Presioak gaina hartuta, Simone Biles (AEB) emakumezkoen gimnastika artistikoko izarrak erabaki zuen, atzo, ez zuela banakako lehiaketan parte hartuko. Rio 2016an egin bezala, urrea kolkoratzeko faborito nagusia zen. Haren absentzian, AEBetako selekzioko teknikariek Sunisa Leeri erreparatu zioten. Eta 18 urteko gimnastak lehiaketa irabazi du, gaur, Tokioko Ariake Arenan. Lau ariketak (zaldi uztaiduna, barra asimetrikoak, oreka barra eta lurra) egin ondoren, 57.433 puntu pilatu ditu. Rebeca Andrade (Brasil) izan da bigarren, 57.298 puntu lortuta, eta Angelina Melnikova (Errusia) hirugarren, 57.199 puntu batuta. 24 gimnasta lehiatu dira finalean.
Olinpiar txapeldun berria azken ariketan. #BERRIAtokionpic.twitter.com/xwkYoK8JT3
— Ainara Arratibel (@ainaraarratibel) July 29, 2021
Ezin da esan Leek ezustekoa ema duenik. Aintzat hartu behar da joan den ekainean, AEBetako trials-etako egun batean Biles ikurrak baino puntuazio handiagoa lortu zuela. «Uste dut honek konfiantza handia emango didala», adierazi zuen orduan. «Uste dut ez dela berriro gertatuko, baina oso hunkituta nago», gehitu zuen.
Baina gertatu da, eta urrea irabazi du. Bere palmaresa gizentzen hasi da Lee: 2019an, Munduko Txapelketan, urrea irabazi zuen taldekakoan, brontzea barra asimetrikoetan, eta zilarrezko domina lurreko proban.
Eta, hain zuzen, lurreko proban erabaki da gaurko finala. Historian arrastoa uztear egon da Andrade brasildarra, baina lurreko ariketan, jauzi bat bukatu eta gero, pistatik atera da, eta epaileek zigortu egin dute. Orekatuagoa izan da, ordea, Leek ariketa horretan egindako lana.
Rebeca Andrade, gaurko finalean. EFE
Azkeneko bost Olinpiar Jokoetan estatubatuarrak izan dira garaile emakumezkoen banakakoan: Lee (2020), Biles (2016), Gabby Douglas (2012), Nastia Liukin (2008) eta Carly Patterson (2004). Sydney 2000n Simona Amanarrek (Errumania) irabazi zuen.
Ariketen finalak
Ariketen finalak abuztuaren 1ean, 2an eta 3an jokatuko dira. Oraindik ez dago argi Biles lehiatuko den ala ez. Rio 2016an Bilesek urrea lortu zuen jauzi zaldian eta lurrean, eta brontzea oreka barran.