Tati Garmendia Bera Berako kirol zuzendariak (Donostia, 1974) atsedenerako tarte gutxi du: datorren denboraldirako jokalari multzoa itxi, Espainiako Koparako prestakuntzak egin Illunben... Lanik ez zaio falta. Gainera, duela zazpi denboralditik egin ez duena egin behar izan du: entrenatzaile bat aukeratu. Izan ere, Imanol Alvarezek Donostiako taldearen aulkia utziko du sasoi amaieran, eta haren laguntzaileak, Jon Begiristainek, zuzenduko du taldea. Aldaketek «beldurra» eman arren, «pozik» dago egindako hautuarekin.
Aste batzuk igaro dira Imanol Alvarezek denboraldi amaieran entrenatzaile kargua utzi, eta haren ordezkoa Jon Begiristain izango dela jakinarazi zenutenetik. Nola aztertu duzu gertatutakoa?
Bagenekien, lehenago edo geroago, Imanolek aulkia utziko zuela. Denbora zeraman utzi nahi zuela esaten, baina hitz eginda genuen hurrengo denboraldian utziko zuela. Azkenean, ordea, aurretik uztea erabaki du. Zazpi denboraldi izan dira, eta gauzak bikain atera dira. Beraz, aldaketak beldur apur bat ematen du. Baina uste dugu Jonek lan bikaina egingo duela.
Noiz konturatu zinen Alvarezek ez zuela erabakia aldatuko eta ez zuela jarraituko?
Askotan saiatu naiz atzera egin zezan, baina goiz batean jokalariei jakinarazi nahi ziela esan zidan, eta orduan konturatu nintzen ez zegoela atzera bueltarik.
Goi mailak eragiten duen presioak eta nekeak eraginik izan al dute haren erabakian?
Bai, noski. Esan bezala, urte asko izan dira, eta Bera Beran beti dago irabazteko presioa. Orain, ematen du urtero hiru lehiaketak irabazi behar ditugula. Baina hori oso-oso zaila da.
Haren asmoa harrobian lan egiten jarraitzea da, eta, ahal bada, Bera Beran. Hala izango da?
Biltzekotan geratu gara, eta guk oso argi dugu: Imanolek klubean jarraitzea nahi dugu. Uste dugu harrobian ere lan bikaina egin dezakeela. Esperientzia handia du, eskubaloiaz asko daki, eta aspalditik ari da harrobiari bultzada bat emateko ideiak pentsatzen eta horren inguruan lan egiten.
«Imanolek [Alvarez] harrobian ere lan bikaina egin dezake. Esperientzia handia du, eskubaloiaz asko daki, eta aspalditik ari da harrobiari bultzada bat emateko ideiak pentsatzen»
Azken urteetan ez da harrobiko jokalaririk finkatu lehen taldean. Alvarezek haiekin lan egiteak hori aldatu dezake?
Argi dago lagundu dezakeela. Are gehiago halako pertsona bat izanda. Guk Gipuzkoako eta, oro har, Euskal Herriko jokalari onenak Bera Beran egotea nahiko genuke. Baina gure harrobiarekin ez da nahikoa. Beti esan izan dut badirela eragina duten beste faktore batzuk: jaiotze tasaren jaitsiera, beste kirol batzuk hartzen ari diren indarra... Gainera, gu saiatu gara egun Ohorezko Mailan jokatzen ari diren hainbat euskal jokalari ekartzen, baina askotariko arrazoiengatik ez dute nahi izan: hemen gutxiago jokatuko zutela uste zutelako, bikotekideak kanpoan zituztelako...
Jon Begiristain izango da taldearen entrenatzailea aurrerantzean. Hasieratik argi zenuten hura izango zela Alvarezen ordezkoa?
Hasiera batean ez nuen ordezkoan pentsatu ere egin, Imanolek jarraitu zezan ahalegindu nintzelako. Baina behin erabakia hartuta, bi entrenatzaile izan nituen buruan: Jon eta klubetik kanpoko teknikari bat. Imanolekin hitz egin nuen. Hark hiru urte daramatza Jonekin lanean, eta nik baino askoz hobeto ezagutzen du. Erronka horri heltzeko prest ikusten zuela esan zidan, eta ez genuen bitan pentsatu. Azkenean ez nuen kanpoko beste entrenatzaile horrekin hitzik ere egin. Pertsonarik egokiena dela uste dugu: ondo ezagutzen du klubaren egunerokoa, balioak...
Nola hartu du zeregin berria?
Ilusio handiz. Izugarri maite du egiten duen lana, eta oso konprometitua da. Klub batek izan behar duen pertsona horietako bat da. Gogoan dut bigarren entrenatzaile izateko fitxatu genuenean zera esan zigula: beretzat ametsa zela Bera Beran entrenatzea.
Zer emango dio taldeari?
Egonkortasuna; izan ere, hiru urte daramatza hemen lanean, eta, esan bezala, ondo ezagutzen du egunerokoa, baita taldean jarraituko duten jokalariak ere. Horrek patxada eta lasaitasuna emango dio multzoari, ezagutzen dutelako. Entrenatzaile ezezagun batek beti eragiten du ziurgabetasuna. Gainera, ziur nago duen ilusio eta gogo hori jokalariei transmitituko diela. Teknikoki eta taktikoki ere bere ñabardurak egingo ditu. Bera Berak aspalditik du jokatzeko modu bat, eta ziur horri segida emango diola.
Zer eskatu diozue Begiristaini? Eta hark zuei?
Oraingoz ez dugu horri buruz askorik hitz egin. Ezusterik ezean, taldea itxita daukagu, eta guk zera eskatuko diogu: klubaren balioei eta filosofiari eusteko. Helburuak ez dira aldatuko.
Eta jokalariek nola hartu dute berria?
Haientzat ere ezustea izan da. Izan ere, haiek ere Imanolek jarraitzea espero zuten. Erabakia hartutakoan berehala esan genien. Argi genuen hala egin behar genuela, denek arreta osoa denboraldi honetan jartzeko, gauza asko baititugu jokoan.
Taldeak aspaldiko boladarik txarrena izan zuen ligan, bost partidatatik lau galduta. Orain, lau partida irabazi ditu jarraian, eta lehen postuan dago. Eman dio buelta bolada txar horri, ezta?
Badugu zer hobetua, baina orain hobeto ikusten ditut. Baina egia da bolada txar horretan zalantzati ikusi nituela, bai erasoan bai defentsan. Batetik, hainbat jokalari garrantzitsu min hartuta izan genituen: Carmen [Arroyo], Elke [Karsten] eta Lucia [Prades]. Hiru jokalariek asko ematen digute, eta hori antzeman egiten da. Bestalde, oso gutxitan galtzen dugu. Ez gaude horretara ohituta, eta hori kudeatzen jakin behar dugu. Izan ere, nahi edo ez, galtzen duzunean zalantzak sortzea normala da. Talde gaztea dugu, eta agian gehiago kostatzen zaigu hori kudeatzea. Baina normala da denboraldi osoan zehar bolada txar bat izatea. Gure inguruko taldeei ere gertatu zaie.
Liga eta Kopa irabaztea posible ikusten duzu?
Zaila izango da, baina horretarako borrokatuko gara. Lehen helburua liga erregularrean lehen postu horri eustea da. Hala, ziurtatuta izango genuke datorren denboraldian Europan jokatzea. Maiatz ingurura bete-betean iritsi behar dugu. Kontuan izan aurten Kopa ohi baino beranduago dela: maiatzean. Ondoren jokatuko dira kanporaketak. Ordurako sasoi betean iritsi behar dugu bai fisikoki, bai mentalki. Izan ere, talde honek, konfiantzaz dagoenean, asko du irabazita.
«Taldea utziko duten jokalariek maila handia duten arren, multzo nagusiak jarraitu egingo du, bizkarrezurrari eutsi egingo diogu. Hori oso garrantzitsua da»
Datorren denboraldirako iragarri duzue Lyndie Tchaptchetek, Nicole Wigginsek, Laura Hernandezek eta Ester Ogonovszkyk ez dutela jarraituko. Aldiz, ziurtzat jotzen da Amandine Balzinc eta Kelly Nnonzie fitxatu dituzuela, eta Marie Louis bueltatuko dela. Zer itxura du taldeak?
Itxura ona du. Egia da segituko ez duten jokalariek maila handia dutela. Baina ziurrenik, duen etorkizunagatik, hutsune handiena Tchaptchetena izango da. Gainontzean, taldearen multzo nagusiak jarraitu egingo du: Maitanek [Etxeberria], Elkek [Karsten], Luciak [Prades], Carmenek [Arroyo], Annek [Erauskin], Somazak [Esther]... Bizkarrezurrari eutsi egingo diogu. Horrek asko lagunduko dio Joni. Gainera, ziur gaude etorriko direnak ondo egokitu direla eta beren ekarpena egingo dutela.