAthleticeko jokalari ohia

«Garitano botatzeko erabakia bidegabea iruditu zait»

1. «Garitano botatzeko erabakia bidegabea iruditu zait; ez dute pazientziarik izan. Kargua hartu zuen denboraldian, taldea salbatu zuen, eta aurten ez dute pazientziarik izan harekin. Bidegabea izan da. Gainera, kontuan izan behar da nola jokatzen ari diren sasoia: ez dago publikorik, eta horrek ere eragina du. Ez da justua izan».
2. «Lezaman, dagoena dago. Urtero ezin dute eman beste urte batzuetan eman duten fruitua; denbora eman behar zaie Morcillori, Vencedorri eta abarri. Esango nuke Garitanok, jokalariak nola ezagutzen zituen ikusita, egin ahal zuen guztia egin duela. Denbora eman behar zaie, bereziki gazteei. Badakigu zein den gure filosofia: gure jokalariak ditugu, eta apurka joan behar da, Garitano ari zen bezala. Asko nabari da Adurizen falta ere; erasoa ukituta geratu da. Garitano, pixkanaka, gazteak ateratzen ari zen. Ez badiegu denbora ematen... Prentsaren alde bat ere behin eta berriro aritu da Garitano botatzeko gaia ateratzen».
3. «Athletic larrutu zuen entrenatzaile bat jartzea, ba... Lehen kolpean ez zait gustatzen. Teknikari ugari daude behintzat Athleticen inguruan ezer txarrik esan ez dutenak. Nahasita egotea espero dut, eta taldeari gora tira egitea. Baina, oraingoz, ez zait entrenatzailea gustatzen».

ANDONI GOIKOETXEAAthleticeko jokalari ohia

«Garitanok Athleticen utzitako zerbitzu orria oso ona izan da»

1. «Athleticek hartutako erabakia da. Argi dago Gaizka Garitanok duen zerbitzu orria oso ona izan dela. Berizzoren ordez hartu zuen kargua, taldea beheranzko joeran zenean; hartu, salbatu, eta hobetu egin zuen. Aspalditik hutsik dago San Mames; uste dut horrek kalte handia egin diola Athletici. Eta hori gabe, denbora da sareetan Garitanoren inguruko kronika negatibo bat zegoela. Azkenean, kargugabetzea erabaki dute. Zuzendaritzako batek esan zuen honek gero eta antza handiagoa duela Valentziarekin, ezegonkortasuna aditzera emanez».
2. «Gaizkak egindakoaren balorazio oso ona egiten dut; lan handia egin duela uste dut. Emaitzei eta zenbakiei soilik begiratzen badiegu, bati baino gehiagori gustatuko litzaioke horrelakoak izatea. Baina beste zerbait jarri da aurretik, kalte egin dioten irizpideak, hain zuzen. Kasu askotan, pisuzkoak, baina ezin da ukatu oso baldintzatua izan dela».
3. «Munduko zorterik onena opa diot Marcelinori, eta arrakasta izan dezala. Babesa emango diogu Athleticek bere helburu guztiak lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.