Geronimo Rulli. Realeko atezaina

«Sufritu dut, baina gozatuz ari naiz orain»

Donostiara heldu zenetik, oraingoa du bolada onena, hiru partida jarraian egin ditu-eta golik hartu gabe. «Zoriontsu» da Realean, eta urte luzez hala jarraitu nahiko luke.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2016ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Reala bera bezala, Geronimo Rulli ere (La Plata, Argentina, 1992) denboraldiko onenean da. Iragan sasoiaren hasieran Donostiara heldu zenetik, oraintxe du boladarik onena: hiru partida jarraian golik hartu gabe. «Meritua talde osoarena da». Sufritu, «asko» sufritu duela aitortu du, ohiko mailatik «urrun» aritu delako orain arte. Baina azken partidetan gozatzen ari da. Lau partida segidan irabazi ondotik taldea konfiantzaz gainezka dagoela esan du. Bolada onari eutsi nahi dio. «Lehen ez ginen hain txarrak, eta orain ez hain onak ere ez».

Irribarre asko ikusi da aste honetan Zubietan. Kontuak ederki aldatu dira.

Halakoa da futbola. Eta, zorionez, orain askoz hobeto gaude, bai. Denboraldia hasiz geroztik, tentsioa eta urduritasuna nagusi izan dira. Bagenekien kalitate handiko taldea genuela, baina ez genuen emaitzarik ikusten. Eta ematen du azkenean lortzen ari garela merezi genuena. Eguneroko lanean gozatzen ari gara. Gogor lan egiten dugu, baina, aldi berean, broma asko izaten ditugu. Seinale ona da hori.

Jokin Aperribai presidentea ere izan duzue bisitan Zubietan. Zer esan zizuen?

Ez nuen berarekin hitz egin, baina gu zoriontzera etorri zen, derbia irabazi genuelako eta lanean ongi ari garelako. Athletici San Mamesen irabazteak sekulako indarra eman digu. Lehendik ere konfiantzaz geunden, baina derbian gu nagusitu izana oso garrantzitsua izan da. Ikusi dugu talde ona garela. Denbora gutxi daramat Realean, baina jabetu naiz derbiek zer-nolako garrantzia duten. Oso pozik geratu ginen hiru puntuak eskuratuta.

Ez zen partida ikusgarria izan. Trabatua bai, ordea. Zuk ere hiru minutu galdu zenituen, lurrean botata, 0-1 aurretik zinetela.

Merezita irabazi genuen. Ez dugu inolako zalantzarik. Ni lurrean botata egon nintzen min hartu nuelako Adurizen kontra jokaldi batean, ez beste ezergatik. Egia da ofizioa atera genuela, baina talde guztiek egiten dute hori. Tentsio handia egon zen zelaian, baina Athletic baino gehiago izan ginen. Haien joko sistema ezerezean uztea lortu genuen, eta gure aukerak ederki baliatu genituen. Ez dago azalpen gehiagorik.

Bistan da Realak hobera egin duela Eusebio Sacristan etorri zenetik. Behar zenuten entrenatzaile aldaketa bat?

Ez dakit hainbeste, baina ikusten da Eusebiorekin kontuak ondo doazela. Gutxi ezagutu arren, entrenatzaile bikaina iruditzen zait. Lehen egunetik garbi utzi digu talde ona garela, dohain handiak ditugula, eta gu motibatzen lan handia egin du. Beti prest dago aurrez aurre hitz egiteko, gure arazoak eta kezkak kontatzen dizkiogu, eta familia moduko bat gara. David Moyesekin distantzia handiagoa zegoen entrenatzailearen eta jokalarion artean. Eusebiok badaki zer den jokalaria izatea, eta oso gustura gaude. Gainera, haren jokatzeko era egokia iruditzen zait Realerako.

Halere, Eusebiorekin ere izan dituzue partida txarrak. Zer gertatu zen Gijonen 5-1 galtzeko?

Denboraldiko partidarik txarrena izan zen. Galduta egon ginen. Ematen zuen behetik gora gentozela, baina kolpe latza jaso genuen. Hori bai, epe luzera mesede egin digu. Partida haren amaieran, tentsio handia egon zen taldekideon artean. Une zailak izan ziren. Kapitainek aginte makila hartu zuten, eta denon artean hitz egin genuen. Erantzukizuna hartu genuen, eta esan genuen zulo horretatik atera beharra genuela. Gure zaleek ez zutela halakorik merezi. Noski, esatea erraza da, eta egitea zaila. Baina gau hartan esandako dena praktikan jartzen ari gara. Lau garaipen jarraian lortu ditugu, eta gehiago nahi dugu orain.

Europa hitza aipatzen duzue taldekideon artean?

Hori kazetarien kontua da. Prentsan Europa hitza askotan irakurri dut asteon, baina ez diogu horri begiratzen. Ez zaigu komeni. Sailkatuko bagina, bikaina litzateke, baina ezin gara itsutu. Malagaren aurkako partidan soilik dugu burua.

Eta zer-nolako partida espero duzu Malagaren aurka?

Uste dut derbia irabaztea baino zailagoa izango dela Malaga garaitzea. Haiek ere gora egin dute nabarmen, guk bezala, eta aurreko asteko partida ikusi nuen. Real Madrilen aurka berdindu egin zuten, baina irabazteko aukerak ere izan zituzten. Talde sendoa osatzen dute, eta gure onena eman beharko dugu.

Jokalari garrantzitsuak faltako dituzue. Baduzue kezkarik?

Kezkarik ez. Ziur nago ordezkoek euren onena emango dutela. Esaterako, Oiartzabalek izugarri harritu nau azken hilabetean. Banekien jokalari ona zela, baina latz jokatzen ari da. Beraz, haren ekarpena eta besteena baliatu behar ditugu hiru puntuak lortzeko.

Zure beharra ere izango du taldeak. Sasoi onean zara, ezta?

Aspaldiko onenean nago. Udan zurrumurru asko egon zen nire etorkizunaren inguruan, eta azken unera arte ez nekien segituko nuen edo ez. Sufritu egin nuen, eta ordaindu egin nuen gero. Halere, gozatzen ari naiz orain; askoz hobeto nago.

Eta Realean jarraituko duzu sasoia amaitutakoan?

Hala nahi nuke. Askotan esan dut inbertsio funtsetik atera eta klub baten partaide izan nahi dudala. Reala talde egokia da. Uste dut negoziazioak aurreratuta daudela, baina ez dakit ezer gehiago. Nik denei esan diet zein den nire nahia. Zoriontsu naiz Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.