Futbola

Sustraien deiari erantzun dio Jorge Agirrek

Kubakoa du ama Jorge Agirre de Cespedes futbolari lesakarrak, eta hango selekzioaren elastikoa jantziko du hemendik aurrera. Gaur jokatuko du estreinakoz, Antigua eta Barbudan. Munduko Koparako sailkatzen lagundu nahi dio Kubari. «Posible dela uste dut».

Jorge Agirre de Cespedes. BERRIA
Jorge Agirre de Cespedes futbolari lesakarra, Gil Vicente Portugalgo taldearekin jokatutako partida batean. BERRIA
enaut agirrebengoa
2025eko ekainaren 6a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Kuban iraultza txiki bat eragiteko ilusioz da Jorge Agirre de Cespedes (Lesaka, Nafarroa, 2000). Kubako futbol selekzioak Munduko Kopa bakarra jokatu du orain arte, 1938an Frantzian jokatu zena, eta 2026ko txapelketan sartzeko borroka betean da orain. Bada, bere alea jartzeko prest dago Agirre. Lesakarra da sortzez, baina kubatarra du ama. Eta herritartasun bikoitza eskuratu eta gero, Karibeko lehoien parte izango da aurrerantzean. Antigua eta Barbudaren zelaian ariko da Kuba gaur (21:00), Munduko Kopako sailkatze faseari dagokion partidan, eta estreinako lehia izango da aurrelari nafarrarentzat. «Entrenatzaileak eta jokalariek esperantza anitz dituzte nigan, eta itxura du titular gisa ariko naizela».

Futbola guztiz globalizaturik dagoen honetan, Agirreri Portugalen sortu zitzaion Kubarekin jokatzeko aukera. Lehen Mailako Gil Vicente taldean dabil gaur egun, eta zer pentsatu eman zion Karel Perez taldekide kubatarrak eginiko galderak: «Kubarekin jokatzea ez duzu inoiz pentsatu?». «Ezetz erantzun nion nik. Ordura arte, sekula ez zitzaidan bururatu. Berak selekzioaren testuingurua azaldu zidan. Nola Munduko Kopan sartzeko ahaleginean zebilen. Aukera ederra iruditu zitzaidan». Horretarako, ordea, kubatar bihurtu beharra zuen. «Ez da erraza izan. Paper pila bat aurkeztu behar izan dut Espainiak Kuban duen enbaxadan: amaren eta aitona-amonen jaiotza agiriak eta abar. Kubako Futbol Federazioak prozesua azkartzen lagundu dit, eta eskerrak».  

Umetatik «lotura handia» izan du Kubarekin, eta «ohore handia» omen da amaren sorterria ordezkatzea. «Familiakoak ilusioz gainezka daude Kubarekin jokatu behar dudalako; ez zuten inolaz ere espero. Hautu hau, hein batean, haiengatik egin dut». Senitartekoek ez dute bertatik bertara ikusiko, telebistaz baizik, duela urte eta erdi Europara etorri baitziren denak, amona barne. «Ni hiruzpalau aldiz izan naiz Kuban, baina ez dakit anitz nolakoa den hango bizimodua. Segur aski familiakoak ez zeuden nahi bezain ongi, eta horregatik erabakiko zuten irtetea». Kubatarren izaerari dagokionez, «umilak» eta «alaiak» direla nabarmendu du, eta horren erakusle izan omen da selekzioan egin dioten harrera. «Hasiera-hasieratik taldearen parte naizela sentiarazi didate. Hagitz kontent nago».

Herrialdeko egoera sozialaz ez ezik, bertako futbolaz ere ez zuen jakintza handirik. Harik eta Kubarekin jokatzeko aukera suertatu zitzaion arte. «Entzuna nuen selekzioak Urrezko Kopa eta Karibeko Kopa jokatzen dituela, baina inoiz ez dut aparteko jakin-minik eduki. Ordea, azkenaldian arreta handiagoa paratu dut inguru hartako futbolean. Eta harritu egin nau, adibidez, Kariben zenbat selekzio dagoen ikusteak». Joan zen astean elkartu zen aurrenekoz taldekideekin. Lehenik Dominikar Errepublikan entrenatu dute, eta azken saioak Antigua eta Barbudan egin dituzte. Bertan jokatuko dute gaur. «Hagitz ongi antolatutako selekzioa da. Taldekideei dagokienez, batzuek hagitz maila ona dute, eta bertze batzuek ez horren ona. Ea denen artean sailkatze fasean aitzinera egitea lortzen dugun».

CONCACAF Ipar Amerikako, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko Futbol Erakundeen Konfederazioaren barnean dago Kuba. Bertako selekziorik indartsuenak Mexiko, Ameriketako Estatu Batuak eta Kanada dira, eta hain justu, hirurek antolatuko dute datorren urteko Munduko Kopa. Haiek parte hartuko dutela ziurra da, beraz, sailkatzeko aukera gehiago dute gainontzeko selekzioek. «Abantaila handia da hori. Talderik ahaltsuenak ekuaziotik kenduta, gauzak anitz orekatu dira. Nik argi ikusten dut: Kubarentzat aukera errealista da Munduko Kopan sartzea. Posible dela uste dut, bai noski. Sinetsiko ez banu, agian ez nintzen hemen izango».

«Familiakoak ilusioz gainezka daude Kubarekin jokatu behar dudalako. Hautu hau, hein batean, haiengatik egin dut»

JORGE AGIRRE DE CESPEDESKubako futbol selekzioko jokalaria

Haatik, bide nahiko zaila dute aurretik. Sei multzoko fase batean daude orain: A multzoan bost talderen artean hirugarrena da Kuba, eta gutxienez bigarren izan behar du ametsari eutsi nahi badio. Hortaz, ezin du hutsik egin gaur Antigua eta Barbudaren zelaian, ezta asteartean Bermudaren kontra ere, etxean. Aurrera egingo balu, azken fasea jokatuko luke; lau taldeko hiru multzo izango dira, eta multzo bakoitzeko garailea Munduko Koparako sailkatuko da.

Maisu onak Zubietan

Agirrek denboraldi hau izan du aurrenekoa Portugalgo Gil Vicenten, eta pozik dago, taldea oso gorabeheratsu aritu den arren. «Bortz entrenatzaile izan ditugu, baina anitz ikasi dut mentalki». Portugalera iritsi aurretik, maisu onak izan zituen Realaren harrobian: Xabi Alonsoren eta Sergio Franciscoren agindupean aritu zen. Alonsoren inguruan, ez zaio harrigarria iruditu hura Real Madrilera iritsi izana. «Jokalariek garbi ikusten genuen teknikari berezia zela. Alor taktikoa ikaragarri lantzen zuen». Francisco Realaren lehen taldera iritsi izanak, berriz, «ikaragarrizko poza» eragin dio. «Pertsona eta entrenatzaile bikaina da. Talde gazteak kudeatzeko duen gaitasuna nabarmenduko nuke».

Ez Realean, ez Osasunan, Agirrek ezin izan zuen harrobian azken urratsa egin. Alabaina, Gil Vicenten bidea ari da egiten. 2027ra arte du kontratua. Ikusteko dago futbolak zer dakarkion etorkizunean. Kuban arrastoa utzi nahiko luke, baina ez dago urrunera begira. «Ea debut zoriontsua dudan Kubarekin, eta golen bat sartzen dudan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.