Saskibaloia

Maria Asurmendi: «Klubean ez genuen imajinatzen zuzenean igoko ginenik»

Ardoik liga irabazi du, eta, ia 15 urteren ostean, Nafarroako talde bat Ohorezko Mailan arituko da. Maria Asurmendi sasoi honetan itzuli da etxera, eta loria lortu du, duela hamalau urte Obenasarekin lortu bezala.

Maria Asurmendi, Ardoirekin lortutako igoeraren ospakizuenan. FEB
Maria Asurmendi, Ardoirekin lortutako igoeraren ospakizuenan. FEB
Beñat Mujika Telleria.
2024ko apirilaren 16a
05:00
Entzun

Ia hamabost urte igaro dira Nafarroak goi mailan saskibaloi talde bat izan zuenetik. Ondo bidean, ordea, Ardoik hartuko du Obenasa Nafarroaren lekukoa datorren denboraldian. Liga irabazi dute asteburuan, eta, orain, lan gogorra izango dute bulegoetan. Maria Asurmendi (Iruñea, 1986) zen Obenasaren izarretako bat igoera lortu zutenean, eta, hamalau urte geroago, gauza bera lortu du Ardoirekin.

Zer moduz zaudete igoera lortu berritan?

Zoramena izan da. Astea oso luzea izan zen, urduritasun handikoa. Ez zen erraza horrelako partida bati aurre egitea. Neurketa amaieran, orain arte pilatuta geneuzkan sentipen guztiak askatzeko unea izan zen, eta ezin dut hitzekin deskribatu. Lortutakoaren mailako ospakizuna izan zen.

Nolakoa izan zen azken partida? Eskarmenturik handiena duenaren lana egitea egokitu zitzaizun?

Bai, hori sasoi osoan egokitu zait! (barrez). Sasoian horrelako neurketa asko egokitu zaizkigu, oso garrantzitsuak, eta mentalki kontrol handia eskatzen dutena. Jokalari gazte ugari ditugu taldean, eta ez da erraza horrelako neurketei aurre egitea. Gure inguruan, gehienek egintzat jotzen zuten lorpena, baina guk bagenekien Unicajak ez zeukala ezer galtzeko, eta gogotik egin behar izan genuen lan. Ni daukadan esperientziarekin laguntzen ahalegindu nintzen, eta espero dut lagungarria izango zitzaiela. Baina taldekideen lana izugarria izan zen.

Hala ere, igotzea ez zen Ardoiren helburua, ezta?

Inolaz ere ez. Klubak ligan mantendu nahi zuen, eta, gero, ahalik eta goren sailkatu, kanporaketak jokatu, igoera fasean egoteko. Ez klubak eta ez guk ez genuen imajinatzen zuzenean igoko ginenik.

Ez zen helburua izango, baina igo egin zarete. Zein izan da sekretua?

Gauza asko elkartu dira. Lehenik, ez geneukan inolako presiorik igoera lortzeko. Ongi aritu gara, eta batzuetan horrelakoak gertatzen dira; horren bila ibili gabe ere igoera iristea. Eta, ondoren, taldean esperientzia eta gazteen freskotasuna elkartzea. Jokalari batzuek igoerak lortu izan ditugu, eta horrelako partidak jokatzera ohituta gaudela esan daiteke. Beste batzuek, berriz, gurekin ikasi dute hori zer den. Entrenatzaile taldearen lana ere bikaina izan da, eta Ardoin lortu dugun gizataldea oso gutxitan gertatzen den zerbait da. Askotan errepikatu diet hori taldekideei.

Esperientzia handiko jokalariak eta beste hainbat gazte zarete taldean. Beti aipatu izan duzu gazteenei laguntzeko daukazun bokazioa.

Niretzat luxua da, adinean aurrera noa eta. Urte asko daramatzat saskibaloian, eta gaur egun galdetzen didatenean ea zerk asebetetzen nauen gehien, erantzuna garbia da: jokalari gazteenekin transmisio lanak egiten gozatzen dut gehien; haiek trebatzen, eta haiei laguntzen. Gazte asko izan ditut ondoan aurten, baina beste askorekin aritu naiz azken urteetan. Nire esperientzia transmititzeak eta horrekin laguntzeak asko betetzen nau.

Datorren urteari begira, Ardoirekin Ohorezko Mailan jokatzea da zure asmoa?

Bai, oraintxe bertan oso ondo sentitzen naiz mentalki eta fisikoki, eta oso pozik nago Ardoin. Baina egia da gertatzen ari den guztia pausatu behar dudala. Kantxako lehia irabazi dugu, baina, orain, beste lehia garrantzitsu bat daukagu: bulegoetakoa. Ez bagara jabetzen lortu dugunak zer dakarren, datorren urtean jaitsi egingo gara. Lan handia egin behar da horretan. Hortaz, nora goazen ikusi nahi dut, eta nola lagundu dezakedan. Nik lagundu egin nahi dut. Ez dut talde batean egon nahi nire ametsa delako, baizik eta lagundu dezakedala uste dudalako. Bestela, alde batera egingo dut urratsa. Baina orain, gozatzea egokitzen da; atsedena hartu, eta ideiak ordenatzea.

Zer sentitu duzu Nafarroako talde bat gorengo mailara igo dela ikusita?

Ezin dut hitzez azaldu. Gauzak nola diren ikusita, eta lorpenaren zailtasunaren jakitun, proiektu honen parte izateaz oso harro nago. Nire erkidegoko saskibaloiak hazten jarraitu dezan laguntzen ari naizela sentitzeak asebete nau. Izugarria da. Inoiz bizi dudan gauzarik ederrena da.

«Nire erkidegoko saskibaloiak hazten jarraitu dezan laguntzen ari naizela sentitzeak asebete nau»

Duela hamabi urte desagertu zen Obenasa, eta iaz Basket Nafarroa. Nafarroako saskibaloiaren unerik garratzenetan dastatu duzue gozoa Ardoin.

Hala da. Ekaitzaren ostean argi izpi bat ikustea bezala da. Baina ezin da kasualitatea soilik izan. Orain atzera begiratzeko garaia da, eta ikustekoa zeri utzi diogun ihes egiten. Nafarroak gaitasuna dauka proiektu bat emakumezkoen gorengo mailan sostengatzeko. Orain elkartasuna erakusteko garaia da, kasu honetan emakumezkoen saskibaloiari. Bizi izandakoak ikasteko eta hazteko balio izan behar digu.

Emakumezkoen saskibaloia asko aldatu da Obenasarekin igotzea lortu zenutenetik?

Hamabost urte hauetan aldatu egin dira gauzak. Jokalari garrantzitsuak atera dira, hala nola Anne Senosiain eta Irati Etxarri. Mutilbasket ere lan bikaina egiten ari da… emakumezkoen saskibaloia etengabe ari da hazten. Gaitasun handiko jokalari ugari daude Nafarroan gorengo mailetan, eta hori ez da kasualitatea.

«Nafarroak gaitasuna dauka proiektu bat emakumezkoen gorengo mailan sostengatzeko. Laguntzeko unea da»

Kirol profesionala Play Your Best proiektuarekin uztartu duzu. Jokoaren alor teknikoak jokalari gazteekin lantzen dituzue bertan. Benetan maite duzu saskibaloia, ezta?

Nik argi daukat zorionekoa naizela. Kirola eta saskibaloia nire pasioa dira. Pribilegioa da profesionalki jarraitu ahal izatea, eta ahal dudan bitartean aprobetxatzen jarraitu nahi dut. Jokalari gazteak trebatzeko bokazioa daukat, haiei nire esperientziarekin laguntzekoa. Eta izugarria da hori etxean egitea gorengo mailan jokatzen dudan bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.