Silvia Arderius. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Talde honek beti du dena irabazteko presioa, eta hori gustuko dut»

Sasoi honetan taldeko golegile onena da Arderius. Gustuko du erasoan ardurak hartzea, eta asteburuan haren ekarpena ezinbestekoa izango da, Kastamonuren aurka jokatuko duten EHF kopako kanporaketan.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Asteazkenean liga partida jokatu eta gero, Super Amara Bera Berakapenas izan duen denborarik gaur eta bihar jokatuko duen EHF kopako kanporaketa prestatzeko. Kastamonu Turkiako taldea izango du aurkari, eta Silvia Arderiusek (Madril, 1990) argi du lehia gogorra izango dela. Baina aurrera egiteko aukerarik badutela uste du: «Ohi baino gogorrago eta aurrerago defendatu behar dugu, eta erasoan baloia bizkor mugitu». Erdikoa aurten iritsi da Bera Berara, Aula Valladolidetik. «Gustura eta eroso» dago.

Sasoia gorabeherekin hasi eta gero, azken garaipenek, batez ere Guardesen aurkakoak, konfiantza emango zizuen, ezta?

Bai. Azken garaipena, Santa Eulariaren aurkakoa, oso garrantzitsua izan da. Guardesi irabazi eta gero, funtsezkoa zen bolada onarekin jarraitzea. Partida arriskutsua zen. Askok uste zuten Santa Eularia erraz menderatuko genuela. Baina guk bagenekien kosta egingo zitzaigula. Etxetik kanpoko partidak beti zailak dira. Oraingoan ere hala izan zen, eta une batzuetan zaildu egin zitzaigun. Baina, zorionez, bi puntuak lortu genituen. Behetik gora goaz, eta hori seinale ona da. Ro'casaren aurka galdu genuenetik asko hobetu dugu defentsan, eta, hortik abiatuta, taldea hazten ari da. Erakutsi dugu gai garela egoera zailei aurre egiteko.

Orain, EHF kopari heldu behar diozue. Nolako kanporaketa espero duzue?

Oso gogorra. Oso bidaia luzea egin behar izan dugu, ia atsedenikhartu gabe. Gainera, bi partidak Turkian jokatzeak gehiago zailtzen du kanporaketa, hango giroa oso beroa delako. Baina ilusioz gaude. Txapelketa honetan ligaxkara iritsi nahiko genuke. Horretarako, kanporaketa honetaz gain, beste bat gainditu behar dugu, eta gogoz gaude.

Txapeldunen Ligatik kanporatu duten taldea da Kastamonu. Horrek agerian uzten du bere maila. Zein aukera ikusten dituzue aurrera egiteko?

Maila oso handiko taldea da. Gutxigatik kanporatu zuten Txapeldunen Ligatik. Eskarmentu handiko jokalariak ditu, fisikoki oso garaiak eta indartsuak. Kanpotik oso jaurtitzaile onak dira. Horretan oinarritzen dute beraien erasoko jokoa, eta hori ondo zaindu beharko dugu. Gainera, Europan kontaktu fisiko gehiago baimentzen da, eta horretara ere egokitu behar dugu. Colegio de Gaiaren kontra kosta egin zitzaigun egokitzea, batez ere etxean jokatu genuen partidan. Horregatik, ia galdu egin genuen partida. Lortzen badugu, irabazteko aukera izango dugu.

Nolako jokoa egiteko agindu dizue Montse Puchek?

Ohi baino gogorrago eta aurrerago defendatu behar dugu, kanpotik eroso jaurti ez dezaten. Erasoan, berriz, bizkor ibili behar dugu, eta baloia azkar mugitu. Izan ere, defentsa behar bezala antolatzen badute, duten altuerarekin eta indar fisikoarekin, zaila izango da zuloak, hutsuneak, topatzea.

Erasoan zu zara taldeko golegilerik onena. 30 daramatzazu ligan, eta bederatzi EHF kopan. Pozik zaude ekarpen horrekin?

Bai, oso. Taldearen antzera, behetik gora noa. Uste baino lehenago egokitzen ari naiz taldera, eta taldekideek ere gero eta hobeto ezagutzen naute. Haien eta entrenatzailearen konfiantza dut, eta horrek lasaitasun handia ematen dit erasoan ardurak hartzeko. Gustuko dut, gainera, ardura horiek hartzea.

Partida asko jokatzen ari zarete. Fisikoki nola dago taldea?

Aste honetan, gogorrena bidaiak izan dira. Ligako partida etxetik kanpo jokatu, eta apenas hartu ahal izan genuen atsedenik Turkiara bidaiatu aurretik. Baina taldea fisikoki ondo dago. Min hartuta zeuden hainbat jokalari osatu dira, eta ea denbora luzez min hartuta dauden Monica [Ausas] eta Esther [Arrojeria] ahalik eta azkarrena sendatzen diren. Bueltatzen direnean erabakigarriak izango dira.

Zer moduz sentitzen zara klubean? Eta hirian?

Oso gustura eta eroso. Egokitzapena erraza izan da. Bera Berarekin fitxatzea aurrerapauso bat izan da. Kirol eta egitura mailan ligako talderik onena dela uste dut. Antolakuntza paregabea du. Hiria, berriz, oso polita da. Ikasten ere ari naiz, finka administratzaile titulua lortzeko ikasgai gutxi batzuk falta baitzaizkit. Ingeleseko eskoletara ere joaten naiz.

Aurreko sasoian, azken unean galdu zituen taldeak Liga eta Espainiako Kopa. Presio handiagoa dago denboraldi honetan?

Hemen helburua beti da dena irabaztea, eta hori motibazio bat da. Nik, behintzat, gustuko dut presio hori. Montsek, gainera, lehiatzeko eta irabazteko sen hori helarazten digu. Ni horren bila etorri naiz. Klub honek meritu handia du, urtetik urtera jokalari asko galtzen baititu, baina beti dago lehia horretan. Aurten ere hala izatea espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.