AMAIA ALDAI.

Sumendiari ura botatzen ikasi du

Dimako pilotariak nagusitasunez irabazi du Emakume Master Cupeko Lau eta Erdiko txapela. Hirugarrena du jarraian.

AMAIA ALDAI.
Amaia Aldai, txapelarekin, gaur eguerdian, Zornotzako Karmengo Ama Ikastetxean. Han ari da praktikak egiten. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko abenduaren 18a
16:45
Entzun

Amaia Aldai (Dima, Bizkaia, 2000) Durangoko (Bizkaia) Ezkurdi frontoiko harmailara joan zen atzo, hirugarrenez jarraian Emakume Master Cupeko Lau eta Erdiko txapela irabazi bezain laster. Aita besarkatu zuen lehenbizi, eta ama jarraian. Barru-barrutik atera zitzaion. «Haiek beti daude nire ondoan. Haiek sufritzen dituzte nire umore aldaketak eta haserrealdiak. Azkena, bezperakoa, Enararen aurka [Gaminde] galdutako finalak eragindakoa. Jota nengoen, eta haiek animatu eta lasaitu ninduten. Izugarri hunkitu nintzen txapela irabazi eta haien aurpegian harrotasuna eta poza ikusita», azaldu du txapeldun izan ondorengo egunean.

Aitortu du: odol berokoa da. «Jenio handikoa naiz, eta urte askoan ez dut kirolean etsipena kudeatzen jakin. Ez nuen gozatzen, ezta irabazten nuenean ere. Beti nengoen haserre». Laguntza eskatu zuen. «Psikologoarengana joan nintzen, eta, harekin egindako lanari esker, hobeto kudeatzen dut orain etsipena. Seguru nago: final hau duela urte batzuk jokatu izan banu, nahiz eta irabazi, ez nuen gozatuko. Orain, ordea, izugarri gozatu dut». Sumendiari ura botatzen ikasi du. 

Gurasoekin oso eskertuta dago, baita botileroarekin ere: Mikel Atutxarekin. «Mesede handia egiten du ondoan duzun pertsona keinu batekin zu lasaitzeko gai izateak. Bete-betean asmatu dut Mikelekin. Lehen, nire prestatzaile fisikoa baino ez zen, baina, orain, harreman estuagoa dugu. Nire koinatua da. Konplizitate handia dugu».

«Seguru nago: final hau duela urte batzuk jokatu izan banu, nahiz eta irabazi, ez nuen gozatuko. Orain, ordea, izugarri gozatu dut».

«Sakearekin asmatzen badut, eta aurrean zuloak sortzen baditut, nirea da finalaren erdia», esan zuen aurkezpenean. Esan, eta gertatu. «Nik oso argi nuen zer egin behar nuen: sakearekin min egin, arin eta oldarkor aritu, eta errematatzeko aukera nuenean aprobetxatu, eta tantoa amaitu. Goiurik [Zabaleta] ere argi zuen nola egin min niri: dejadak botatzen. Baina, nire ustez, presioak gain hartu zion. Nik bi pilota bakarrik galdu nituen, eta berak, hamar bat. Hor egon zen aldea».

Burua hotz

Mesede egin zion ondo hasteak: 5-1. Gerturatu egin zitzaion Zabaleta (7-6), baina berriro erakutsi zuen aurrerapausoa eman duela presioari eusteko garaian. «Jakin nuen berdin jarraitu behar nuela, eta ezin nuela burua galdu. Burua hotz izaten ikasi dut». Nagusitasunez irabazi zuen: 22-13. 

22. tantoa egitean, «pentsamendu asko» etorri zitzaizkion burura. «Amorrua, bezperan horrela jokatu ez nuelako; poza, berriro urtebetez elastiko gorriarekin jokatuko dudalako eta erakutsi dudalako lau eta erdikoan moldatzen naizela ondoen; eta beldurra, ikusteko dagoelako ea gai izango naizen urte osoan erakusteko merezi dudala elastiko hau eramatea. Ospakizuna nolakoa izango zen ere pentsatu nuen. Oso polita izan zen: berezia, hunkigarria eta alaia».

Hiru txapel jarraian irabaztearen zailtasuna azpimarratu du. «Edonork ezin du lortu; oso zaila da hiru urtez jarraian gorenean aritzea. Emakumezkoetan ez du inork lortu, eta gizonezkoetan, oso gutxik. Harro nago. Nabari da lan handia dagoela atzetik, eta ez dela zortez lortutako zerbait. Emakumeok ari gara erakusten gero eta hobeto ari garela».

Horren adibide da frontoia lepo bete izana; jendea sartu ezinik geratu zen. «Zirrara sortu dugu zaleengan emakumezkoen pilotaren alde egiteko. Oso garrantzitsua da. Guk behar dugu bultzada, babes eta berotasun hori». Horren harira, «ilusio handia» piztu dio pilotari gazteak beteranoei lekukoa hartzen ari zaizkiela ikusteak. «Oso harro nago egiten ari diren lanaz. Oso ondo aprobetxatzen ari dira guk irekitako bidea. Haiek zortea izan dute: ez dute pilota utzi behar izan emakumea izateagatik. Baina lasai utziko dut pilotaren etorkizuna haien esku. Ziur haria ez dela etengo».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.